Kafe aleak 112
k&g
 Estíbaliz Hernandez de Miguel
Iron & Wine - The Shepherd's Dog
SUB POP - 2007
bo




Mezu elektroniko bat jaso nuen, eta erantzun egin nuen, harrituta. Egun hartan The Dream Syndicateren The Medicine Show diskoaren bertsio bermasterizatua ari nintzen entzuten, oparitu berri zidatena, eta pentsatu nuen disko hura ez zela aukera txarra izango proiektu honetarako, oroitzapen errepikaezinez beterik baitago. Hala ere, egunek aurrera egin ahala, nire buruan titulu gehiago pilatzen ziren, eta zerrenda bat egitera ere iritsi nintzen. Azkenean apurtu egin nuen, dudatsu samarra bainaiz. Jakina, nabarmen nezakeen disko ugari dago, hamarnaka, ehunka. Baina ez nuen gehiegi ere pentsatu nahi, nire intuizioa lurperatuta gera ez zedin. Lokartu aurreko minutuetan, irudiak metatzen zaizkidan unean, gerora marraztu behar ditudan zirriborroak irudikatzen ditudanean, horrelako uneren batean hartu nuen erabakia. Nik ondotxo dakit Iron & Wine taldearen The Shepherd’s Dog disko garrantzitsua dela nire bizitzan.
Musikak ahalmen oroitarazlea dauka, ezbairik gabe. Hunkitu zintuzten hainbat kantuk behin eta berriz hunkitzen zaituzte, iraganeko egoeretara eramaten zaituzte,  elkarrizketa biziak gogorarazi, kontzertu zaratatsuak, bidaiak edo abenturak.

estiesti

 Zalantzarik gabe, disko honek etorkizunean oraintxe nagoen une honetara ekarriko nau, bidegurutze askotatik igaro ondoren, hurrengoaren zain, lasai eta burua hodeietan. Hauxe da azken urtean lagun izan dudan musika. Hau nire urterik apurtzaile eta aldakorrena izan da, ametsen bila joan eta ilusioak eraiki ditudan urtea. Horrexegatik entzuten dut hainbestetan. Behin eta berriz. Bata bestearen ondotik.

Denboraren poderioz maiteago dut xuxurla nazaten oihuka nazaten baino, eta uste dut zerikusia duela horrekin. Sam Beamek ezin hobeto egiten du hori.

Murmuriotan murgiltzen ditu bere konposizio guztiak, opari hauskorra biltzen duen zetazko paperaren moduan, forma, irudia agerian utziz eta kantu bakoitzaren hauskortasuna nabarmenduz. Berdin dio hemen akordeoi bat agertzen den, teklatuak, biolinak edo bestelako instrumentazio oparoak; nire etxeko egongelan jotzen arituko balitz bezala jarraitzen dut entzuten. Disko hau hurbila eta sentimentala da. Arnasa entzuten da, poesia, ekoizpen urriaren xehetasunak, soinu apalaren bila doa eta leiala da abestien hezurdura akustikoarekiko.

Lehenengo kantua, Pagan Angel and a Borrowed Car errepidetik bidaiatzeko gonbidapena da; urrunetik Dillard & Clark eta Flying Burrito Brosen oihartzunak datozkit. Baina beharbada nire irudipena da. Geroago, aurreko lanetik hurbilago doan ibilbidean murgiltzen da, indie-folk ezaugarriekin lotuago, derrigorrezkoa dirudi-eta, House by the Sea kantu iradokitzailera edo Innocent Bones-en erritmo epelera iritsi arte.

Resurrection Fern abestiak kontenplazio-moduan jartzen nau, pentsarazten dit, leihotik begiratzera bultzatzen nau, euriari begiratzera, tristezia poetikoz gainezka dago. Disko osoko abestirik mistikoena, tenpluko ereserkia. Eta Boy with a Coin iritsi da, irudien segida bat, ipuin bat osatzen duena, nire gozamenerako.

Lehenengo akordeek eta akople txikiek burua mugiarazten didate, errituala bailitzan. Musika ahituz doanean diskoaren amaieran, forma berezirik ez duen melodia bihurtuz, Sam Beamek Flightless Bird, American Mouth abestiaren lehenengo hitzei ekiten die, gitarra eta pandereta biluzien erritmora, eta mendean hartzen zaitu, mamuari arima emanez berriro.

Askotan, amaitzen denean, berriro has dadin uzten dut, hasiera-amaiera sentsazioa galduz, eta musika zirkulu erara entzutera behartuz. Egunak, urteak eta bizitza zirkulutan doalako, pentsamenduak ere bai. Eta oraindik harrituta nago, gaztetan ez bainuen sekula imajinatuko nire burua akordeoiak edo biolinak dituen musikarik entzuten, edo folk amerikarraren oinordea den musikarik, antzina hitzak berak destainazko keinua eragiten baitzidan. Baina teloiak itxiz doaz eta eszenatokia aldatuz doa, eta hala egiten du musikak ere.


Estibaliz Hernández de Miguel. Portugalete, 1970
Ilustratzailea, blogaria
pintameldia.com





Creative Commons-en baimena