Kafe aleak 105
k&g
 Sendoa Miranda
Nine Horses   -   Bihar eta berandu
Samadhi Sound, 2005
bo



David Sylvian, bere bakarkako Blemish disko handiaren ostean, Nine Horses proiektu bezala datorkigu Snow Borne Sorrow lanagaz. Diskoa martxan ipinteagaz batera, nire sabelak berotzen dira, galletak kafean bustitzen dodazan bitartean. Berotsu dagoz nire tripak eta orain entzunaldiagaz momentu askotaz gogoratzen naz. Errazten badot eta erroetara banoa gure antzinako arbasoekaz gogoratzen naz. Azken glaziazio luzearen ostean leizetan bizi izandako hareekaz. Zeinen trazu finak, irudi ederrak sortu, margoztu leizen barrualdean (kanpoaldean ikusitako mundu sakratu askearen isla) eta ostera be kanpora, argiaren bila. Arkumeak bagara, ar zabal horren (k)umeak bagara,
dana dogu liluratzeko, amesteko... bizitzeko.

Gorputza lasaitu eta gozatu entzutean. Buruari atseden apur bat emon nahian, zuretzako momentu bat hartu erraza ez den mundu izoztu honetan. Beraz, irudimenaren ateak zabaldu eta goazen kanpora eta atzera salto egitera, milaka
urte atzera disko honetako kantuen laguntzagaz.

Kanpoan argi izpi biziz apaindutako lur eder honetan, lan honek emoten deuskun beroa eta ikuspegia sentitu eta zabaldu daikegu. Sugarren gerizpeen arteko mundutik at, dana da argitsuagoa, zabalagoa. Edurra mara-mara ari dau.

Dana zuri-zuri dago. Diskoaren izenburua Edurrak jasandako tristezia-ren edur malutak paisaia kristalizatzen dau. Kristal hotzaren barrualdetik, gure neguko leihotik, garai bero goxo zoroez gogoratzen gara. Eta orain bagoaz..... bagoaz... galapan disko edurtu honetan barna, gure negu ezkutuan, norberaren negu ostenduan sakonduz.
Bederatzi gara. Bederatzi zaldi-kantu dotore. Kolorez, tamainaz, itxuraz ezberdinak. Hori da disko bezala aberasten gaituena. Bederatzi baina bat, osoa, biribila. Kantu-zaldi bakoitzak irudi, gertaera, sentipen, egoera desberdinekaz liluratuko gaitu. Batzuek, liken ezberdinen margo eta itxura ikusgarriekaz; beste batzuek, erreka garden honeen ondoan paratzen diren zomorroen hegoek ataraten dabezan soinu finekaz. Udabarriko loreen margo zein usainaren intentsitateaz, goizeko garoaren freskotasunaz, egunsentia zein iluntzeko argi magikoaz, eguzki ilargiaren arteko maitasunaz.

Baina orain aurrean dekogun naturagaz txunditu eta gero, gu zaldiak, beldurtu egiten gara gure aurrean lezezulotik atara barri diren gizaki horreen aurpegi zurbilak ikusita.
Inguratzen jaken orogaz harritu dira. Kobazulo honen barruan egon dan David Sylvian musikari ingelesa zaldilagun ezin hobeez berotu da disko hau sortzeko.

Alde batetik, bere anaia dan Steve Jansen-en perkusioa guztiaren eroalea izan da. Burnt Friedman musikari alemaniarra (Jaki Liebezeit –Can–, The Nu Dub Players eta beste musikari/talde handiekin ibilitakoa) bere soinu elektronikoekaz ibili da. Diskoan danak dira xehetasunak, ˝abardurez jositako uneak. Sylvianen ahots sakonak, erraietara sartzen dan Stina Nordenstamen ahots fin goxoari lekua izten deutso zenbait momentutan. Kontrabaxu eta gitarra apalaren indarra Keith Loweren esku geratzen da. Tronpetek, txoriak lez, Arve Henriks-en (Supersilent...) eskutik xuxurlatzen dabe. Saxofoiak, txirulak, klarineteak, Theo Travis, Thomas Hassen eta Hayden Chisholmen esku. Ryuichi Sakamotok pianoa eta abar. Hitzetan,. orokorrean, bizitzaren alderik ilunena azpimarratzen dau, argia hobeto aintzat hartzeko, Tarkovskyk zineman egin izan eban lez.

Askoz gehiago idatzi daiteke Snow Borne Sorrow disko honen inguruan. Ni lehenengo entzunaldian harritu ninduan. Entzundako azken diskoen artean berezia eta txukun eginda egoala iruditu jatan. Teknikoki edo musikalki diskoaren hausnarketa ez da oso zehatza izango, baina horixe bera izan da, lan hau aukeratzera eraman nauana. Disko osoaren zehaztasun danak kantetan dagozalako olerki bat osatuz, eta olerkia musika bezala bizi...entzun...sentitu...beharko genduke...

Asko emoten dau diskoak lasaitasunaren hitz-jarioan sakontzeko.




Sendoa Miranda
Sestao, 1978
Musikazalea





Creative Commons-en baimena