Kafe aleak 61
k&g
 Elena Aitzkoa
Doctor Deseo   -   Fugitivos del paraíso
Oihuka - 1992
bo



Ohatze baten gainean urakan baten indarra sentitzea. Horixe da niretzat Doctor
Deseoren disko hori, ahizpak kasete batean grabatua zuena eta 12 urte nituela
udalekuetara eramateko kendu niona. Begiraleei –ia denak bilbotarrak edo
bizkaitarrak– bikain iruditzen zitzaien zinta hori eraman izana. Nik ez nuen Bilbo
ezagutzen, Gabonetako PIN delakoan baino ez nintzen izana. Askatasuna
sentitzen nuen. Urakan baten indarra bailitzan, urakan batek zugatik oihukatzen
duenean duen indarra bailitzan. Eta begi goibeleko mutil eztia, aita erailtzera
doana, eta ostiral gau magikoa, berarekin bakarrik azkenik atari batean.
Param-pam-pan! Txindatak. Anarkiara bultzatzen zaituen musika. Gogoan
dut udaleku haietan diskoteka batean banengo bezala egin nuela dantza, edo
orain egiten dudan moduan. Inolako aurreiritzirik gabe bakalaoa dantzatzen
mutil batekin, bera ere ganbaratik oso sano ez zegoena. Gainontzeko guztia
espektatibak betetzeko tontakeriak izan ziren. Baina zentzurik gabeko dantza
hartan zegoen, eta dago, potentzia guztia. Mutiko hura, Jonathan, ia ezagutu
ez nuena, galtzeko gutxi eta irabazteko guztia duten horietakoa zen, argala eta
hiperaktiboa, kaskamotza, berari eskaini nahi diot Desde el centro del huracán
kantua. Kantu guztiak jarraian dantzatzen aritu ginelako, gure baitara bilduak,
ito beharrean, erabat libreki gozatuz hamabi urte izatearen lanak bete izanaz,
ligatzeaz eta abarrez. Geure onetik atera ginen eta bost axola izan zitzaigun
dena. Estamentuak suntsitzen dituen musika, pozaren estatua ezartzen duena
eta maitatzeko egiazko pasioa dakarrena, gogoak hala ematen dizulako.


Elena Aizkoa
Apodaka, 1984
Artista plastikoa
sobrearteaitzkoa.blogspot.com






Creative Commons-en baimena