|
|||
Txema Agiriano |
|||
Sonic Youth
- Sister SST - 1987 |
|||
Undergroundari agur esaten? Sister
1987an argitaratu eta Espainian atera zen Sonic Youthen aurreneko
diskoa izan zen. Grabaciones Accidentalesek kaleratu zuen. Egia esan,
bitxia ere izan zen disko hori argitaratzea erabaki izana, sasoi hartan
ez baitzen oraindik talde famatua. Orduko musika aldizkari nagusiak
ziren Rock de Lux -ek eta Ruta 66-ek
ez zioten artean ia kasurik egin. Zenbait urte geroago azalak eskainiko
zizkioten. Uste dut orduan Blast First diskoetxe inglesa erreferentzia
nagusiak argitaratzen ari zirelako eman zutela argitara diskoa.
Inportazioko diskoak lortzea nahiko garestia zen. Material zail apur bat
ekartzeko arriskua hartzen zuten denda espezializatuetan erosi behar
ziren –nik Universalen erosi ohi nituen, Bilboko Ledesma kalean– eta,
batez ere, posta bidez. Orduan ez zegoen internetik eta informazioa
eskuratzea ere ez zen erraza. Maximumrockandroll eta Flipside fanzine estatubatuarrak erreferentzia garrantzitsua ziren niretzat. Gure rock eskolarik onena Paloma Chamorroren La edad de oro
programa izan zen, 1983 eta 1985 urteen artean TVEn eman zutena –orduan
telebista kate bakarra–. Han ikusi genituen zuzenean Alan Vega, Nick
Cave, Tom Verlaine, Psychic TV, The Lords of the New Church, Residents,
Johnny Thunders… Sonic
Youth penintsulara ekarri zuen aurreneko bira 1988koa izan zen.
Urriaren 5ean, asteazkenarekin, Gasteizko The End aretoan jo zuten.
Karteletarako Sister diskoko irudiak erabili ziren eta sarrerako irudia, taldearen argazkiarekin, Evol
aurreko diskoaren kontraportadatik aterata zegoen. Antza denez, kartela
izugarri gustatu zitzaien Sonic Youtheko kideei, geroago haien
bideoklip dibertigarrietako baten eszenografian erabili baitzuten. Kontzertu benetan gogoangarria izan zen. Nik aurreneko ilaran pasatu nuen kontzertu osoan. Thurston bereziki piztuta egon zen. Gitarrarekin jolasten, publikoari eskaintzen… Kontzertuaren ondoren backstage-ra pasatu nintzen, eta taldea elkarrizketatu ahal izan nuen. Bertan zeuden eurak. Batez ere, Kim Gordonek egin zidan kasu, modu oso adeitsuan, eta berak erantzuten zituen galdera guztiak. Hartu ez nuen jatekoa eta edatekoa eskaini zidaten. Vodka zukuarekin ari ziren edaten. Steve Shelley bere bateria jasotzen egon zen. Lee Ranaldo berera zegoen. Thurstonek sandwichak jaten zituen bitartean erantzuten zuen, askotan esaldi nahiko inkoherenteak esanez. Kontzertuaren ostean, subidoi handia zuen. Bira hori Daydream Nation-en
Europako bira izan zen, hemen oraindik disko hori argitaratuta ez
bazegoen ere. Zuzenean ikusi eta gutxira, orduan aurkeztu zuten diskoaz
gozatu ahal izan genuen –hasieran inportaziokoa bakarrik–. Bestalde,
disko hori izan zen –popetik hurbilago zeuden kantuak baitzituen–
geroago indie-rock edoindie-pop
deituko zenaren hasiera, hemengo taldeei eragin zien estiloarena, esate
baterako El Inquilino Comunistari –93ko uztailean Madrileko Aqualungen
haien aurretik jo zuten kontzertu bikain batean–. Soinu berri baten
hasiera izan zen, eta Rock de Lux aldizkariak publikazio berria sortu zuen horren berri emateko: Factory.
Neurri batean, Acuarela diskoetxearen hazia izan zen eta, horrekin
batera, Benicassimgo jaialdiarena. Zerbait berria sortua zen, Nirvana
telonero izan zelarik Sonic Youthek egin zuen birari buruzko 1991 The Year That Punk Broke dokumentalean deskribatzen den bezala. Sister
aldaketa diskoa da Sonic Youthentzat. Talde heldu eta finkatu baten
diskoa da. Steve Shelley baterian zuen bigarren diskoa da, eta ordurako
guztiz ezinbestekoa zen. Taldearen jaiotza ikusi zuen New Yorkeko no wave-aren
eraginetik urrun. Aurreko lau lanetako noise, punk eta iluntasuna gorde
eta, era berean, esperimentazioan eta bide berrien bilaketan jarraitu
zuten. Bazekiten handiak zirela. Bazekiten soinu propioa eta botere
propioa zutela, eta horregatik desmitifikatu zituzten beren heroiak.
Hortik aurrera iritsiko zitzaien merezitako arrakasta.
Bilbo, 1965 Arte kritikaria, ikertzailea eta komisarioa |
|||