Kafe aleak6
k&g
Miren Jaio
The Beach Boys - Pet Sounds
Capitol - 1966

bo



Animalien soinuak


Pet Sounds (The Beach Boys, 1966) diskoa, eta bereziki, I Just Wasn’t Made for These Times kantua entzun bitartean idatzitako pasarteak.

Inozoa

Txundigarriak dira Brian Wilson Beach Boys taldeko abeslariak hondamen mentaleko hamarkaden ondoren ahopean esandako hitzok: “Uste dut poparen garaia iragana dela. Izan ere, nor izango da gai gu liluratzeko Phil Spectorrek egin zuen bezala?... Musikak pot egin du. Inozotasunarenak egin du”.

Brian Wilson, poparen ikonoa-aitzindaria-biktima, eta bere musikarekin jendeari negarra eragiteko gaitasun bitxia duena, erotuta dago eta horrelako atrebentziak esateko ausardia du. Tira, atrebentziak baino, argitasunezko txinpartak, oporren zati handi bat txundidura eta lobotomiaren artean ematen duen buru baten txinpartak.

Ez da hau poperako garaia; ezta inozotasunerako ere. Kontua da gaur egungo popak zerikusi gutxi duela eguzkiak beti argitzen zuen Kalifornia hartan Wilson anaiek, lehengusu batek eta lagunak jotzen zutenarekin. Gaur egungo musika hainbat gauza izan daiteke –azidoa, dotorea, perfektua–, baina sekula ez inozoa.

Aldiz, pop musikak, duela berrogei urte jaio zenean, ezin gardenago eta ezin argiago, inozotasuna gordetzen zuen. Orain badago jolasten denik mundua Shirelles taldearen Baby, It’s You kantuaren leloaren erdian pausatu dela sinestera, eta horri popa esaten zaio. Baina hori ez da pop musika. Hori beste edozein gauza da: simulakro revival-zale bat, nostalgiazko itxurakeria, imitazio faltsu bat... baina inolaz ere popa.

Hortaz, “jendea maitatua sentiaraziko zuen musika” jo nahi zuela aldarrikatzen
zuen hark, begiak pixka bat zabaldu eta laburzirkuitatutako neuronen nahaspila baten artetik egunaren argia bezain garden ikusten du dena: hemen inozotasunak ez du lekurik, ilusio hutsa da. Inozotasunari tximeletaren hegalei bezala gertatzen zaie, hurbildu, ukitu eta tximeletarik ez dago. Orain gutxi arte bai, hiru minutuko kantu bikainetan bildu ahal zen; orain, ezta hori ere.

Munduan inozotasuna izan ala ez izan, beti dago jendea, gutxi, errealitatearen era
ginik ez duena. Miraria. I Just Wasn’t Made for These Times (Ez nintzen garai hauetarako jaioa izan) abesten zuen Brian Wilsonek, esaterako. Inozoegia eta popegia.



mugalari


Nostalgikoa


Goiko testua Gara egunkariko Mugalari gehigarrian argitaratu zen 2002ko urrian. Hamar urte geroago berriro irakurri dut testua. Ez zait gustatu tonua, argudioa ere ez. Neure burua ere ez. Honako hau dio testuak: dagoeneko ezinezkoa da popa egitea popa inozoa delako, eta inozotasuna ezinezkoa da orain (2002ko orain hartan), ez zen hala Brian Wilsonek kantuak idazten zituenean, bakarrik eta lekuz kanpo sentitzen zenean.


Atenporala eta desegokia


Argudioaren ahula, ezagunegia zaidan tonu sutsuz eta nostalgikoz erabilia, akats
tipiko batetik datorkio: kontu objektibo bat –popa zer den– eragin subjektiboekin –popak nigan sortzen dituen sentipen eta sentsazioak– nahastea. Horrekin jarraituz, inozoa al da berez popa? nostalgikoa al da popa? Jarraitzen dut I Just Wasn’t Made for These Times entzuten. Ez dut kontzentratzerik lortzen: ahots-polifonia finen urregintzak nagoen tokitik erauzi eta pop musikaren linbora eraman nau. Abestiz aldatu dut, argudio berria eraikitzeko asmoz (neure artean bederatzi urte barru eutsiko ote diodan galdetzen dudan bitartean). Gauza bera gertatzen zait: melodia berriak pop musikaren linbora narama berriro.


Bigarren kantu hori Posponías da. Monologo interior diskoko kantu bat da.
Single taldearen kantu hori duela zenbait hilabete agertu zitzaidan eta zalantza eragin zidan, zein disko aukeratuko ote nukeen testu honetarako. Mail baten bitartez heldu zitzaidan larunbat goiz batean. Aurreko gauean ez dakit zertan, inaugurazio batean edo kontzertu batean, topatu nuen lagun batek bidali zidan.
Bertan betiko esaldiak esan genizkion elkarri: “Aspaldiko!”, “Zerbait hartuko al dugu?”, “Bai, ez. Orain ezin dut”, “Bai, hobe ez. Neu ere oso estu nabil”.


Posponías eta I Just Wasn’t Made for These Times kantuek istorio ezberdinak
kontatzen dituzte (hitza eman eta hitza jaten duen munduko gizon bat; desira duen nerabe bat, baina munduak asebetetzen ez duena). Bestelako garaiez ari dira, heldu ez direnak eta helduko ez direnak, eta sentipen berbera deskribatzen dute, tokatu zaien garaiari egokitzen ez den subjektuarena. Hiru minutuz, bi
kantuok pop musikaren burbuilan murgiltzen dute entzulea. Ez da nostalgikoa, ezta inozoa ere, entzulearen ezinegon existentziala baretzeko gaitasun bitxia du, eta ez dio jaramonik egiten denboraren iragaiteari.



1   Ez naiz erantzutera ausartzen. Nolanahi ere, ederra litzateke testua berrirakurtzea hamar urte barru eta nire buruarekin erabateko desadostasuna agertzea. Horrek esan nahiko luke posible dela beste bat izatea, etengabe erratzeari esker bada ere.

Miren Jaio

Bermeo, 1968

Arte kritikaria

www.bulegoa.org


Creative Commons-en baimena