Kafe aleak 38
k&g
Jeleton
Λένα ΠΛατωνος  -  Μάσκεσ ηλίου
Lyra - 1984
bo

Duela gutxi disko hau aipatu genuen gure lagun Euripidis Sabatisen liburuan. Hain zuzen ere, testu hau beste haren jarraipena da. Asko entzuten dugun disko bati buruz ez dakigunaz hitz egingo dugu. Guretzat, Londres-Atenas deitzen dugun marrazki, testu, argazki, bideo eta oroitzapen multzoarekin du zerikusia. Londres- Atenas gatazka baten izena izan daiteke, bi punturen arteko distantziarena, edo
toki batean egon eta beste baten gainean pentsatzeko modu batena.

Diskoa Atenasen ezagutu genuen, 2004an. Londresera eta Atenasera bidaiatu genuen hirien arteko bidaia, eragin, truke eta arpilatzeen zenbait ardatzek nola funtzionatzen duten aztertzera. Partenoiko marmolekin zer gertatzen zen ikusi nahi genuen, Londres eta Atenasen artean banatuta baitzeuden. Hiri bietan aurkitu genituen lagun onak musikari esker. Atenasen, Aristomenisek Lenaren aurreneko
diskoak grabatu zizkigun, eta zirrara handia eragin ziguten. Berak kontatu zigun Lenak, kanta batean, kalean aurkitutako eskolako koaderno bat irakurtzen duela. Koadernoa Hesperia Iris Greca deitzen den neska batena da. Horrela deitzen da kanta, ςπέρια Ίρις Γκρέκα (Hesperia Iris Greca), baina beste disko batean dago, Λεπιδόπτερα (Lepidoptera), (Lyra, 1986).

Lenak dio Maskes Iliou diskoan Cholargosen eta Papagoun egindako paseoez hitz egiten dela. Beste batzuek diote Lenak bere egunkari pertsonalez, emigratzaileez, haurtzaroaz, merkataritza-guneen botereaz eta gure bizitzetan ordenagailuek duten eraginaz hitz egiten duela kantetan.

Alexandriari buruzko beste disko bat idatzi zuen, inoiz han izan gabe. “Nire ametsean soilik ikusi dut. Zerbait sinestezina ikusi nuen: koloreak, urrezko eguzkia, ilunabar bat Alexandriako portuan”. 2010eko udan Alexandriara joan ahal izan ginen Londresi eta Atenasi buruz marraztera, eta astebetez egunero ikusten genuen ilunabarra portuan. Orain marrazki horietan ikusten dugu nola egiten duten bat egunkari pertsonalek, paisaiak eta politikak.

Lenak pianoa ikasi zuen Atenasen, bere aitarekin, eta irrati arabiarra entzuten zuen. Gero Vienan eta Berlinen jarraitu zuen ikasten. Bidean, jazzera, rockera eta ekialdeko musikak deitzen duen horretara hurbildu zen. “Ekialde nahikoa izan behar da”, dio. Yamaha C 100 bat erosi zuen, bizikletan pasatzen zenean merkataritzaguneetatik zetorren soinua entzun zuen, eta bere etxeko hozkailuarena.

Platonosen musikaren deskribapen bat grekotik euskarara automatikoki itzultzen badugu, hauxe dio:

“Plato de diskoak jarraitu ikerketa bide horren bidez klasikoak bertsoz-koruak formularioa saltoak, diskurtsoa, hau da, melodia bat bezala tratatzen da, eta ahotsa sartzen elektronikoan interferentzia minimalismoan aldera bide luzea baten gainean zentratu da”

Maskes Iliou haren hirugarren diskoa da eta gure gogokoenetako bat. 2004tik oraindik ezin izan dugu jakin zer kantatzen den, edo esaten den, bere kantetan. Diskoaren izenburuak “eguzkitarako betaurrekoak” esan nahi duela uste dugu.




Jeleton

MªÁngeles Alcántara Sánchez. Murtzia, 1975
Jesús ArpaL-Moya. Barakaldo, 1972
Diseinatzaileak
jeleton.com


* Maskes Illiou, Lena Platonos


Creative Commons-en baimena