Kafe aleak 111
k&g
Marta Rosell
Beirut - The Flying Club Cup
Cup Ba Da Bing!, 4AD, 2007


bo



Duela hiru urteko igande goiz batean deskubritu nuen Beirut. Txepel eta epiko samar ematen badu ere, lehenengo kantu hura (Nantes) lehenengoz entzuten ari nintzen bitartean, bizitzan behin bakarrik edo inoiz errepikatuko ez diren une magiko horietako bat zela sentitu nuen. Beti izan dut buruan sentsazio magiko horiek atzematea, gure bizitza osoan agertzen zaizkigunak; eta ondo esan dut sentsazioak atzematea, premia dugun uneetan kutxa zabaldu eta oroitzapen onak, bakea, lasaitasuna, goizeko ihintza, hondartza bakarti bateko itsas brisa, kafe egin berriaren usaina ateratzeko; horiexek baitira disko honek burura ekartzen dizkidan sentsazioak, in situ bizitzeko beharrik izan gabe; horregatik guztiagatik Flying Club Cup magikoa izan da niretzat. Alde batetik, kasualitatez deskubritu nuelako eta, bestetik, bake eta ametsezko uneak berreskuratzeko aukera ematen didalako. Gainera, frantsesezko interludioa liluragarria iruditzen zait.

Disko honetan gutxiago gehiago da premisa bete egiten da; Penalty, adibidez, ukelele eta ahots hutsez hasten da, sentimendu eta bibrazio onak transmititzen ditu, irudika dezakezu Mediterraneoan zaudela ilunsentian belaontzi batean nabigatzen, azken eguzki izpiek zerua distirarazten dutela, edo mendixka batean zaudela, biziraun nahian bestelako ilunsentien bila doazen hegazti migratzaileei begira. Nire ustez, diskoko kanturik onena da, hiru minutu baino gutxiago irauten du, baina perfekzioa da, abesti bihurtutako perfekzioa.

Badago beste kantu bat, sentsazio nahaspila sortu izan didana beti: Un dernier verre. Alde batetik, izenburuari eta lehenengo ahapaldiari erreparatuta, agur une triste bat dakarkigu, sarrerako ahotsak eta pianoak tronpetei egiten diete bidea, horiek baitira Beiruten ardatza. Kantuaren amaierak pentsarazten digu bizitzari baikor begiratu behar diogula.

Forks and Knives kantu positiboa da, oso gustuko dudan kutsu balkanikoa dauka, frantziar Britainiako edozein herriren deskribapen perfektua irudikatzeko aukera ematen du. Konparazio erraz bat egitearren, Balkanetako Mary Poppins dela esango nuke.

A Sunday Smile-k kantua baino ereserkia dirudi, handientsua, dotorea eta hordigarria, bestondoa eta zoriontasuna ekartzen du gogora.

Nabarmendu nahi dudan beste kantu bat Flying Club Cup da, diskoari izena ematen diona. Nire ustez, amaiera alai eta metaforikoa da, ez da gaitzik onik ez dakarrenik, bizitzaren alde onari begiratzen ikasi behar da.

Azkenik, album sakon honi buruzko hausnarketa honi amaiera emateko esango nuke musikari esker eta Beirut bezalako taldeei esker beti dela posible bizitza modu erlaxatu, sakon eta magikoz ulertzea.


Marta Rosell
Bilbo, 1977
Musikazalea





Creative Commons-en baimena