Kafe aleak 114
k&g
 Myriam Perez Cazabon
Spiritualized - Songs in A&E
Universal/Sanctuary - 2008
bo

 

Musika hasi, eta badirudi zerua zure gainean zabaltzen dela, hasiera orkestatu horrekin ongi etorria emanez bezala. Honek iada bihotzean zirrara antzeko bat sorrarazten du, bada sakon sakonera eramaten bait dute abestiek pixkanaka, edo alderantziz, sakoneko iluntasunetik argirantz.

Segituan entzuten da diskoak kontatzen duen bidaia horretan aurrera egiteko borrokaren arnasa, inguruko mamuak diruditen ahots koralak uxatu nahiean. Abestiek, batzutan, bizitzan aurrera egiteko urrutira entzuten den laguntza eskakizun ohiu baten antza hartu arren, bestetan, azkenean norberak bere gorputz, buru eta egoerarekin, hau da, norberarekin dituen eztabaida bakartiak dirudite. Piano teklek baieztatzen dute.

Diskoa amaitzean, ohartzen zara baduela itxaropen ikutua, aurrera egitea pisutsua gertatzen den momentuetan aurrera egitera bultzatzen zaituen indarraren ikutua. Indar horren seinale, abesti batzutan sumatu daitekeen ezinaren ondoriozko errabiaren garraxiak. Edo, etsipenetik gertu egon daitezkeen doinu goxoagoak. Zaila baita galtzen ari zarela sentitzen duzunean borrokan segitzea.

Nahiz eta barruko ezinak eta amorruak iruditu arazi munduaren aldrebeskeria, bizitza zurekin tranpetan jolasean ariko balitz bezala, bada zeozer bizitza honetara hari batekin bada ere sendo lotzen zaituena. Eta berriro zerua buru gainean zabaltzen dela dirudi, baina ez bertarako gonbidapena eskainiz, lurrerantzko itzulia baieztatuz baizik, beste aukera bat ematen dutelarik bertako ahotsek.

Eta badirudi zerbaiten amaiera iritsi dela, edo hasiera, edo jarraipena. Eta hor jarraitzen du ondoan pertsona horrek, zure gora beherak onartuz, zure itzuleraren zai, nahiz eta aurrean zaituen. Eta momentu horietan ondokoaren presentzia zein garrantzitsua den sentitzen duzu, beti bultzadatxo bat emateko prest, ondoan esertzeko, entzuteko, konpainiarik behar duzun galdetzeko prest, zuk zure buruari galderak egitea ezinezkoa duzun horietan.

Noizbehinka bidaia horretako borrokaren arrastoak itzuli ohi dira, damuaren modura agian. Behin norbera hausten edo galtzen denean, dena suntsitu dezakeela uste denean, zaila izaten baita sentsazio hau azaletik kentzea, beldurrak ere orbainetan sakonera sartzeko bidea aurkitzen baitu.

Baina beti dator beste egun bat, argitzen du lehenago edo beranduago. Beraz, gaueko iluntasuna dirudien horretan, eskua luzatzen dizun horri helduta aurrera egin. Ondo egongo zara, gertu eutsiko zaitu eta. Goognight, goodnight, sweetheart...

Lerro hauek diskoa osatzen duten 12 abestiek eta 6 lotura-doinuek izan ditzaketen istorietako bat dira, kontatzen dutenaren interpretazio pertsonala.

Hospitaletako txuri eta berde koloreak nagusitzen direlarik diseinuan, orratz ezberdinen argazkiekin,hersturatik hunkipenera daramaten larrialdietako gelako abesti hauek maitasunaren eta heriotzaren inguruan biltzen dira, rock, soul, gospel, blues eta psikodelia ikutuekin bizitzarako himno ere bilakatuz.


Myriam Perez Cazabon
Oiartzun, 1981
Dantza garaikide irakaslea eta musikazalea


Creative Commons-en baimena
Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago