Kafe aleak 29
k&g
 Asier Mendizabal
The Clash  -  Sandinista!
CBS/Epic - 1980
bo
sandinista! by bobbybou on Grooveshark

1

Mundu eskuragarri eta konektatuaren fantasia historikoak, globalizazioaren forma ideologikoa bereganatu aurretik, internazionalismo izenean izan zuen gorpuzte politikoki aktiboa. Inork ez zuen orduan imajinatzen termino hori laster baztertua izango zela. Internazionalismoaren diskurtsotik globalizazioaren erreferente berrirako iragaitea, errestaurazio neoliberala proposatzen zuen mundu-ikuskeraren aldaketaren zeinu kondentsatu modura proposa genezake. Thatcherismoa indarrez agertu zen 1979an. Reaganek norabide aldaketa sendotu zuen 1981ean. Bi urte horien artean, 1980an, The Clashek disko hirukoitza grabatu zuen Sandinista! titulu adierazgarriaz (eta CBSri katalogoan albuma identifikatzeko FSLN-1 erreferentzia kolatzeko keinua eginaz, garaipen pirrikoa hura!) eta ez zen izan ezer berriren hasiera, ulertarazi nahi izan den bezala, baizik eta, amaiera. Zerbait berriaren amaiera.

Ordurako, punk sentsibilitatea kolonietako musika-kulturetara, gehienbat karibeko immigrazioaren bidez, zabaldu izanaren ardura, hein handi batean, The Clashena bazen ere, Sandinista! diskoari esker sentsibilitate hura forma koherente bilakatuko zen. Zeinu politikoa. Orduan utzi zion metropoliaren hiritar berrienen exotismorako jite izateari, hibridazio-egitasmo kontziente bihurtzeko. Hip-hopak bat egiten du disko hirukoitz horretan ordurako jorratuak zituzten ska, reggae eta dubaren esparruekin. Fusioaren ideia horrek topikoa dirudi, ondorengo urteetako desideologizatze-prozesua Troiako zaldi gisan lagundu zuen proiektu musikala world music delakoa izan baitzen, hots, munduko musika, esan gabe doa, gainerako munduko musika.

Sandinista! ez da, hortaz, kultur-aniztasunaren gogo akritikoa aurreratzen duen diskoa, baizik eta epitafio goiztiar moduko bat internazionalismoaren proiektu politikoa mainstreamean txertatzeko diskoak berak sortutako aukerari.

1980a hasi baino lau egun lehenago, sobietar armadak Afganistaneko gobernu sozialistari CIAk finantzatutako muyahidinen aurka ematen zion babesa inbasio bihurtu zen ofizialki. Egun horretan bertan, The Clashek kontzertu benefikoa eman zuen Londresen, Kanbodian Pol Poten erregimena eroritakoan Thailandiara ihes egiten ari ziren errefuxiatuei laguntzeko. Hamarkada berriaren hasierak historiaren bilakaeran aldaketa bat inposatu zuen, gure garaikidetasunaren errelatoaren fundatzaile izanen zena. Errestaurazio aro bat. Imajina liteke, fikzio historiko gisa, ekintzen eta interpretazioen bestelako bilakaerarik, The Clashen aholku tolesgabeak lagunduta, munduko txoko guztietako gatazka bakoitzaren garrantzi erabakigarria begi bistatik ez galtzeko.

2.

Sandinista!, bestalde, oso disko estatubatuarra zen. Ia disko osoa New Yorken grabatu zen, eta hiri horri eskaini zioten abesti bat, talde zuri batek grabatutako lehenengo rapa izan litekeena. Keinua profetikoa zen. Abestiak ez zuen asmo profetiko hori, nahiz eta bere titulu iradokitzaileak apokalipsiaren geroko ikuspegiak pentsarazten dizkigun. "Lightning strikes (not once, but twice)". Tximistak jotzen du (ez behin, baizik eta birritan). Afganistanetik New Yorkera eta buelta. Historia ez zen amaierara heldua, ez horixe.

3.

Uste gabeko ondorio txiki modura, The Clashek internazionalismoaren proiektu politikoarekin izan zuen identifikazio argi hark lagundu zuen, lau urte geroago, euskal gazteen belaunaldi oso batek punkaren paradigma estigma deserosoen aztarnarik gabe asimila zezan; Kortaturen Nicaragua Sandinista kantua lasaigarri zitzaien, lehentasun handiagoko determinazio ideologikoei leial jarraitzeko. Ortodoxia abertzalearen mesfidantza uxatuko zuen bermea zen, fenomenoa hasieran lumpentzat hartua izatetik amaieran identifikaziozko irudikari komun baten tolesik gabeko eraikuntzan ofizialdu zen arte. Sandinista! album hirukoitza inflexio puntu historikoa ekarri zuela argudiatzea metafora gisa baino defendatu ezin bada ere, Euskal Herriko irudikapen politikoaren historian duen esanahiaren kasu konkretuan, bere posizio angeluarra eta eragin zituen ondorio zuzenak oso errealak eta zehatzak dira. Uste gabeko une eta lekuan izan zen arren, musikaren bidez gauza konkretuak aldatzeko helburu ustez inozoa bete zuen.

