Kafe aleak 113
k&g
 Toni Aura
Alberto Montero   -   Alberto Montero
Greyhead - 2008
bo




Eteneko Ibonek disko baten inguruan idazteko proposamena egin zidanean, Alberto Monteroren diskoa aukeratu nuen bi aldiz pentsatu gabe. Ziur asko, Valentziako Erkidegoan gaur arte grabatu den diskorik bikainenetako bat da.

Zenbait arrazoik bultzatu naute aukera hau egitera: lehenengoa, folk-rock lan aparta da, eta gure herrian ez dago halako askorik azken urteotan; bigarrena, Albertoren hurbiltasuna eta sinpatia, zinez mutil maitekorra da eta; hirugarrena, nire irratsaioan urteko disko nazional nabarmena izendatu nuen 2008an; eta laugarrena, Juan Pedro Greyhead-en apustu handia, disko hau ez baitzetorren bat inondik ere une hartako komertzialtasunarekin. Azken batean, arrazoi horiekin eman nahi izan diot sekulako lan honi zor zaiona.

Hitz egin dezagun labur Alberto Monterori buruz, musikaren independentziatik egiten duen lana nabarmentzeko modukoa baita. Gitarrista honek zehaztasun handiz zaindu ditu bere disko guztiak, eta pluralean diot, album honetaz gain beste bi disko baititu argitaratuak Shake rock taldearekin. Gainera bikoitza da Albertoren eginahala, ez baitzen Valentzia hirian bizi eta, bai Shake taldearekin bai bakarka, hiriburuan kontzerturen bat izan duenean zalantzarik egin gabe etorri izan da. Azken hau diot nire esperientzia propioagatik: bi aldiz eskatu izan diot bere diskoa lagun batzuentzat jotzeko eta halaxe egin izan du. Bestalde, aipagarria da Albertok duen musika ezagutza zabala. Ez da arraroa bere kontzertuetan bertsio liluragarriren bat entzutea, esaterako Robert Wyatten Rock Bottom diskoko abesti batena, oilo ipurdia jartzen didana. Pedigridun eraginak, Albertok bere egiten dituenak. Aipatzekoa ere beste hizkuntzetara egokitzeko duen gaitasuna, ingelesez kantatzen duenean gaztelaniaz bezain biribil geratzen direlako abestiak.

Alberto Monteroren disko honetaz hitz egiteko, argitaratu zen urtera arte egin behar dut atzera. Juan Pedrok helarazi zidan irratsaioan aurrerapen bat egin nezan eta We Are What We Think pintxatu nuen. Lehenengo akordeak entzun bezain laster konturatu nintzen disko goxo eta berezia izango zela. Diskoaren azalean ageri den irudiak erakusten du disko pertsonala dela: musikariaren aurpegiaren zati bat ikusten da gitarraren zulo txikitik begiratuta. Gainera 2008. urtetik nahi dut abiatu, espainiar folkarentzat urte itzela izan zelako: Albertoren diskoaz gain Cuchilloren lan homonimoa kaleratu zen. Biak ala biak dira ezinbestekoak eta bitxiak, nire ustez, hainbeste elektro-pop, noise eta pop-rock nazionalaren artean.

Albertoren lanik pertsonalena bada ere, luxuzko kolaborazioak ditu. Haien artean, nabarmenenak Valentziako eszenako Junquera anaiak dira, Marcos Betunizer Junquera eta Fernando Negro Junquera. Garai hartan, beste proiektu ikusgarri batean zeuden murgilduta, Estrategia Lo Capton, alegia. Berehala animatu ziren beren lagun eta diskoetxeko kideari laguntzera. Zer gehiago eska dakioke disko bati? Sasoi betean dagoen musikari bat, sasoi betean dauden beste birekin batera.

Arestian aipatu dudan bezala, ingelesa erabiltzen du Albertok disko osoan. Diskoa argitaratu ondoren komentatu zidan gaztelaniarekin ari zela lanean. Hizkuntza gorabehera, diskoaren kontzepzioa mediterraneoa da. Valentziako eta Murtziako lurraldeetan sortu eta grabatua izan zen. Juan Pedrok Murtziako Alhamara eraman zuen Alberto Montero diskoa ekoiztera. Love Nest ahul eta laburrak zabaltzen du grabaketa, eta bidea ematen dio The Horizon kantuaren hasierako punteoari, ondoren bateriak eta koroek protagonismoa hartzeko, kantuari bultzada handia emanez. Berehalakoan, Clear dator, eta berarekin barealdia eta beste elementu bat: celloa, Albertoren ahots pitzatuari bizi berria ematen diona. I Don’t Know Enough eta gero diskoko momenturik gorenetako bat dator We Are What We Think bikainarekin, flautari lekua egiten diona. Ziur aski, disko osoko kanturik biluzienetako bat. Albertok kantatzen ez duenean flautak hartzen du protagonismoa. Eta horrelaxe doaz aurrera minutuak A aldea Bees and Butterflies-ekin amaitu arte. Alejandra eta Sense of Life kantuek ematen diote hasiera B aldeari, introspekziorako beste buelta bat, bidaiaren bigarren zatirako sarrera moduan. Sense of Life-ko amaiera elektrikoa akustikoarekin gurutzatua Beatlesen Let It Be-n egon zitekeen, baina zenbait hamarkada beranduago agertu zen, disko honetantxe. Orduan, diskoko beste une folk berezienetako bat dator, Incredible String Band-en Moonlight bezalako diskoak gogora dakartzana, zure aurpegian islatzen den eguzki-izpi bat. Ocean Waves eta The Fear album pertsonalaren
kontzeptuaren erakusgarri dira, abeslariak bakarka ekiten baitie abestioi. Garden
eta End of a Dream-en iluntasunak soinu-bidaia honi amaiera ematen dio.
 
Labur esanda, denboraz kanpoko klasiko bat izateko ezaugarri guztiak biltzen dituen diskoa da. Bost axola duela hogeita hamar urte agertu izan edo atzokoa izan, ez baitu iraungitze-datarik. Egidazue kasu eta gehitu zuen bildumara. Eragozpen bakarra, bostehun kopia baino ez ziren argitaratu eta ez dakit baten bat geratuko ote den salgai.


Antoni Aura Gómez. Valentzia, 1977
Musika kazetaria
Interfase irratsaioko zuzendari eta aurkezlea
tv.upv.es/





Creative Commons-en baimena