Kafe aleak 42
k&g
 Adolfo Marco
El último de la fila - Cuando la pobreza entra por la puerta el amor salta por la ventana
PDI - 1985
bo

El Último De La Fila ezagutu nuenean, ez zen ezer gertatzen beren kontzertu batera azkena heltzen bazinen, bertan leku nahikoa baitzegoen beti, eta artean lerroak ez ziren hain modakoak.

Udan izan zen eta, normalean, urteko sasoi hori aproposa izaten da gauza berriak deskubritzeko, denbora gehiago izaten baitugu dastatzeko eta gozatzeko. Isilka-misilka sartu ziren nire jakin-minaren zirrikituetatik; hasiera-hasieratik txunditu ninduten erabat berriak zitzaizkidan harmoniekin.

Espainola izateko oso talde berritzailea zen. Entzunak nituen Los Rapidos eta Los Burros, beren aurreko taldeak, baina azken honek, eta lerro hauekin omendu nahi dudan beren lehenengo disko honen izenak, argi eta garbi erakusten zuten talentu handia zegoela atzean: Cuando la pobreza entra por la puerta, el amor salta por la ventana (Pobrezia atetik sartzen denean maitasunak leihotik egiten du salto).

Eta dena gertatu zen iltzatuta geratzen zaizkigun gauzak etortzen diren gisan; izan ere, diskoa deskubritu nuen ia-ia taldea zuzenean ikustearekin batera. Zenbait aste lehenagotik nire LP gogokoenetako bat zen eta, Kordobako landazabalean abuztuko gauek isurtzen duten magiak inguratuta, kontzertu batera joateko aukera izan nuen.

Jaiak ziren Montalban izeneko herritxoan. Lurralde hori bisitatzen nuen lehenengo aldia zen niretzat: jende berria, hizkuntza berria (bertan hitz egiten den gaztelerak antz txikia du Burgosekoarekin), gauza berriak zaharrei gailen zekizkielako ezinbesteko itxaropena, nire bizitzako garai ilun bat gainditzeko... eta hori guztia Querida Milagros edo Dulces sueños abestien doinuek apainduta eta izarrak zirela eszenatoki bakarra.

Musikalki hainbat aukera gehiago egin nitzakeen arren, niretzako berezia izan den disko batez idazteko proposatuta, pentsatu nuen modu polita zela hau diskoari omenaldia egiteko eta ordainean emateko egun batean berak jakin gabe eman zizkidan gauzak.

Adolfo Marco

Pedrosa de Rio Urbel (Burgos), 1962

Musikazalea