Kafe aleak 32
k&g
 Ramón Basanta
Glenn Gould  -  Bach. The Goldberg Variations, BWV988
CBS Masterworks - 1982
bo

Isiltasun beharrez gabiltza eta, aitzitik, zarata ekoitzi eta ekoitzi besterik ez dugu egiten. Ezin dugu saihestu harrokeriak barruan dugun mandeulia kanporatzea. Ezinezkoa zaigu isilik egotea eta entzutea. Eta hara nor datorren hona, hau idaztera. Ez dut barkamenik. Aitzakiarik bai, ordea: hamarkadetako erasoen aurkako erantzun neurritsua da hau.

Leku musikal komunen bilduma erraldoi baten aurrean gaudela, jada ez dugu babesik bilatzen eta gainean kaka egin diezaguten uzten dugu. Edozein kafetegitan. Edozein tabernatan. Edozein igogailu edo jaisgailutan. Edozein auto, autobus edo metrotan. Hegazkinean. Leku publiko eta leku pribatu guztietan.

Hortxe dago, uneoro, ekin eta ekin, garen merkantziak bihur gaitezen tematuta. Saiatzen naiz belarriak urruntzen berarengandik, baina alferrik. Musikazko uger geruza horrek jazartzen nau noranahi noala, buruan nuen hori suntsituz. 80etako Sestao hartako mantu gris eta nabarraren modukoa, zikin eta ikusezina, inguratzen gaituen irudizko larruazalaren modukoa.

Isiltasuna sortzeko moduetariko bat da zarata agertzen uztea, edo bideratzea, azaleratzen lagunduko duten soinuekin, antzeman dezagun. Isiltasun hori ezinezkoa da eguneroko fisikan, baina posible da erlazioen arte batean, une guztiek orainaldi bat osatzen baitute. Une ezohikoa eta aratza, hainbestetan birziklatuak izateagatik ahalmen ongarririk ez duten minda musikalen artean. Merkantzia horien guztien artean, beti ezkutatzen dira zenbait musika liluragarri eta antzu, berariaz edo ustekabean aurkituko ditugunak, edo aurkituko ez ditugunak.

Gure merkantzia musikala. Produktu edo zerbitzu ororen propagandazko estaldura zaindua. Jan ere ezin dugu egin bera gabe. Maitatu ere ezin dugu egin bera gabe. Hil ere ezin gara egin bera gabe. Ezin diogu ihes egin bere baimenari existitu ahal izateko. Ezin funtzio mentalik edo korporalik burutu bera gabe, bere ikuskapen eta onespenik gabe.

Teknologiarik aurreratuenarena eta ergelkeriarik aurreratuena konbinatuz, huskeriarik nabarmenenak lortu ahal izango ditugu, behingoz. Horrela, egunero sortzen dira astakeria musikal berriak, gure belarrietarantz narrasean datozenak, likitsu, beren arbasoen larruazal abandonatuen artetik.

Gure belarri errukarrietan onartzera eta egokitzera behartuta gaude. Batzuetan, gure zoritxarrerako, burmuineraino heltzen dira. Beharbada, gorputzerako beste sarbide egokiago batzuetan prozesatu beharko genituzke.

Identitatez -ortodoxoz edo eklektikoz- janzteko musikak dira, eta (kontsumo-) taldetxoak sortzeko, berehala osagarriak jariatuko dituztenak. Popa eta asaldura. Rocka eta asaldura. Adimen militarra. Klasikoen bidezko lasaigarriak. SMS bidezko doluminak. Egokitzea. Zurikeria. Menderatze musikala. Tortura.

Ezbairik gabe, musikazko mekanismo narkotikoak zehaztasun handia lortu du azken urteotan, segmentu objektiboekiko merkatu-sinbiosi handiagoz posizionatutako hamaika etiketa erabiliz. Hain zehaztuta dago, non Guantanamoetan erabiltzeko paketeak ere baitaude.

