Kafe aleak 25
k&g
 Cerillas Garibaldi
The Clash  -  The Clash
CBS - 1977
bo

Maiatzaren lehena. Data anbiguoa izan da beti nire buruan. Kapitalismoaren sindikatuen erakusleiho hutsaren eta iraganeko sobietarren propaganda liluragarriaren arteko kontrastea. Ondoriozko globalizazioak ia behin betiko lurperatua zuen ahanzturan egun hau.

Hilabeteak daramatzat azkenean aukeratu nuen diskoari buruz idazteko prokrastinatzen: The Clash, 1977koa. Egindako aukerari buruzko zalantzak ere izan nituen, beste aukerak koloristak eta alaiak ziren: Bee Gees gazteak, Electric Light Orchestra edo Pains of Being Pure At Heart liluragarriak. The Rubinoos, Stones Roses, America edo Saint Etienne ere izan zitezkeen aukeratuak. Zeinahi taldek zirudien erakargarriagoa lehen begiratuan. Baina zerbaitek esaten zidan nerabezaroko disko punk hura zela aukerarik egokiena. Estatus ofizialaren aurkako asaldura etengabeari egozten diot: kritika musikalak disko hau ahaztu zuen bat-batean zerrenda handiak egiteko orduan, London Calling goraipatzeko. Akademizismoa beti suminaldiaren gainetik, pentsatu nuen. Ezingo dut inoiz musikari buruz arduraz idatzi. Bon, egia esan, ezeri buruz.

Langileen eguna, langile klasearen jaia, borroka eta aldarrikapen eguna, paradoxa berri bat. 2011ko maiatza, bost milioi langabe hauteskunde-barruti honetan. Euskal Herriko ezkerra Zuzenbide Estatuaren botereek zikiratua. Alderdi politikoek isilean egiten diete trufa botere horiei haien amarru endogamiko eta autoindulgentean. Ordezkatzen dituzten pertsonen eskubideak murriztu eta zigorgabe aberasten dira gobernariak. Beatifikatzen duen erlijio bat eta hiltzen duen beste bat. Gaizkia ez dago politikan edo erlijioan, arlo horietan jarduten dutenengan dago akatsa, doktrinaren banderadunengan.

Nork behar du Parlamentua, egun osoa eserita legeak egiten, denak dira lodi eta zahar”  (Remote Control). Apustua segurua zen. Itxaron besterik ez zen egin behar, gertaerak sor zitezen utzi, begiak ireki eta London SSko punki haiek eta 101’ers-eko okupa –orduan squatter esaten zitzaien– berriz entzun.

The Clash nire disko-jogailuan zen berriz eta, inoiz baino baliagarriagoa zen mezua errepikatzen zuen, gazteria langabearena, aukerarik gabe, etorkizunik gabe, inolako proiekziorik gabeko lanen monotoniara kondenatua, tiranoen ongizatea gordetzeko ere erabilia: “Ez dut inoiz bonba-gutunik irekiko zuretzat”  (Career Oportunities), lan hori egin baitzuen bere sasoian gitarra-jotzaile Mick Jonesek.

Gaur egun, eskandaluz ikusten dugu nola jartzen diren gure ordezkari politikoak finantza sistemaren menpe eta, azkenik, badakigu dena fartsa hutsa dela: “Arduratzen diena beren kontu korronteak dira, hori da dena, eta zuk ez duzu inporta”  (Remote Control).

Horrek ere gertatu behar zuen, langileen egunaren ostean nire urtebetetzea dator, urteko egunik zoragarriena, baina, jakina, 16 urterekin oraindik ez zen jaieguna, Madrileko hauteskunde-barrutiak ez zidan usurpatu nire maiatzaren bia. Sasoi hartan hauteskunde-mapak definitzen ari ziren, ziurrenik fede onez. Finantza-oligarkia zain zegoen… eta gerrak, gerrak betikoak ziren: “Dolar yankeeak munduko diktadoreei hitz egiten die, aginduak ematen ditu eta haiek ezin dute hitz bat galtzea onartu”  (I’m So Bored With The USA).

