Kafe aleak 44
k&g
 Lon Fernandez
Cowboys Junkies  -  Whites Off Earth Now
Latent Recordings - 1986
bo

Zuriak Lurretik kanpora orain!! Ez da proposamen txarra. Bono, Fito, Sting, Phil Collins, Muse... zuriak dira eta mundu (musikala behintzat) hobe batean biziko ginateke eurak barik. Baina ez zenuke liburu hau esku artean edukiko eta ez genuke diskazo hau entzuteko aukerarik izango; goazen harira, beraz.

Niri diskoak baino kantuak gustatzen zaizkit gehiago eta normalean kantuaren lehenengo konpasetan dakit gustatuko zaidan ala ez. Kantu ZUZENAk, GORDINAk, FRESKOAk... GUTXIREKIN ASKO ESATEN DUTENAK. Baina badaude beste mota bateko kantu eta diskoak, lehenengoan gustatzen ez zaizkizunak eta, hala ere, behin eta berriro hartzen dituzunak gustatu arte, zeozer daukatelako. Kategoria honetan sartu behar dut Cowboy Junkiesen diskoa, eta hau da gure istorioa:

Biniloz beteriko etxe batean bizi nintzen. Punk, hard rock, rockabilly, garage, hardcore, rhythm'n'blues... niri gustatzen zaizkidan kantu GORDIN eta ZUZENez beteriko bilduma. Baina aitak ez zidan biniloekin ibiltzen uzten (noizbehinka jartzen nituen baina arriskutsua zen!!). CDak heldu ziren eta horrek musika lasai entzuteko aukera eman zidan. Eta etxera heldu ziren lehenengo CDen artean bazegoen Cowboy Junkiesena. Suabeegia, motelegia, kantu luzeegiak: ez zitzaidan gustatzen... Baina zeozer zeukan eta urteak joan ahala (aitak azkenean utzi zidan biniloak erabiltzen!) gehiagotan entzun nuen, txortan egiten, bixamun domeketan, nobiak utzi eta deprimituta nengoenean, ikasten, siesta botatzeko...nire disko kuttunetakoa izan arte.

cow

Beharbada erakarri ninduen zeozer misteriotsu hori ez da hain misteriotsua: disko hau egun batean grabatu zen, zuzenean estudioan, mikrofono bakar batekin eta efekturik gabeko baxu, gitarra, bateria eta ahots batez baliatuz. Disko zuzen, gordin eta freskoa beraz, gutxirekin asko esaten duena.

Lon Fernandez
musika jartzailea eta Bilbo Hiria irratiko kidea
Barakaldo, 1977






Creative Commons-en baimena