Disko bat aukeratzearren, 1982an CBS Masterworksek ekoitzitako eta merkaturatutako disko konpaktua proposatzen dut, erreferentzia CD37779 duena. Bertan Glen Gouldek pianoarekin interpretatzen ditu Kalbezinerako Goldberg Bariazioak (BWM 988), Johann Sebastian Bachek 1741ean argitaratutakoak.

Disko komertziala da, hitzaren zentzu osoan: asko saldu zen, bere kategoria zein den aintzat hartuta. Oso erreferentzia entzunerraza da, mitomania eta bitxikeria puntu batekin (popak hala eskatzen du eta) eta oraindik erakargarria suerta dakioke sentsibilitate garaikideari.
Badirudi Bachek duen izaera konstruktibo eta gardena horretarako eginda dagoela. Ia musika elektronikoa bailitzan. Technoa da. Birtuala da. Patroiak iradokitzen ditu azpian dagoen etengabeko zerbaitetik. Gouldek izaera hori areagotu zuen, eta gainera aitzindaria izan zen teknologiaren eta estudioko lanaren ahalmena barneratzen eta aplikatzen diskogintzaren produktuetan, gerora musika popularrak masiboki erabiliko zuena. Aitzindaria izan zen, halaber, kontzertuak egiteari uzten, pop industrian originalenak eta errentagarrienak omen ziren interprete zenbaitek egingo zuten bezala. Horrekin batera, interesgarria da
interpretazio kontzeptuaren elastikotasuna, musika-notazioaren erreprodukzio fisikotzat hartua. Ai, interpreteak, “beren burua goraipatzen duten horiek”, Ferlosiok zioen moduan popaz hitz egiten. Uste dut abiapuntu egokia izan daitekeela berriagoak baina ez hain publizitatuak diren musika batzuk miatzeko.

Egia esan, aukeraketa honek ez du axola handirik. Axola duena da bestelako gauzak entzutea ahalbidetzen duten egoerak sortzea. Eta, ondorioz, testuinguruak sortzea musika entzuteko, eta ez soilik kontsumitzeko. Diskoa erreferentziatzat har dezake ezagutzen ez duenak, baina aitzakia hutsa baino ez da. Kafea eta Galletak ekimenak gelditu eta entzuteko eskaintzen duen aukera aprobetxatzeko aitzakia. Gaur egun ekintza subertsiboa dena.

Saiakerak egiteko zenbait iradokizun:

Monteverdi. Vespro della Beata Vergine. 1610. Duo seraphim, a 3 voci
Xenakis.
Concret PH. 1958
Takemitsu.
Echo I
Russolo.
Risveglio di una citta. 1913
Prokofiev.
Sonata nº 7 - Precipitato 1939-1942
Henry.
Variations pour une porte et un soupir. Fièvre 2. 1963
Cage.
The Perilous Night: No. 2
Debussy.
La cathédrale engloutie. 1910
Barber.
Lingua Ludens. 1994

Bach:

  • Das Wohltemperierte Klavier. BWV 846: Präludium Nr 1. C-Dur. 1720-1722

  • Matthäus Passion BWV 244, Part I: 27a. Aria y Coro II: So ist mein Jesus nun gefangen – Laßt ihn,  haltet, bindet nicht! 27b. Coro I & II: Sind Blitze, sind Donner in Wolken verschwunden? 1727

  • Das Wohltemperierte Klavier. BWV 847: Präludium Nr 2. c-Moll. 1720-1722

  • Klavierübung: Aria mit verschiedenen Veränderungen (Goldberg-Variationen). BWV 988. Aria da capo 1741-1742


Ligeti:

  • Poème Symphonique pour 100 metronomes. 1962

  • Continuum for clavicembalo. 1968

  • Réquiem. 1963–6

Händel. Oratorio per la Resurrezione di Nostro Signor Gesù Cristo, HWV 47, Seconda parte: Aria: Ecco il sol ch'esce dal mare (S. Giovanni). 1708

Stockhausen. Structure 24

Edo Discépolo, jakina.

Ramón Basanta

Cedeira, 1967

Musikazalea