|
|||
Álvaro Fierro |
|||
Sam Cooke With The Soul Stirrers - Sam Cooke With The Soul Stirrers Specialty 1964 |
|||
Bere
lana autoekoiztu zuen lehenengo artistetako bat izan zen, eta horrela
negozioaren bi planoetan kokatu zen –gaur egun, guretzat, kontu arrunta
da hau–. Modu bikainean uztartu zituen bi planoak eta dirua irabazi
zuen, batez ere, musika zuriei salduz. Ondoren etorriko zen
merkantilizazioak (You Send Me kanta da horren erakusgarri) eta
zerrendetan lortutako lehenengo postuek ez lukete lausotu beharko
ministro protestante baten semearen zintzotasuna –eta sua–. Mississippi
aldeko Clarkdalen jaioa, baina Chicagon hazia, bere doinuekin gutariko
asko (birtualki izan bazen ere) kristautasunera bihurtu gintuen
lehendabizikoz entzutean. Bere
ahotsak, belaunikarazten gaituen aldare horrek, 1950ean Soul Stirrers
taldean sartzera eraman zuen –orduan RH Harris zen taldearen gidaria–
eta Touch the Hem of His Garment bezalako kantuak grabatu zituen, non
fraseatzeak eta backbeat-ak zazpigarren zerura eramaten gaituzten.
Hemeretzi urte besterik ez zuen eta How Far Am I from Canaan kantuaren
edertasuna adin horren duinekoa da, xahutasunagatik, pasioagatik eta bere erabateko
biluztasunagatik. Bost hamarkada geroago Specialty zigiluak berriro
argitaratu zuen, hamar kantu gehiagorekin –25 guztira–, Peace in the
Valley abestiarekin hasten den disko hau, gospelarekin harremanik izan
ez zutenentzat bataioa eta soulerako zubia eraikitzeko materiala izan
zena. Gerora etorriko zenak beste atal bat mereziko luke. Álvaro Fierro Bilbo, 1978 Musika
kazetaria |
|||