Kafe aleak 33
k&g
 Eduardo Ranedo
Richard & Linda Thompson -  Shoot out The lights
Hannibal - 1982
bo

Une gogoangarri ugari daude bikote honek, beren arteko harreman sentimental eta artistikoak iraun zuen bitartean, argitaratu zituen dozena erdi diskoetan. Halere, ez da arraroa aurkitzea uste duenik honako hau, bikotearen azken lana, guztietan onena dela. Kantu ilun eta zorrotzak biltzen ditu, sentimendu fatalistaz josiak, haustura garratzaren isla direnak eta biolentzia uneak ere gordetzen dituztenak. Txarto gogoratzen ez badut, komertzialki arrakastatsuena izan zen.

Egia esan, ernaltzea eta erditzea zailak izan ziren. Sunnyvista diskoaren salmenta eskasengatik zigilurik gabe geratu ziren, eta Gerry Raffertyren laguntza onartu zuten -bere telonero izanak ziren-. Laguntza ekonomikoa, grabatzeko eta kontaktuak lortzeko laguntza, baita lan berria argitara emango zuen zigilu bat lortzeko ere. Gatazka horiek, 1980ko udan gertatu zirenak, eta diskoa grabatu bitarteko bi urte horietan gauza ugari gertatu zen. Batetik, tentsio uneak Rafferty eta Thompsonen artean. Lehenengoak soinu konplexu eta landua lortu nahi zuen, bigarrenak bat-batekotasuna zeukan helburu. Proiektua bertan behera geratu zen, Joey Boyd ekoizle mitikoak Hannibal zigiluarekin sinatu zuen -bera arduratuko zen azken sesioez-, eta Raffertyrekin erregistratutako materialaren zati handi bat berriro grabatu zen, Simon Nicol gitarra-jotzailearekin, Dave Mattacks bateria-jotzailearekin eta Peter Zorn baxu-jotzailearekin. Bestetik, hirugarren semearen haurdunaldia eta erditzea. Eta gutxi balitz, ia-ia diskoaren argitalpenarekin bat eginez, harremanaren haustura, Thompson ordurako maitale batekin zegoelarik buru belarri.

Boyden asmoa grabaketa bizkor eta merkea egitea zen, Estatu Batuetatik bira bat egiteko dirua gorde ahal izateko, baina ideia pikutara joan zen: bikoteak ezin zuen elkar ikusi. Kontratazio agentzien presioek, eta kontzertuak egin ezean, Ipar Amerikan izango zuten etorkizun artistikoaren inguruko mehatxuek errepidera eraman zituzten. Emaitza: kontzertuotan tentsioa labana batez moztu zitekeen. Simon Nicolen esanetan bazirudien Richardek Lindarentzako kantuak idazten eman zituela ezkondutako urteak, hautsi ondoren kantatzeko. Boydek kontatu zuen Providencen Lindak ostiko bat jo ziola Richardi hankazurrean, honek gitarra-solo bat jotzen ari zela. Beste batean, Buffaloko aireportuan, botila bat jaurti zion.

Hori guztia jakinda, Walking On A Wire bezalako kantuak entzutea zirraragarria da: “Non dago justizia eta non dago zentzua oinaze osoa alanbre-hesiaren nire aldean dagoenean.” Harremana hautsita dagoela...eta zure esku ez dagoela ezer islatzeko kantu erabatekoa. Baina zenbait kantu gehiago ere badira: Don’t Renege On Our Love, esaterako, Was She Jumped Or Was She Pushed? edo, Walking On A Wire bera, nire gogokoena, zehazki kantuaren amaiera, Richard bigarren ahotsarekin sartzen den unea. Islatzen duen zirrara hunkigarria da oraindik orain.

Disko gogor, idor, elektriko eta tentsio handikoa da, baina aldi berean lirismo ikaragarria du. Gutxik, oso gutxik, jarri dute disko hau laurogeiko hamarkadako onenen artean...eta nire ustez, nekez konponduko den zentzugabekeria da. Gaur egun, biniloan zein CDan dago eskuragarri Shoot Out The Lights, 4 Men With Beards eta Rhino zigiluei esker. Rhinok Handmade sail goraipatuan -inportazioz lortzeko zail bezain garestia- berrargitaratu du luxuzko edizioan, argitaratu gabeko 11 kanturekin batera, zuzenean grabatuak diskoa editatu ondoko bira amerikar polemikoan. Disko funtsezko hori, kalitate eztabaidaezina duena, berreskuratu eta estimatuko ahal dute belaunaldi berriek! Agian gerizpean geratu baitzaie gure erruz, gauza hauek (besteren artean) gerta ez daitezen borrokatzeko eginbidea eduki beharko genukeenon axolagabekeriagatik.

Eduardo Ranedo
Bilbao, 1968
Musika kazetaria