Kafe aleak 110
k&g
 Eduardo Mujika
Malcolm Scarpa   -   El traje vacío
Sponja Records, 2007
bo

*Entzungai dagoen diskoa ez da El traje vacío, ez baitugu saren aurkitu
Disko gehiago entzungai hemen: http://malcolmscarpa.bandcamp.com/

2007ko udaberrian bi disko grabatzeari ekin zion Malcolm Scarpak; Un buen día lo tiene cualquiera, Santiago Lorenzoren filmaren soinu banda, eta aukeratu dudan hau, El traje vacío.

“Es un disco morboso”, komentatu zuen Scarpak duela gutxi honi buruz. Ez horrenbeste, baina gaixotasunekiko zerikusi handia ere badauka, haren kantuetako lexikoa aztertzen badugu: horra hor, nola agertzen zaizkigun tumba, dolor, necrosis, hospital, carcamal, mórbida eta horrelako hitzak, Poek erabiliko zituenak amodio eta heriotzari buruzko ipuinetan.

Hala ere, gaixotasun baten gorakoa da: bizi izatearen sekulako minak sortarazten diona. Eta zentzu honetan, diskoari hasiera ematen dion Según los espectros kantuak, free jazzean murgildu behar zuen bat-batean, sarrera country  baten tristezia aldera utziz, gaixoa larrialdietako aldera eramateko. Horrexegatik  kantuaren hitzak: zelan maneiatu behar dugun eria (“jamás introduzca un hueso dentro de la piel”).

Baina bizitzeko gaixotasunaren minak, heriotzarantz hurbiltzen gaituenak, hamaika era desberdin aukera ditzake: bolero batena, esaterako, galtze berri baten osteko malenkonia deskribatuz (“cuando algo se rompe y los recuerdos quieren bailar”, Art Decó). Edo vodevil batena, atxikimenduaren biharamuneko prezio altuegia erakusten duenean, nahiz eta Chaplinen mozorroz jantzi (“y mi cara es color fucsia”, Color fucsia). Edo Hank Williamsen vals mantso baten antza, La Miserycordia (sic) (ez dugu aztertuko hitz jokua), hain zuzen ere, non Bilboko Zahartze Hospizio zaharra haluzinazio antzezleku bilakatzen den, heriotzaren deialdia gertuegi dagoela jakinarazteko: “Las hojas en el estanque caen / Se mueven pero están muertas / Veo el hospital con más claridad / cuanto más es la oscuridad / Ventanas con luz de ojos cuadrados / en la Miserycordia, en Bilbao”.

Tarteko lanbrotsu horretatik ihes egiteko era hobe dugu antzinako parajeak bisitatzea, eta horrela eramaten gaitu Malcolmek bidean zehar. Izan ere, hor daukagu Nelly instrumentala; bertan amodio berri baten lehenengo egunak lirismoz tindaturik agertzen zaizkigu. Halaber, egunerokotasunak uneko eroskundea ekarri ahal digu, bai kabaret kantu baten mozorroz, ikuspegi umoretsu batetik (“Ésta canción es para las Secretarias / que cuando tienen que estar siempre han salido a por agua”), edo countryaren esku malenkoniatsutik (“Pequeño lápiz negro / me recuerdas a mí / ahora que estás gastado / sin punta para escribir”). Honen truke, samurtasun pittin bat ere eskatu eta eskaini nahi liguke Scarpak, haurtzaroari so egin ostean; horra hor, El paseo de Begoña, agian diskoaren kanturik esanguratsu eta larriena, Chaplinen gerizpean kokatzen dena, heriotzaren kiratsen ondoan (“Murillo / no se ría del niño / Murillo / no se ría del niño / no le preguntes más / no se ría más de él”).

Eta diskoa ixteko izenburu berbereko kantua agertzen da, El traje vacío, ubi sunt? antzinako topikoa berpiztuz: zer gertatzen da traje batekin haren jabea hil egin denean; non bukatuko ote da? Berriro ere Hank Williamsen gerizak eramaten gaitu bidean zehar, amaigabeko edota, aldi berean, bide amaituan (“Al traje vacío le llega su adios / cuando a él y a su dueño vivían los dos”).

Ordutik hona, eta bestalde, beti bezala, Scarpak haren bidexka bakartiari eutsi egin dio. Hirian agertu ohi da, bere Framus zahar zaharrarekin eta botikaz beteriko poltsa minimo batekin, haren errepertorio itzeletik grabatu ez dituen kantu berriak eskainiz (La alfombra mágica, Laura...) edo antzinako maketetan grabaturiko bitxiak eta, alproja-zuloak, Hankek kantatzen zuen bezala, on fire ipiniz, duela bi aste bainuetxe batean gertatu zen bezala. Eta Lucero boxeolariak Houstonen Fat City filmean egiten duen gisara, jipoia jaso ostean eta dirua kobraturik, Madrilgo autobusean bueltatzen da Framus zahar–zahar eta bidaia poltsa minimo horrekin botikaz urritua.


Edu de Mujika
Bilbo, 1968
Musikazalea






Creative Commons-en baimena