Kafe aleak 40
k&g
 Fermin Etxegoien
The Blue Nile  -  A Walk Across The Rooftoops
Linn Records - 1984
bo

Gonbida ezazue norbait etxera, atera iezaiozue kafe –edo te- bat. Gero jarri disko hau, iragarri gabe, garrantzirik eman gabe. Bolumen apalean jarri ere, nahi baldin baduzue. Zuen gonbidatua, seguruenik, hasieran ez da konturatuko, hasieran ez du –zuen gonbidatuak- ezer berezirik sentituko, hain apal, hain motel ailegatzen zaizkion doinuek eraginda. Laster zein berandu, ordea, galdetu egingo dizue “zer den” entzuten ari dena. Ordurako, Nilo Urdina eramaten ari baita zuen gonbidatua. Ordurako, seguruenik, Nilo Urdinak gela osoa hartu baitu, eta baliteke doinuen jario –itxuraz- lasaia zuen gonbidatuaren barnean ere sartu izana. Hortik aurrera konturatuko da, denbora kontua baitzen, doinu-jario -ustez eta- lasai horren baitan askotariko sentsazioak bizi daitezkeela. Itxurazko ambient geruza umelekin batera, funk eta elektronika kolpe lehorrak. Giro instrumental ilunen gainean, halako soul  kantaera behartu bat (modu ederrean behartua). Azkenean; ibilaldi, edo txango, edota osteratxo bat. Teilatuetan, edo sabaian. Edota ez dakit nola interpretatu behar dugun diskoaren izenburua.

Arestiko guztia –antzeko zerbait- ez bada zuen gonbidatuarekin gertatzen… nik ordainduko dizuet kafea.

A Walk Across The Rooftops (1984). Zazpi kantu luze, geldo eta atmosferiko. Ardo on bat edatea bezalako entzunaldia. Non, eta Eskozia euritsu… zein garagardo-zalean.

Disko honi buruz esan eta idatzi izan da, beste inoiz -nik dakidala- beste ezelango diskori buruz idatzi izan ez dena; Alternative Aor estiloko kantuak dituela.

Alegia; underground musika dela, baita guztiz kontrakoa ere. Posible ote, tamainako oximoron bat? Diskoak oso ongi iraun du azken ia hogeita hamar urte hauetan, zenbait ardo onek bezala. Laurogeiko hamarkadako soinu ekoizpen tipikoa daraman arren. Tira; tipiko-tipikoa ere ez. Bai erraz nabarmentzekoa, baina, laurogeietan ekoitzi zela.

Zazpi kantu luze, geldo eta atmosferiko. Melodiari gorazarre eginez, modu erromantiko eta malenkoniatsuan. Kontuz, halere; zuen gonbidatua ikusten ari naiz, bera bakarrik, dantzan ari dela, Stay kantuarekin. Era misteriotsuan, alaitasuna baitakarkigu Stay kantu oroi min zaleak. “The Blue Nile taldearen sonoritateak primeran adierazten du maitemina zer den. The Blue Nile taldearen musika gertuago baitago maitemina sentipenetik, maiteminduta egotetik baino” Melody Maker aldizkaria, 1989.
Hamar urte lehenago, Glasgow hiriko unibertsitatean zebiltzan Paul Buchanan (Ingeles Literatura) eta P. J. Moore (Elektronika) elkarren ezagun ziren txikitatik, biak ere Glasgow iparreko kale berdinetan hazita, eta 10 bat urte zituztenetik musika jotzeari lotu ohi zitzaizkion oso maiz. Robert Bell (Matematikak) graduazioaren ostean ezagutu zuten, tarteko lagunek koadrilara ekarrarazia. Segidan piztu zen hiruren arteko garra. Elkarri musika entzunarazten zioten urte haietan: Mahlerren
5. Sinfonia eta Marvin Gaye, esate baterako.
Hiru lagunak kantuak idazten hasi, eta haietariko bat argitaratu beharra zegoela erabaki zuten. Nola? Sor dezagun zigilu diskografiko bat (Peppermint Records), baina utz dezagun banaketa diskoetxe garrantzitsu baten esku (RSO Records). Modu honetan azaldu zen
I Love This Life kantua 1981ean. Ale gutxi fabrikatu ziren, baina ongi eginiko banaketaren ondorioz singlea BBCra ere ailegatu zen. Zoritxarrez, Polygramek RSO jan zuen urte hartan, eta akabo betiko singlearen bizitza. Halere, bigarren kantu bat grabatzeko aukera izan zuten (Tinseltown In The Rain) apur bat lehenago; baita Calum Malcolm estudioko ingeniaria sorgintzeko ere. Taldearen potentziala berak igarri, eta Linn diskoetxerantz zuzendu baitzuen. Halere, bederatzi hilabete behar izan zuten Linn etxekoek… hiru musikariak harrapatzeko, diskoetxearen deiei ez zietelako erantzuten! Arrazoia, singlearen esperientzia eskasaren ostean, bestelako zereginetan murgildurik zebiltzan.

Grabazioa bost hilabetez luzatu zen. Aurreko hiru urtean idatziriko zazpi kantu ageri ziren bertan. Orduan, parekorik ez zeukan bestelako sonoritate bat erakutsiz. Diskoetxeak emandako diru guztia, grabazio prozesuan xahutu zuten hiru musikariek.

Fermin Etxegoien
Oņati, 1966
Idazlea eta musika kazetaria
Musikatea