4.

Beste nonbait adierazi izan dudan bezala, Clash irudikaria eraikitzen duten estrategia sinboliko paragerrilarien azken eduki erreala taldearen gizon-anaitasun kodean inplizitu dagoen gozamen libidinala da. Taldea ekinean. Ekinak eraikitako taldea. Bigarren mundu gerraz eta gerra parafernaliaz zuten liluraz galdetuta, erantzun itxuraz saiheskorra eman zuen Paul Simononek, hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako gerra-pelikulekiko zuen pasioari egotziz, bereziki bigarren gerra handikoei. Erantzun horrek, lehen aipatutako benetako koska ulertzeko gakoa ematen zuen, ez zuen bere konpromiso maila ezkutatzea helburu. Simononek aipatu zituen film horien guztien abenturak narratzeko era berbera da funtsean: gizon arnegari, moldatu gabe edo zokoratuen talde batek, leialtasun, fideltasun, traizio eta erredentziozko dialektika erakusten du, banakako gaitasunen akzio bateratuaren bidez. The Dirty Dozen-etik hasita Kelly’s Heroes-era.

Bere kode propioa eratzen duen talde baztertuaren fantasia horretan, Clash taldea zen giza talde problematikoaren errealitatea nahastu egiten da giza talde horretatik eraiki zituzten fikzioekin. Halabeharrak nahi izan zuen elementu horiek guztiak protagonisten biografietan elokuenteki konbina zitezen. Taldearen banaketa traumatikoaren ondoren, baina berak utzitako ondare estetiko-politikoarekin bat eginez, Alex Coxek 1987an egindako pelikulan parte hartu zuen taldekide bakarra Joe Strummer izan zen. The Clashen abesti baten izena zuen: Straight To Hell. Spaghetti western eldarniozko hartan, garaiko punk britaniar eszenako kide ugari agertzen zen. Zantarkeria neurrigabe hartan musikariek lapur marjinalen talde bat antzezten zuten, lehen aipaturiko generoaren fantasia guztien erdian.

Ez zen oso bestelakoa, asmoen bakuntasunari begiratuta, Clasheko kideek beren garairik onenean grabatu  zuten film labur amateurra, Hell W-10 izenekoa, non West-Endeko lapurrarena egiten zuten. Londreseko infernua Almeriako basamortua bihurtu zen, bertan grabatu zuten Coxen filma, modu inprobisatuan; izan ere, musikariek (Elvis Costello edo The Pogues barne) elkarrekin han geratu zirela aprobetxatu zuen zuzendariak non eta Nikaraguan antolatutako bira bertan behera geratu zenean.

Gobernu sandinistaren mesfidantzak izan omen ziren programatutako bira pikutara bidali zutenak. Ez dut inoiz egiaztatu, baina si no vero, ben trovato. Urte hartan, Cox eta Strummer beste zinema-proiektu askoz konplexuago eta kontzienteago batean murgildu ziren: Walker. Joe Strummerrek soinu banda osoa idatzi eta aktore moduan paper bat egin zuen. Filmak abentura belikoen generoari buelta ematen zion. Gerraren koartada historikoaren bidez anaitasun eta adiskidetasun istorio huts bat kontatu beharrean, oso kritika politiko egokia osatu zuen zenbait filibustero moldakaitzen istorio itxuraz hutsalaren bitartez. Filmeko pertsonaiek, hemeretzigarren mendeko protopunk antzarekin, Straight To Hell-eko desklasetuen karikaturak ziruditen patina historiko batez margoturik. Horren ordez, William Walker filibusteroak, Ipar Amerikako finantza-kapitalak lagunduta, mertzenario talde batekin Nikaragua inbaditu eta 1856an herrialdeko presidente autoizendatu zeneko kapitulu historikoki zuzen (baina probokatzaileki akastun) bat berreraiki zuten, iparramerikarrek Erdialdeko Amerikan egin zuten esku-hartze kriminalaren erdian filmatutako film hura zazpi urte lehenago The Clashek gai horri eskaini zion albuma baino keinu militante etsituagoa zen, ezinbestean.

Asier Mendizabal
Ordizia, 1973
Ikusizko artista