Kafe aleak 57
k&g
 Jokin Azpiazu Carballo, OkerrekO
Julio Kageta   -   Bihar eta berandu
GOR diskak - 1991
bo



Heltzen da une bat musikak gure bizitzan garrantzi berezia lortzen duena; gutariko askori hala gertatu zitzaigun behintzat. Aurretik entzun, entzuten genuen musikarik, baina –esango nuke– hor zegoelako, ez atentziorik ematen geniolako. Momenturen batean, ordea, jakinda edo jakin gabe, erabaki genuen musikak ez zuela gure existentzietan leku periferikorik izango gehiagotan. Leku pribilegiatua emango genion, zentrala. Rockeroak ginen, punkrockerrak, heavyak.

Une hartatik aurrera musika ez zen gehiagotan muzak izango guretzat. Haur deitu ziguten eta orain heldu deitzen digute baina orduan ez ginen ez haur ez eta heldu ere. Eta musika ez zen oraindik intelektuala, estetikoa, teknikoa. Musika –rocka– sentsazio bat zen (gaur egunean ere batzuetan bada, zorionez) eta era erraz batean biltzen zituen zirrara, emozionalitatea, identitatea, sentimenduak eta jarrerak. Musika esperientzia integrala bilakatu zen.

Eraldaketa hori hainbat musika talderen eskutik egin genuen Ermuko gure lagun taldean. Baina niretzat eta arrebarentzat talde garrantzitsu bat bazen, hori Julio Kageta zen. Rock’n’rolla gure bizitzetara heldu aurretik, esamolde hutsa zen: “El último Julio Cagueta” esaten genuen lagunarteko lasterketetan; oso esaldi hedatua zen gure kontrastez betetako herri industrial itsusi eta eder hartan. Noski, nik laster erabaki nuen azkena heldu nahi nuela, eta apur bat baldar eta potolotxo izaki, ez zitzaidan asko kostatu. Julio Kageta ez zen jada lasterketako azkena, herriko rock talde garrantzitsuena zen, eta nork ez zuen hori izan nahi?

1991n grabatu eta kaleratu zuten Bihar eta berandu diskoa, herria “mekagüen el quinto centenario” zioten pintadez beteta zegoela. Aurretik bazituzten maketa batzuk, Banko de Esperma taldearekin erdizka kaleratua bat eta bakarka bestea. Baita SS-77, Pottoka eta Kiowak taldeekin LP bat ere. Baina guri horiek ez zitzaizkigun gerora arte iritsi. Tren ordutegien euskarako itzulpen eskasaren izenburua zuen disko hau (Mañana y tarde) kaleratu zutenean ordea, 11 urte genituen guk. Perfektua.

Baina ez gaitezen nostalgiarekin pasa. Orrialde hauetara disko hau eta ez besterik ekarri badut, ez da soilik guretzako izandako garrantziagatik, gaur egunean oraindik entzuten dudanean ileak tente eta gorputza dantzan jartzen dizkidalako baizik. Uste dut garai hartan musikak eman zuen onena biltzen saiatu zirela Kagetak, eta hein handi batean lortu zutela. Ez dago ezkutatzerik beraien pasio komun handiena The Clash zela, eta horren itzala oso nabaria da diskoko 10 kantuetan (haietako bat ingelesen Stay Free kantaren euskarazko moldaketa da), eta hau diodanean bertute handia dela uste dut. Strummer, Jones eta besteen kantuak hainbeste gustatzen zaizkigu (gure bizitzaren soinu banda dira, askoren ustetan) kantu borobilak direlako. Eta Bihar eta berandu diskoko kantuak ere halaxe dira, gaur egunean jada salto larregi egiten duen biniloa bezain borobilak. Hain dira borobilak non apustu egingo nukeen oraindik gaur disko hau buruz hasieratik amaierara kantatzeko gai izango nintzela, eta
ni bezala beste asko.

Eta gaur egunean ere letra horiek kantatzeko gogotsu banaiz, hain zuzen ere oraindik ere zerbait esaten dutelako da. Salbuespenak salbuespen garai hartan ez zen –eta gaur ere ez da– erraza zer edo zer esaten zuen talderik topatzea. Euskararen egoeraz, hiesaz, emakumeen kontrako eguneroko indarkeriaz eta beste hainbat kontuz aritzen zitzaigun Julio Kageta, estilo eta dotorezia paregabez. Eta ez denez erraza gai politikoen inguruan aritzea panfleto kaxkarrak idatzi gabe, puntu bat gehiago emango diot horregatik disko honi.

Disko honekin nolabaiteko arrakasta izan zuen taldeak. Mea kulpa kantua irratian jarri zuten dezente, eta uda hartan plaza batzuk bete zituztela diote batzuek. 1993an Mestizu diskoa kaleratu zuten, eta ematen du inor gutxik ulertu zuela. Letrak beti bezain onak izanik, musika aldetik garai haietan entzuten zuten 90eko hamarkada hasierako rockari egin zioten leku eta, Euskal Herrian beste hainbat talde bezala (Danba, Beti Mugan edo Martxoak 31 datozkit burura), esango nuke azkarregi heldu zirela... Oraindik gogoan dut Ermuko parkean eman zuten azken kontzertua. Baina pelikula ez zen orduan amaitu: gerora Dantzut etorri zen, eta beranduago P.A.M. Eta bertan jarraitzen dute gaur ere Kageta batzuk, Bihar eta berandu grabatu zuteneko ilusio berberaz. Horrela entzuten ditugu oraindik geuk ere: belarriak, burua, hankak eta bihotza –batik bat bihotza– erabiliz.


Jokin Azpiazu Carballo, Okerreko.
Ermua, 1981
Kultur eragilea
okerreko.net





Creative Commons-en baimena