Kafe aleak 47
k&g
 Iker Barandiaran
BAP!!  -  ...bidehuts eta etxehuts...
SST - 1987
bo
bap-bidehuts by bobbybou on Grooveshark


Disko bakarra aukeratzea ia ezinezkoa den arren, Euskal Herriko bat hautatu dut. Andoaingo BAP!! taldea oso kuttuna da niretzat, eta Euskal Herrian ez da gerora sortu berau ordezkatu edo haren itzala ahantzarazi didanik; inor izatekotan Hondarribiko Dut, baina niretzat azken honek ez zeukan Babarruna ta Aza Potolo, Brigada Anti Polizia edo nork daki benetako zer adiera zuen taldearen pareko ezaugarririk.

BAP!!-en diskoetatik Zuria Beltzez da landuena, baina nahiago dut orriotara ...bidehuts eta etxehuts ekarri, nire belaunaldiko askorengan izan zuen eraginagatik; eta garai eta pentsaera zehatz batzuk erretratatu zituelako. Egia da ezin dudala RIP taldearen No te muevas diskoa albo batera utzi, amorruz, egiaz eta gazteriaren eresiz josita dagoelako eta kantu horiek guztiak zainetan tatuatuta ditudalako, baina BAP!!-ek beste zerbait eman dit.

Lehen notizia Egin egunkariak kaleratutako Bat, bi, hiru… hamar! bilduman izan nuen, han aurkitu nuelako Atzera begira kantu hunkigarria 1987an. Euskal musika eta heltzear zegoen hardcorea (punkaren garapena) batzen zituen. Gerora deskubritu nuen 1986an Condenados a luchar bildumarako grabatutako Palabras de engaņo azkar eta garratzagoa. 1988an, Donostiako Basati Diskak zigiluak Leitzaran zeharkatuko zuen autobideari aurre egin zion lana kaleratu zuen, honako hau.

bap


            Punkaren eztandako taldeek ordura artekoari ezetza adierazten zioten, errebelatuz. BAP!!-ek, baina, hardcorearen mamia bere eginda, errebeldia kontzienteago bat plazaratu zuen. Amorrua zuten, baina bazekiten zeinen kontra jo aldaketa bultzatzeko: baserriak babestu, trantsizioaren adarjotzea salatu, norbanakoak mobilizatu, autobiaren kontra egin, naturaren alde, espekulatzaile desarrollisten kontra, Israelen krudelkeria...

BAP!! 80ko hamarkada bukaera eta 90ko hamarkada hasieran, gaztetxe eta gazte asanblada mugimendu askoren ispilu eta, era berean, eredu izan zen. Taldekideak ezin ziren Andoaingo Gaztetxea gabe irudikatu, eta beraien hitzak, pentsaera eta lan egiteko modua, modu aske, autogestionatu eta antolatuan irudikatzen genituen.

Gainera, Europako musika undergroundean erreferente ziren taldeetako askok Euskal Herria bisitatu zuten, hain justu Andoaingo Gaztetxea. Horri esker, andoaindarrak hemen ohikoak ez ziren beste lengoaia eta baloreak lantzeko gai izan ziren. Punketik haratago amorruari abiadura gehitu eta hori guztia kanalizatzen jakin zuten. Eta ez hori bakarrik, erakutsi zuten euskaraz ere egin zitekeela, Eskoria-Tza! taldearekin batera pausu hori ematen lehenak izan zirelako.


Oharra: Disko honen eskubideak Esan Ozenkik eskuratu zituen, eta ...bidehuts eta etxehuts! disko osoa bonus gisa jasota dago diskoetxe berak kaleratutako Zuria beltzez CDaren baitan. Seguruenik eskuragarri egongo da Metaken katalogoan, gaur egun Elkarren baitan.



Iker Barandiaran Zubiate

Arrasate, 1972

Musika kazetaria