Kafe aleak 56
k&g
 Marķa Bilbao
Bikini Kill - Revolution Girl Style Now!!
Autoekoizpena - 1991
bo


Bikini Killen lehenengo diskoa 1991n grabatu zen, duela 20 urte baino gehiago, eta nik dakidala, ez zaio inolako omenaldirik egin, ezta halako bertsio diskorik ere. 20 urte jada, nerabea nintzenean, 20 urte lehenago argitaratutako Ramonesen diskoak entzuten nituenean bezala, zahar-zaharrak iruditzen
zitzaizkidan, eta haiek legendako pertsonaiak.

Bizitza aldatu zidan disko honek, gure lagun Matik Miau zinean zioen moduan, “riot grrrl-ak bizitza aldatu zidan, feminismoak bizitza aldatu zidan”. Kathleen Hanna oihuka eta Tobi Vail bateria astintzen entzutea sentimendu feministaren gauzatzea izan zen niretzat, bizitza osoan gordeta izan nuen bulkada bat, hitzetan adierazi beharrean erritmo, ahots-tonutan eta jarreran islatzen zena. Eta niretzat askapena izan zen. Bikini Kill lehenengoz entzun nuenerako jadanik ari nintzen jotzen, Runaways, The Raincoats, The Slits, edo Ramones zein Buzzcocks inspirazio iturri ziren niretzat, baita Stones, Beatles, Ronettes, Zombies eta Shirelles ere. 90eko Bilboko nerabe batentzat ez zen samurra talde batean jotzea. Noski, tresnak eta kontzertuak lortzeko aukera zegoen, areago, gaur egun baino underground taldeen kultura handiagoa zegoen, erakundeek bultzatuta, baina sozialki ez zen esparrurik onena emakume bat eszenatoki baten gainera igo zedin.

bikini

Ez naiz orain hasiko bidean aurki zitezkeen oztopo guztiak zerrendatzen, baina laburbilduz, salbuespenak salbuespen, kondeszendentzia eta erridikulizazioa zuten ardatz, baina ez soilik gurekin pertsonalki, orokorrean emakume taldeak bigarren mailakotzat hartuak baitziren (zuzenean ez ikusiarena egiten ez zitzaienean), underground kulturan errotutako Bilbo hipermusikalizatuan.

Bikini Kill ezagutu behar den moduan ezagutu nuen, baten batek grabatu zidan kasete zinta baten bidez. Eman zidanean hitz hauek esan zizkidan: “neska hauek gogor-gogor egiten dute oihu, sabela ahotik aterako zaizu”. Uste dut ezin dela hobeto definitu Kathleen Hannak disko honetan egiten duena, barru barrutik oihukatzen du, botaka egin beharrean. Lehenengo entzunalditik hunkitu eta harrapatu ninduen. Kutsu naif-eko Carnival abestiaren melodia edo Double Dare Ya ereserkiaren bikaintasun bat-batekoa edo Liar kantuaren oihu-koruak. Eta jotzen genuenean gauza bera egin nahi genuen, ez soilik estetika musikalagatik, baizik eta nahi genuelako gure ingurukoek diskurtso hori entzun eta uler zezaten. Scary feminity estetika nahi genuen kopiatu, gu geu izateari uko egin gabe baina errespetua eta leku propioa eskatzen tematuta.

Ekintza politikoa da Bikini Killen lehenengo diskoa, hitz esplizituek jorratzen zutenagatik. Matxismoaren eta patriarkatuaren erabilerarik txarrenak biltzen dituen eszenan, bulkadez eta hormonez jositako eszenan, emakume izateagatik gertatzen zitzaien guztia salatzen zuten. Pogo-en bortizkeria, gurasokeria, sumisioa eta sexu-jazarpena. Baina politikoa izan zen neska askorentzat erreferente bat sortze hutsa politikoa delako, eta iraganeko beste izen batzuk ahanzturaren eremutik, edo kasurik onenean anekdoten bildumetatik, askatu zituelako, hala nola, Wanda Jackson, Joan Jett edo Raincoats. Bikini Kill taldea, ordea, ez zetorren bakarrik. DIY etikan eta feminismoan hazitako beste hainbat taldek (adibidez Bratmobile, Heavens to Betsy, SK) eta inspirazio iturri ziren beste batzuek (Mecca Normal edota K Recordseko hainbat talde) eszena bat eta laguntza-sare bat osatu zuten, musika barneko genero-harremanak modu kritikoan kolokan jartzen hasiko zena. Bikini Killek Iraultza piztu zuen eta horixe izan zen gertatu zena, geroztik gauzak ez baitziren berriro berberak izango; nerabe askok eta askok jotzeari ekin zion eta musika-generoaren zuloa azaleratzen hasi zen, zulo gainetik jauzi egin baino lehen zuloa ikusarazi behar delako.

Double Dare-k abesti bakarrean laburtzen du diskoak askorentzat ekarri zuena, jabekuntza eta katarsia, termino propiotan eraikitako mugimendu oso baten ernamuina lortzeko bulkada eta konfiantza. Riot grrrl adierazpide eraginkor eta politikoa izan zen berriro bakarrik sentituko ez ziren askorentzat, eta ordura arte mikrofono bat hartzeko edo fanzine bat idazteko gauza izan ez zirenentzat. Baliteke disko honek, taldeak eta mugimenduak musikaren historian ezarri zuten mugarriari ezikusiarena egin nahi izatea, izan ere, punkari buruzko liburu gehienek oraindik ez dituzte jasotzen riot grrrl-aren zergatiak, eta oraindik ez diote lekurik edo sakontasunik ematen underground kulturan dagoen genero aurreiritzi ikaragarriei. Hala ere, irudipena dut emakume askoren bizitza libreagoa izaten hasi zela, laguntza eta arrazoiak aurkitzen hasi zirela guk geuk sortutako hizkuntza zerabilen korronte feminista ez-akademizista bat gurean ezustean sartu zenean.


Maria Bilbao.
Bilbo, 1976
Ladyfest-eko antolatzailea




Creative Commons-en baimena