Kafe aleak 27
k&g
 Aitor Guezuraga
This Heat  - This Heat
Piano Recordings - 1978
bo

Duela ia hogei urte, internetek gure bizitza eraldatu baino askoz lehenago, amets egiten genuen etengabe eta gure burutxoari buelta eta buelta eragiten genion izen mordo batekin, bigarren edo hirugarren belaunaldiko artistek uneoro aipatzen zituztenak, baina artean guk inoiz entzun gabekoak, gutako baten baten anaiak edo ezagunak Alemaniara edo Ingalaterrara joateko aukera zuen arte, bere ogerlekoak hartuta eta freak bildumazalearen genea odolean. Une horretantxe, tape-ak -kaletarron hizkeran zintak- grabatzeko prozesua abiatzen zen, eta arnas batean, -tira, batzuetan prozesua moteltzen zen grabatzaileak hartutako sustantziak zeintzuk eta zenbat ziren-, zure esku zegoen altxor preziatu hura, hori bai, soinu ezin kaskarragoarekin.

Horrelaxe entzun nuen lehenengo aldiz This Heat taldea, Londreseko hegoaldean 70eko hamarkadaren erdi-amaieran eratutakoa, eta merezimendu handiz goraipatua. Thatcherren Ingalaterra agortezinean sortu ziren talde guztien arteko pertsonalenetako bat eta itzal handia utzi zuenetako bat zen. Hasiera batean, 1976an, bikote bat zen taldea: Charles Hayward bateriaz teklatuez eta ahotsez arduratzen zen, eta Charles Bullen gitarraz, klarineteaz eta ahotsez. Baina behin betiko formazioa Gareth Williamsek ezarri zuen 1977an, baxuaz, ahotsez eta organoaz arduratuko zelarik.

1979an testu honen ardatza den disko kintaesentziala grabatu zuten, kontzertu gutxi batzuk jo -zoritxarrez ez zuten oso sarri jotzen- eta entsegu ugari egin ondoren; areago, kantuetako asko entsegu-lokalean bertan grabatu zituzten. Ororen gainetik esperimentazioa eta avant-garde-a nagusitzen da, ez soilik arlo musikalean, baizik eta grabatzeko moduan ere, arlo horretan ere aitzindariak izan baitziren; baina musika xamanikoaren, rock progresiboaren, psikodeliaren eta krautaren elementuak ere badaude. This Heaten musika izugarrizko arte-collagea da, mugarik ez duen musika, sentsazioen katarsia, eromena eta burutik pasa ahal zaizkizun gauza guztiak. Beren eragin nagusia Faust taldearen lehenengo diskoetan badago ere, ingeles peto-petoen erara, 60 eta 70eko hamarkadetako anglosaxoien ondare zabal-zabaletik edan zuten eta beren iragazki propiotik pasatu zuten, soundscapeak barra-barra erabiliz, literatura bizarroa, kaseteak manipulatuz, erritmo gihartsuak eta musika konkretuaren zantzuak.

Beren bigarren eta azken albuma, Deceit izenekoa, bi urte geroago atera zuten, 1981ean, baina beste artikulu oso bat merezi du. Tamalez, handik gutxira zapuztuko zen talde paregabe honen ibilbidea, baina modu kontzientean edo inkontzientean utzi duen arrastoak underground unibertsoaren zabalean dirau 30 urte geroago.



Aitor Guezuraga
Madril, 1977
musika banatzailea
www.atmosferabrupta.com