Kafe aleak21
k&g
Raquel Taracido
Leonard Cohen  -  The Best Of Leonard Cohen
Columbia - 1975
bo


Bilduma honekin ezagutu nuen Leonard Cohen. 13 edo 14 urte izango nituen, eta garai hartan etxe guztietan irrati-kaseteak zeuden, irratitik zuzenean grabatzen duten horietakoak.

Gure ahizpak Leonard Coheni eta disko honi buruzko monografiko bat grabatu zuen. Hasieran abesti bat emititzen zuen, gainetik off  ahots batek hitzak itzultzen zituela, eta ondoren, abestia, bere hartan.

Mugarria izan zen, shock bat, Miguel BosÚ, Los Pecos eta Superpop-eko bestelako izarrak entzun ondoren. Engainatuta sentitu nintzen, eta eskerrak eman nahi nituen. Halako zerbait existitzen zen, eta nik tutik ere ez...zenbat gauza gehiago egongo ziren hortik, nik ezagutu gabekoak?

Zer esanik ez, maitemindu egin nintzen berarekin, nintzen nerabearen moduan. Suzanne, Marianne, Jane izatea amesten nuen, eta tristurak hartzen ninduen, nitaz inork ez zuelakoan sekula halakorik sentituko, pentsatuko edo idatziko.

Urteek aurrera egin ahala konturatu nintzen bere kantuetan jorratzen zituen gai guztiak betikoak zirela: maitasuna, desengainua, bakardadea eta bestelako sentimendu unibertsalak. Kontatzeko zerabilen modua zen gakoa.

Ez naiz bere musikaren alderdi teknikoaz arituko, ez baitut horretarako gaitasunik; ezta bere lanaz eta ibilbideaz ere, ez baitzait interesatzen bere obra, ezta pertsona bera ere. Transmititzen duena eta entzutean sortzen didan plazera dira axola zaizkidan gauza bakarrak.



leo


        Idazten ari naizen testu honek inor Leonard Cohen entzutera animatuko balu, nire gusturako, eta ahobizarrak kentzeko, kantu hauexek aukeratuko nituzke: The Partisan, So Long Marianne, Famous Blue Raincoat edota Who By Fire. Baita beste disko batzuetako beste hauek ere: Hey, That┤s No Way To Say Goodbye, You Know Who I Am, There Is A War, Seems So Long Ago, Nancy.

Beti txunditu izan nau hain hurbil sentitzeak ozeanoz bestaldean bizi zen gizon batek abesten zuena, adina bikoizten zidana eta nirekin komunean deus ere ez zuena. Egunotan, interneten bere historiaz eta bere abestien historiaz arakatzen, elkarrizketa batean kontatu zuen pasarte hau aurkitu nuen:



-Zein da Greziaz, Hydraz, duzun oroitzapenik onena?

-Oroitzapenik onena? Ez dut oroitzapen zehatzik. Gogoan daukat Marianne eta biok Piraeuseko hotel batean geundela, hotel merke batean. 25 bat urte izango genituen eta Hydrarako itzulerako itsasontzia hartu behar genuen. Altxatu ginen eta suposatzen dut kafe bat-edo hartuko genuela, eta taxi bat hartu genuen. Ez dut inoiz ahaztu une hura. Ez zen ezer gertatu, Mariannerekin nindoan taxian, zigarreta bat piztu nuen, greziar zigarreta bat, greziar zigarreten zapore gozoarekin, turkiar tabakoz egindakoa, eta pentsatzen nuen: nagusia naiz, nire bizitza dut, heldua naiz. Emakume eder honekin nago, diru pixka bat dugu, Hydrara ari gara itzultzen, horma margotu hauei begira. Sentimendu hori...hamaika aldiz saiatu naiz berregiten, baina alferrik. Nagusi sentitzearen sentimendu hori, ondoan pertsona eder bat duzula, gustura zaude bere ondoan, eta mundua zure aurrean dago.#

(dakienak hobeto itzul dezala)



Ez dakit zergatik, baina hunkitu egin nau, halako sentimenduren bat izan baitut inoiz nire bizitzan. “Zertarako gehiago?” sentitzen duzunekoa.

Suposatzen dut inoiz hori sentitu duen batek Leonard Cohen ere gustuko izango duela. Edo ez....



Raquel Taracido

Sestao, 1967

Musikazalea

e