Kafe aleak18
k&g
Patricia Godes
Paul Robeson - Recital de canto por el bajo Paul Robeson
Supraphon / Discophon - 1974
bo
Audioa ez da zehazki testukoa

Mendi elurtuen gainetik altxatzen da eta harkaitzen artean burrunba egiten du Paul Robesonen baxu-ahotsak. Ingurua isiltasunak hartu du eta soldaduen armak ere isildu dira bere kantua entzuteko. Bruneten gaude, 1938ko negu gorri betean. Iparramerikarrak fronteko soldaduentzat abestu du eta sua geldiaraztea lortu du. Espainiako Gerra Zibil luze eta ankerrak mundu osoko 3.000 boluntario antifaxista erakarri ditu, eta Robesonek ere bere ekarpen txikia egin nahi izan du.

Espainiako egonaldian, Paul Robesonek fronteko soldaduentzat abestu zuen, bizilagun zibil ikaratuentzat eta Brigada Internazionalistek Voramar Hotelean ezarria zuten ospitaleko gerra-zaurituentzat. Hotel hura Castelló inguruko nekazari herrixka batean zegoen, Benicāssim izena zuena, eta duena. Zenbait hilabete lehenago, 1937ko ekainaren 24an Londresko Royal Albert Hallen hitzaldia egin zuen: “Beti nahi izan dut nire talentuak lagun ziezaion modu nabarmen eta eztabaidaezinean gizateriaren kausari. Eta gau honetan hori egiten ari naizela sentitzen ari naiz. Zientzialari bakoitzak, idazle bakoitzak erabaki behar du zein aldetan dagoen. Aukerarik ez dago. Ezin gara geratu gatazkari begira, gure Olinpo altutik. Behatzaile objektiborik ez da existitzen. Leku orotan dago gudu-zelaia”.

1892an jaio zen Paul Robeson, esklaboen biloba eta esklabo iheslari baten semea. Garaia, sendoa, azkarra eta saiatua izateko zortea izan zuen, eta futbol profesionalean zuen arrakastari eta emaitza akademikoei esker Rutgersen –bera baino lehenago bi ikasle beltz soilik izan ziren onartuak– eta Columbian ikasteko beka lortu zuen. Zuzenbidean lizentziatutakoan, New Yorkeko abokatuen bulego entzutetsu batean hasi zen lanean. Laster utzi beharko zuen: idazkaritzek ez zuten onartzen arraza beltzeko batengandik diktaketa hartzerik. Robesonek erabaki zuen modu profesionalean dedikatzea ordura arte hobby hutsa izan zuen gauza batera: antzerkira. Arrakasta handiz egin zuen debuta Harlemen, eta gero Broadwayra aldatu zen. Bere antzerki ibilbidean Shakespeare eta Eugene O’Neill antzeztu zituen, baita berarentzat propio idatzitako paperak ere, esaterako Showboat (Magnolia) (1936). Beltzen duintasuna urritzen zuten paperak antzezteari uko egin zion lehenengo aktore beltza izan zen, eta lortu zuen arrakasta handiari esker bere pelikulen edizioa aukeratzeko eta gainbegiratzeko pribilegioa izan zuen.

Komunista konbentzitua, justizia soziala eta berdintasuna aldarrikatzen zuten kausa guztien alde abestu zuen, lintxamenduaren aurkako legeetatik hasita eta Galesko meatzarien aldarrikapenetara. Sobietar Batasunarekin harreman onak zituenez NAACPtik (Koloreko Jendearen Hobekuntzarako Elkarte Nazionala) kanporatu zuten eta naziek zerrenda beltzetan sartu zuten. Hamarkadetan egon zen ezabatua bere izena unibertsitateko eta kiroleko urte-liburuetatik, eta ikuskizunaren munduko memoria historikoan agertu zen Magnolia-ko Ol’ Man River kantuaren bertsioari esker. Baina herri musikaren ibilbide gutxik izan du honen pisu eta sotiltasuna.

Bere errepertorioan Negro Spiritual motako kantak txertatu zituen lehenengo abeslari profesionala izan zen. Negro Spiritual-ak erlijiozko kantu zaharrak dira, beren erlijio autoktonoak eta identitate afrikarra ahantzarazteko esklabo afroamerikarrengan erabilitako biolentzia fisiko eta/edo moralaren ondorio.   Badirudi kantu haietako askotan esklabo iheslarientzako argibideak eta pasahitzak zeudela, eta Bibliako istorioen eta esklaboen oinazearen arteko paralelismoak hainbat modutara azaltzen direla. Robesonen moduko artista konprometitu eta ongi hezitako batentzat sektore pobre eta ezjakinenetako abestiak interpretatzea herri musikaren balioa aldarrikatzeko modurik onena zen, historikoki ahaltsuenen laguntzaren eta artistarekiko sinpatia eta antipatiaren mendean zegoen tradizio kultu eta akademikoaren aurrean.

Tesitura baxu eta baritonoetara iristen zen erregistro apartari esker, eroso jarduten zuen Robesonek Bachen koralak eta espiritualak abesten. Grabaketaren giroak intentsitate eta purutasun berbera ematen dio Beethovenen Ode to Joy izenekoari edota We Are Climbing Jacob’s Ladder zirraragarriari. Baxuak eta neurrizkoak dira Robesonen bertsioak. Bai Smetanaren abesti abertzaleetan, bai Bachen pieza erlijiosoetan, bai bere arbaso esklaboen musika apal eta popularrean, neurridun jokatzen du bere heziketa klasikoaren ondorioz, baina bere interpretatzeko modu sutsuari eta erabateko fraseatzeari esker, interpreteak duen salaketa asmoa agerikoa zaio entzuleari. Modu horretan, disko honen errepertorio eklektikoa ez da inkongruentea, zintzoa eta sakona baizik.

1925etik aurrera, Robeson eta bere emazte eta managerra –unibertsitatean lizentziatua eta histiologoa– Ingalaterran egokitu ziren eta aktoreak dozena bat pelikula filmatu zuen. Bere bira artistikoetako batean Sobietar Batasuna bisitatu zuen. Liluratuta eta harrituta geratu zen jaso zuen errespetuagatik, arrazakeria ororen gainetik. Klase langileen bizitza maila ere ezagutu ahal izan zuen. McCarthyren sorgin-ehizan pairatu zuen jazarpena ere mitikoa da. Bere ibilbide artistikoa Estatu Batuetan oso kaltetua izan zen, eta pasaportea baliogabetu egin zioten.

Hauxe da, oso azaletik, artistikoki aparta izan zen gizon baten bizitza. Duintasunez eta koherentziaz beteriko pertsona mota horretakoa, ingurune artistikotik desagertu dena, 80ko hamarkadatik hona industriak eta komunikabideek modu zorrotzean garatu duten desduintze prozesu luze, geldo eta geldiezinagatik. Nork estima dezake Britney Spears? Pete Doherty? Lil’ Wayne? Chris Brown? Paul Robesonek zorigaiztoko jende baldar horri buruz izango zuen zer esan. Ziur asko, eskua luzatuko zien laguntzeko.


Paul Leroy Robeson
1898ko apirilaren 9a, Princeton, Nueva Jersey, US.
1976ko urtarrilaren 23a, Filadelfia, Pensilvania, US



Patricia Godes
Madril, 1966
Musika kazetaria eta kritikaria
http://patriciagodes.blogspot.com