Kafe aleak 107
k&g
 Txesma Lasa
Defiance, Ohio   -   The Great Depression
No Idea Records - 2006
bo



Geroz eta nekezago egiten zait, lehen ez bezala, zuzenean deskubritzea barrenera iristen zaizkidan taldeak. Duela hamar urte entzuten nuen musika bera entzuten dut egun ere, eta egia esan, ez dirudi aurrerantzean ere aldatuko dudanik.

Oraindik ere ondo oroitzen dut Defiance, Ohio entzutera bultzatu ninduen musika erreseina. Bitxia da, lagun batek idatzi baitzuen, baina ez nekien bera zela hasieran. Taldeak Tolosan (Okzitania) emaniko kontzertuan topo egin genuenean jabetu nintzen horretaz.

Erreseina irakurri eta gero ere ez nuen oso garbi zer nolako taldea ote zen; gustuko nituen taldeak aipatzen zituen erreseinak; Against Me!, Off with Their Heads, Bridge and Tunnel, This Bike Is a Pipe Bomb, etab. No Idea zen zigilua eta hori ere aldeko nuen.

Erreseina irakurri eta gero, hurrengo urratsa sarean informazioa bilatzea eta diskoa lortzeko modua topatzea. Defianceren orrira iritsi eta disko guztiak deskargatzeko moduan zituztela ohartu nintzen (bi zituzten ordurako). Hasieratik usain ona hartu nion taldeari.

Lehen kantuak entzun orduko katigatuta geratu nintzen. Ez dakit oso ondo zergatik, baina lehen entzunaldian ondo sartzen zaizkidan diskoekin mesfidatia izan naiz beti. Eskarmentu kontua izango da ziur aski; gustukoen ditudan diskoetako asko  gorrotagarriak izan zaizkit entzundako lehen aldian, eta askotan entzun behar izan ditut gustatzen hasi baino lehen.

Artean entzun gabe genituen diskoetan, dendakoak uzten zizkigun minutu eskas horiek salbu, gastatzen genuen eskupekoa gaztetxo ginela. Azala edo zigilua bezalako gauza arbitrarioek bultzatzen gintuzten disko bata edo bestea erostera. Diru hori xahutu izanak diskoa ezinbestean gustuko izatera behartzen zintuen. Behin eta berriro entzuten zenuen, harik eta gustatzen zitzaizun arte. Ez dakit ona edo txarra den hori, baina horixe zen egiten nuena. Gaur egun askoz ere errazagoa da musika eskuratu ahal izatea, eta ez dugu taldeei hainbeste aukera emateko joerarik, nik neuk ez, behintzat.

Alegia, diskoa entzun nuen lehen aldirako erabat kateatua nengoen. Disko ona den ez dakit, baina oraindik ere maiz samar entzuten dut eta gustukoa dudala esan nahi du horrek.

Diskoari berari gagozkiolarik, lehenik eta behin onartu beharra daukat musikaz ideiarik ere ez dudala. Gustuko ditudan gauzek bideratzen naute, batzuetan onak
izango dira eta besteetan kaxkarrak. Ziur aski gehienetan txarrak izango dira, baina gutxienik ondo pasatzen dut. Nire iritziz musikak lotura handiagoa du sentsazioekin, eta Defiance, Ohio gehiagotan ikusi nahiko nukeen talde horietako bat da, garagardo bat hartuz eta besoak altxaturik koruak ahapeka kantatuz.

Defiance moduren batean sailkatu beharko banu, folk-punk izendapen orokorrak bere baitan biltzen duen ildoan kokatuko nuke. No Idea zigiluaren ildoarekin bat doa Defianceren proposamena, Hot Water Music taldea buru duen korrontearen baitakoa da, baina kasu honetan alderik akustikoenean kokatua.

Disko hau aukeratu izana, taldeak kaleraturikoen artean gustukoen dudana, eurei buruz hitz egiteko aitzakia baino ez da.

Talde bat behar bezala baloratu ahal izateko zuzenekoari erreparatzea ezinbestekoa da. Talde bat asko gustatu arren, gero zuzenean ikustean ezer transmititzen ez badidate, ez dut taldearen musika entzuten jarraituko. Duela pare bat urte biran izan ziren Europan barrena, baina pena izan zen, ez baitziren, aipatu bezala, Tolosa baino hegoalderago joan. Gaztetxe moduko batean jo zuten, eta oso ondo pasa nuen, lehen aipatu bezala, garagardoa edanez eta besoak altxatuta abestiak kantatuz. Diskoak sortzen duen energia oso ondo transmititzen dute zuzenekoan, eta, jendearen erreakzioei erreparatuta, uste dut gehienek antzekoa sentitu zutela. Nabarmentzekoa izan zen, ez dakit taldearen eskariz ala aretoaren beraren filosofiarengatik, sarrera ez zela prezio finko batekoa, baizik eta norberak nahi zuena ordaintzen zuela. Hori  azpimarratzen dut, oso zaila delako sei pertsona bira oso batean mantentzea borondatezko sarreren bidez.

Do It Yourself filosofiarekin bat egin izan du betidanik Defiancek, eta ez da beti erraza izaten ideia horri leial eustea. Beraien lehen diskoak Plan-It-X Records zigiluarekin plazaratu zituzten, zeina New Yorkeko DIYren adierazle nagusie- netakoa den. Zigilu horren inguruan If It Ain’t Cheap, It Ain’t Punk (Ez bada merkea, ez da punka) izenburupean egin duten dokumentala ikusteko gogoz nago. Izenburuak ondo laburbiltzen du dena. No Idea Records zigiluak Defiance fitxatu zuenean, taldeak komunikatu bat plazaratu zuen aldaketaren arrazoiak azalduz. No Idea Records ez da diskoetxe multinazional bat, baina Plan-It-X Records baino dezente handiagoa da. Kritikaren sektore batek ordurako saldutzat jotzen zuen taldea, baina beraiek banaketa arrazoiak azaldu zituzten, eta beraien bilakaera ikusiz gero, ez dirudi gezurretan ari zirenik. Taldearen beste ezaugarrietako bat da ez dutela merchandising-ik egiten, Dischord Records zigiluaren molde berean. Beraien elastiko bat nahi izanez gero, zuk duzun edozein bidaltzeko eskatuko dizute, gero beraiek unean okurritzen zaiena estanpa diezazuten. Ondoren bueltan bidaliko dizute elastikoa.

Enfin, musikaz ez dut apenas hitz egin, beste zenbait gauza nabarmendu nahi izan ditut, akaso nire iritzia sendotzeko edo justifikatzeko, egiten duten guztian eta musikan duten koherentzia azpimarratzeko. Onena beraien web orrira joatea eta beraien diskoak jaistea da. Gustukoak badituzue seguru esker oneko azalduko direla aleren bat erosten badiezue. Beste behin gure ingurura etor daitezen espero dut.

Bukatzeko, kantu bat: Calling Old Friends.



Txesma Lasa
Donostia, 1981
Errealizadorea
hervidero.es





Creative Commons-en baimena