Kafe aleak 28
k&g
 Eva González
Janis Joplin  -  Anthology
CBS - 1980
bo
Janis Joplyn by bobbybou on Grooveshark


Nire bizitzari soinu banda bat jarri beharko banio, Janisen kantuek toki berezia izango lukete bertan. Musikarekiko interesa haurtzaroan sortu zitzaidan arren, urte batzuk geroago lortu nuen lehenengo musika ekipoa, diskoak aukeratzeko sorta zabala baina diskoak erosteko aurrekontu urria nuela.

Garai hartan oso ezaguna bihurtu zen nire auzoan irrati pirata bat, eta auzoko gazteok txandak egiten genituen behar zen edozein gauzatan laguntzeko. Gure nebak, bertatik sarritan ibiltzen zenak, diskoak ekarri ohi zituen etxera maileguan, besteak beste, Jimi Hendrix, Lou Reed, Iggy Pop, eta Joplinen bilduma disko bikoitz hura.

Lehenago ere entzun nuen hari buruz, Woodstock, neurrigabekeriak... Bere itxura hippyak erakartzen ninduen, baita bere jarreretan antzematen zen asaldurak ere; baina bere musikari ez nion inoiz arretarik eskaini...eta Anthology pintxatu nuenean...Oh my god!! zer zen hura? Jakina, kontzentrazio handiagoa merezi zuen, ama inguruan xurgagailua pasatzen ari baitzen, eta neba txikia korridorean baloiarekin jolasean. Gaua heldu arte itxaron nuen eta denak lotan zeudela egongelako atea itxi nuen, nire burua baino handiagoak ziren entzungailuak jantzi nituen eta Janis unibertsoan zehar abiatu nintzen.

Piece Of My Heart, ordura arte ez nuen entzun inor horrenbesteko indarrez garraxika, zarraztaka, literalki bihotza erauzten ari balitzaizkio bezala.

Summertime, Gershwinen kantuaren bertsioa; suposatzen dut nik ez nuela oso argi bluesa zer zen, baina itxura basatiko neska zuri eta hauskor hark filmetako beltzek bezala abesten zuen.

Little Girl Blue kantuak larruazala lazten dizu lehenengo notatik, eta hitzetan agertzen den neska bezain triste sentiarazten zaitu; ziurrenik bere buruaz arituko zen Janis.

Ez nekien oso ondo nola barneratu entzuten ari nintzen musika hura guztia, baina, zalantzarik gabe, inork ez ninduen ordura arte modu horretan hunkitu, berak kantatuz hunkitu ninduen bezala, gorputz eta arimaz.

Ez dakit zer ordutan oheratu nintzen, zenbait kantu hamaika aldiz entzun nituen...baina, zer demontre gertatu zitzaion emakume horri horrela kantatzeko? Beranduago ulertuko nuen: minutu eta nota bakoitza azkena balitz bezala bizi eta kantatzen zuen. Horrelaxe iradokitzen digu Get It While You Can kantuan: “ahal duzun bitartean lor ezazu” esaera azken hariraino eraman zuen, dena nahi zuen eta, nahiz eta ziur aski berak ez jakin, gutariko askoren ustez lortu egin zuen.

Eva González
Bilbo, 1967
Musikazalea