Kafe aleak 34
k&g
 Silvia Buendía
Violent Femmes -  Violent Femmes
Slash Records - 1983
bo

Burutik jota zegoen emakume hura. Ezin ezer onik antzeman beragan, bere oihua besterik ez nuen entzuten kale ilun eta izoztu haren erdian.

Bereak egina zuen, baina orduko hartan konponezina zen akatsa. Bat-batean, buelta erdia egin eta alde egin zuen. Une batez zalantza egin nuen, jarraitu beharko nukeenetz, baina nire koldarrak bertan lotu ninduen, geratu ohi ginen tabernaren aurrean. Gurutzatu eta bertara sartu nintzen; beroak tupustean hartu ninduen. Betiko tabernazulo horietako bat zen. Zabala zen, kristalak higatuta zituen, hormetako pintura berdea horixka zegoen, bezeroek tabako gehiegi errea zuten bertan, eta marmolezko barra garai eta luzea garagardoz blaitua zegoen. Argia ahula zen, Manhattan bat eskatu eta buelta erdia egin nuen. Argia gero eta ahulagoa, hondoan, eszenatoki gainera hiru tipo agertu ziren peto bakeroa jantzita, folk estilo hutsean, gitarrak eta gitarroi bat hartuta. Gordon, Brian eta Guy prest zeuden. Violent Femmes ziren.

Jendea hurbiltzen hasi zen eta nik jarraitu nien, inork ez zidan itxaroten eta horrek lagunduko zidan nire buru gaixotua entretenitzen.

Gordon hurbildu zen eta lehenengo kantua izango zena, Blister In The Sun, aurkeztu zigun, hasiera bikaina gitarroiarekin eta bateriarekin rockabilly estilo garbi-garbian. Berehala, estasi bitxi batek kutsatuta bezala, mugitzen hasi ginen gero eta intentsuagoa zen musika harekin, danbor handi baten barruan sartu izan bagintuzte bezala bat-batean asfaltoaren gainerantz jaurti aurretik. Erlaxatzeko aukerarik eman gabe, gau hartan nuen aldartearekin bete-betean zetorren kantu batekin jarraitu zuten, Please Do Not Go erregutzen zuten ahotsek, logura balira bezala; hainbesterako zen non praketako sakelan bilatu nuen telefonoa bere zenbakia markatzeko asmoz, baina berriro ere, nire adore eskasak bulkada hori bertan behera uztera eraman ninduen.

Bere ganbara zaharrean diskoak jartzen zizkidan, eta ondorengo kantua bertan entzuna nuela iruditu zitzaidan: Confessions, presaka dabilen gizarteari egindako kritika lasaia, nirea bezalako gizarteari eta betebeharrei; kantuaren hitzak eta gitarra ahitu eta kexati haien musika nireganantz abiatu ziren lantza zorrotz bat bailiran.

Kopa hustu nuen eta barrarantz egin nuen berriro. Zerbitzari zaharrak zakar begiratu zidan beste bat jartzeko eskatu nionean. Ahots biluzi bat hasi zen entzuten, inolako akonpainamendurik gabe, eta jarraian erritmo itsaskor batek Add It Up izenez aurkeztu zuten abestian murgilarazi gintuen. Amaitutakoan, eta kontzertuak eragin zidan asaldura askatu ezinik kalera irten nintzen, korrika ateratzeko gogo izugarriz.

Biharamunean, ahoa hareaz beteta eta buruko min itzela nuela, gauaren lehenengo ordu haiek besterik ez nituen gogoratzen. Altxatu eta bere gauzak desagertu zirela ohartu nintzen. Bakarrik geratzen zen berak behinola ahantzi zuen zerbait, Violent Femmesen disko hura. Jogailuan jarri nuen eta entzun nuen, hasi eta buka.

Porrot egin duen baten istorioaren zati bat da hau, erdipurdiko bizitza bat, non musikak, azkenean, ia dena sendatzen duen.



Silvia Buendía

Bilbo, 1975

Musikazalea