Kafe aleak 52
k&g
Ignacio Muro Fernández (siguesiguepop)
Carlos Berlanga  -  El ángel exterminador
  Hispabox- 1990
bo


Carlos Berlangari buruz hitz egiten saiatzen naizenean, halako tristezia arin batek hartzen nau beti, minutu batzuk geroago esan edo idatziko dudanarekin objektiboegia izatea eragozten didana. Oraingo honetan ezin gutxiago izan eta berriz gertatu zait. Binilo jogailuan jarri berri dut El ángel exterminador eta ez zait malkorik erori, baina batek erortzeko mehatxu egin dit, nahiz eta hogei bat segundo baino ez diren pasatu diskoaren izenburua daraman kanta entzuten hasi naizenetik, Buñuelen film mitiko baten izena duen horixe. Ez dut ondo eramaten negar egitearena, ez zait batere gustatzen, baina sentsazio hori ohikoa egiten hasi da nigan Carlos Berlangaren kantu bat jartzen dudan aldiro, eta agian etsipen zantzu bat baino ez da, disko honen egileak ez baitu sekula gehiago diskorik grabatuko

El ángel exterminador  ez da Carlos Berlangaren diskorik onena. Zalantzarik gabe, Indicios-ek (Compadres, 1994) betetzen du leku hori; beraz, ez naiz inor engainatzen saiatuko, baina beti iruditu zait esanahi handiko lana, Carlosentzat ez baitzen erraza izan Dinarama utzi eta bakarkako bidea egiten hastea. Lehenago egin zuen musikatik urrundu behar zuen, baina ez kritikatua izateko bezainbeste; berarekin Alaskak eta Nacho Canutek osatzen zuten puzzlearen hiru piezetako bat joan zela erakutsi behar zuen, baina pieza garrantzitsuena zela aditzera eman gabe; mainstream-ari kontzesioren bat egin behar zion, baina gehiegi ere ez, agerikoegia ez izateko … Ziurrenik, zalantza horiek guztiak pasatuko ziren Carlosen burutik bakarkako lehen lan hori prestatzen ari zela; horrelako gauzengatik nabaritzen dugu disko honetan segurtasun gabezia txiki bat, egiten ari den guztia begi kezkagarri batek (edo agian askok) ikuskatua egongo balitz bezala.

Hamar kantu baino ez, bost alde bakoitzean; bi nabarmenduko ditut, Carlosen bakarkako ibilbideko nire bost kanta gogokoenen artean baitaude: En el volcán eta Noches entre rejas. Sentibera, isila, kuriositatea eragiten duena, dibertigarria, malenkoniatsua, grisa, atsegina, konfesionala, desinhibitua… horiexek dira Carlosen kantuetako alderdi zenbait, popa soilik hamar zertzeladatan irudikatzen laguntzen dioten ezaugarriak. Erritmo latindar askorekin apaintzen ditu, zenbait unetan oso markatuak diren teklatuekin, eta ustekabe atseginen batekin, esaterako, hitz izugarri onak edo beti dena bustitzen zuen umore berezia; izan ere, Carlos horixe zen batez ere, umorean aditua eta, frogatzeko, ez dago No encuentro humor en el amor izeneko diskoko laugarren kantua baino hoberik.

2010eko udaberrian Madrilen izan nintzen, Carlos Berlangaren lanari buruzko erakusketa monografiko batean (ez bakarrik lan musikalari buruzkoa), Pablo Sycetek atondutakoa; hantxe egiaztatu ahal izan nuen Carlosek bere lan guztian nahasten zituela perfekzio grina eta edertasunarekiko obsesioa, El ángel exterminador  diskoan ere nabaritzen ditugun alderdi bi. Dena perfektua egiteko grina diskoko lehen segundotik nabaritzen dugu. Hortxe daude El verano más triste eta En el volcán kantetako uneak, aurreneko entzunaldian iltzatzen zaizkizun melodiekin, edo Paripé edota Obstinación hitzak dituzten letrak, pop kanta batean aurkitzea zailak direnak; izan ere, hitz perfektuak aurkitzearen kontu horretan ere lortu zuen Carlosek bikaintasuna.

Horrenbestez, El ángel exterminador  diskoarekin geratzen naiz; Sueños izeneko azken kantura iritsi berri naiz, eta amets egiten dut beharbada El ángel exterminador  entzuten dudan hurrengo aldian tristezia sentsazio hori ez dela berriz agertuko.



Ignacio Muro Fernández (siguesiguepop)

Fuenmayor (La Rioja), 1980

blogaria
lanadadora.blogspot.com







Creative Commons-en baimena