The Clash ibilbide musikal oso bat hasi zuen diskoa izan zen. Artistikoki eta pertsonalki hazi eta hazi egingo zen ibilbide batena, mezu argi eta sendoa zuen zirriborroa baino ez zen izan agian, bere katixima. Sex Pistols edo Damneden aurreneko lanen kidea zen, baina talde horiek jaio bezain laster agortu zuten beren mezua. The Clashen heldutasuna osoa izan zen, kideetako bakoitzak bilakaera izan zuen lehen diskoaren aldarrikapenei sekula uko egin beharrik gabe. Aurrera egin zuten talde gisa. Haien ondorengoak ere ez ziren atzean gelditu: Big Audio Dynamite, General Public, Havana 3 A.M., The Good, The Bad and The Queen, Carbon/Silicon, The Mescaleros,… beti fidel haien mezu seminalari: “Ez dut entzun nahi zer egiten duten aberatsek, ez dut joan nahi aberatsak joaten diren tokietara, oso azkarrak direla pentsatzen dute haiek, oso zuzenak direla pentsatzen dute, baina eskaleek soilik ezagutzen dute egia”  (Garage Land).

Paul Simonon, Mick Jones eta Joe Strummerek, baterian Topper taldekide zutela –1982an utzi zuen taldea–, zimendu sendoko ibilbidea eraiki zuten. Joe, beste gitarrista, 50 urterekin hil zen. Gazte-gazterik Paloma Romero Palmolive malagarrarekin Londreseko Walterton Roadeko 101a okupatu zuen. Mick Jones musikaria eta ekoizlea da, Damon Albarnekin kolaboratzen du eta P2Paren defendatzailea da; Carbon/Siliconen diskoak ez argitaratzera iritsi da libre zabaltzeko. Paul Simonon baxu-jotzaileak, London Calling diskoaren azal historikoan instrumentua puskatu zuenak, arte plastikoetan dihardu, Havana 3 A.M. osatu ondoren.

Nire urtebetetzea zela nioen. Hainbeste urtek gauzak aldatzen dituzte. Egoera 70eko krisi hura baino are larriagoa da. Finantza-oligarkiak ez du onartzen bere irabazien inolako lagapenik. Lehen ez zuten politiko gehienek lapurtzen, gutxi batzuek baino ez. Justiziak inputatutako pertsonak ez ziren hauteskunde-zerrendetan aurkezten. Alderdi politikoak pertsonek gidatzen zituzten, ez enpresa-sozietateek eta korporazioek.

Gazteriaren porrota berbera da. “Ezin duzu zaratarik egin, ezin duzu aurrera egin, ezin duzu dirurik eskuratu, ezin duzu ihes egin”  (Remote Control). Egizu zuk zeuk leloa ere bahitu dute enpresek edo independentziaren ikur diren diskoetxeek. Ez dago lekurik ez indibidualismorako, ez parte-hartzerako, ez kudeaketa propiorako, ezta aldarrikapenerako ere. Ez dago independentziarik. “Botere guztia erosteko gai den jende aberatsaren eskuetan, gu kalean paseatzen garen bitartean, saiatzeko koldarregi… matxinada bat nahi dut… nire matxinada nahi dut!”  (White Riot).

Armak aldatu dira, eszenatokia bera da: kalea.

Gure seme-alabak amets burgesetik, lozorro indietik esnatzen direnean, Titus Andronicusek energia borrokatzeko eta ez hiltzeko erabiltzen duenean, asmamena sare sozialetatik kanpo erabiltzen hasten direnean, eraso zibernetikoak haien auzoetan jarritako barrikadekin sastakatzen dituztenean, beren boterearen jakitun direnean, 2.0 komunikazio sozialak eta justiziaren indarrak lortzen duen bultzada osoarekin, orduan, espero dut hamalau tiro hauek, The Clashek 1977an deskargatu zituzten hamalau amorru eta salaketa mezu hauek –sentimenduak, errepresioa, terrorismo instituzionala, matxinada, gorrotoa eta gerra, identitatea, gezurrak, ergelkeria, lana, iruzurrak, sexua, bakea eta integritatea eta duintasuna– aurrerabidearen gizarte justuagoa eraikitzen laguntzea, parte-hartzean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutakoa eta, lortu dutenean, ahotsa goratu eta azaldu egin beharko diegu haiei hainbeste ukatu genuen No Future-rik txarrena eskaintzera eraman gintuztela autokonplazentziak eta anbizio zakarrak.

Ignacio Sánchez
1963, Bilbo, Madril
MUSIKAZALEA