Kafe aleak24
k&g
 Koldo Almandoz
Ramones  -  Ramones
Sire Records - 1976
bo


Nola aukeratu maite ditudan musika estilo, talde eta proposamen guztietatik ale bakar bat? Buelta asko emango nizkiola uste nuen. Neure buruari gisa honetako gonbiteei ezetz esaten noiz ikasiko dudan galdetzen ari nintzaionean, ordea, argitaratu diren milioika diskoen artetik bat aukeratzea zein erraza den konturatu naiz.

Nostalgiak (beste behin) lagundu dit horretan. Musika benetan garrantzitsua zen nerabezarora itzuli naiz, musikak bizitza aldatzeko gaitasuna zuen garaietara. Denda batera joan eta etxeko Phillips irrati-kasetean milaka aldiz entzuna zenuen grabatutako kasete hura “binilo santuan¨ erosten zenuenean, talde eta musika horrengatik apustua egiten zenuen garaietara.

Ez ziren musikari trebeenak, diskoak ez zuen diseinurik berritzaileena, ez zen kantatzen zutenaren erdia ulertzen... garai hartan, ordea, abantaila bat genuen. Musikaren inguruko posea edo eta birtuosismoa ez ziren hain garrantzitsuak. Hype, cool, trend eta gisako hitz eta joerak ez ziren existitzen. Gure belarriek inozentziaren himena ukitu gabe zuten oraindik. Musikak, arrazoi logikorik gabe barruak astintzeko gaitasuna zuen edo ez zuen. Ramonesen lehen diskoa, taldearen izen berarekin bataiatutakoa apustu garailea zen. Eta ez dago beste ezer esan beharrik. Ramonesen lehen lana, altxor paranormal bat da. Ramones zalea izatea, instintu, emozio eta sentimendua delako. Ramones herrialde bat balitz, nik Euskal Herrikoari uko egin eta euren curling selekzioan jokatuko nuke.

Uan-tu-zrui-for. Hitlerrek, Berchtesgadengo uda erretiroan, igerilekuko etzaulkian entzun nahiko lukeen kantua da ezbairik gabe Blitzkreig Bop. Uan-tu-zrui-for. Gagarinek espaziora egin zuen lehen bidaia hartan, Vostok kosmo-ontzian I Don´t Wanna Go Down the Basement entzun izan balu, bertan geratu eta lurrera itzuli zenean pairatu behar izan zituenak aurreztuko zituen gizajoak. Uan-tu-zrui-for. Beat On The Brat entzun eta hiriko kaleei su emateko gogoa sentitzen ez duenak ez du odolik zainetan. Uan-tu-zrui-for. I Wanna Be Your Boyfriend da, nerabe mozolook, gu baino bi urte zaharragoa zen eta guztiz maitemindurik gintuen institutuko neska eder horri ametsetan sekretuki kantatzen genion balada. Uan-tu-zrui-for. Judy Is A Punk, institutuko neska bihozgabe berak, larruzko txupa eta Puch Condor motorra zuen anormal batekin enrollatzen zenean, maitemina hitzari lehen zatia kentzen zaionean zer geratzen den erakusten zigun. Uan-tu-zrui-for. Now I Wanna Sniff Some Glue..., beno, gure kasuan porroak ziren, eta ez genuen desamodiorik behar gauero etxera begi gorriekin itzultzeko. Uan-tu-zrui-for...

ram

Ramones izeneko diskoa 1976. urtekoa da. Nik 3 urte besterik ez nituenean grabatu zuten. Pentsatzen dudan bakoitzean akojonantea iruditzen zait. Ni zahartzen naizen heinean, Ramonesen musikari kontrakoa gertatzen zaiola iruditzen zait. Ramonesen kanta motz, sinple eta zuzenek Benjamin Button sindromea dutela esan genezake. Geroz eta gazteagoak sentitzen ditut bi minutu eskaseko kantuak. Gaur egungo musika panorama hiperteknologiko eta espezializatuan, Ramonesen kantuak gure barneko gizaki primitiboarekin lotzen gaituzten doinu telurikoak dira (Oteizak ez luke hobe esanen).

Amaitzera noa. Honezkero pertsona zentzudun batek orrialde batean irakur ditzakeen tontakeria kupoa bete dut. Amaitu aurretik aitormen bat eta irudi bat. Aitormena: bai, nik ere, beste askok bezalaxe, 12-13 urterekin ezagutu nituenean, Ramones abizena zuten makarra haiek anaiak zirela uste nuen. Irudia: Donostiako belodromoan eman zutena azkeneko zuzenekoan, Joey, kamerinoetatik eszenatokira zihoan eskailerak jaisten. Ttipi-ttapa geldoz, roadie baten laguntzaz banan-banan jaitsi zituen. Gu guztion aurrean. Ezkutatu gabe. Lotsarik gabe. Jainko batek egingo lukeen moduan. Eskaileren irudi hark kontzertu osoan iraun zuen nire buruan. Eta egun, zuzeneko hura oroitzen dudan bakoitzean, irudi hark oraindik hunkitu egiten nau.

hey ho lets go!

Koldo Almandoz
Donostia, 1973
Zinemagilea
www.thebalde.net


Creative Commons-en baimena
Testu eta irudi guztiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende daude