Kafe aleak 64
k&g
 Aitor Suarez
Borreroak baditu milaka aurpegi - Negu Gorriak
Esan ozenki - 1993
bo

             

Aspaldidanik, nire buruari galdera hori egiten diodan guztietan, erantzun berbera lortzen dut: Borreroak baditu milaka aurpegi.

Disko gutxi dira, nire ustez, hau bezain mamitsuak, indartsuak eta sakonak. Disko gutxik hunkitu naute hainbeste eta hain sakonki hainbeste aldetatik.

Estudioko hirugarren disko hau plazaratu zutenenerako, 1993ko apirilean, Negu Gorriak taldeak hainbat jauzi zituen emanak: arlo musikalean, oso berritzailea izan zen debut hartatik Gure Jarrera (1991) bortitzera, hirukote izatetik boskotera. Herrera de la Manchako laino izoztutik eta zuzeneko testimonial hartatik, euskal talde batek inoiz egin duen birarik handiena gauzatuko zuen zuzeneko bikaineko talde trinkora; Europa erdia, Kuba eta, geroago, kontinente amerikarrerako lehenengo jauzia. Arlo exekutiboan, Oihukatik egizu zeuk kontzeptura eta Esan Ozenkiren esperientzia independentera (letra larriz). Arlo guztietan ari zen hazten taldea, eta disko hau, bere ibilbidearen erdigunea, hiru astetan grabatua eta astebetean nahastua, taldearen gailur musikala izan zen, nire ustez.

Gure Jarrerak jada oso gogor hunkitu ninduen zentzu askotan, baina disko beltz bikoitz honekin errepidea erabat zabaltzen zen eta hainbat bidetan adarkatzen zen. Alde musikaletik zein emozionaletik disko gogorra da, luzea (70 minutu), rocka du oinarri nagusi (hitzaren zentzu zabalean), baina osagai askoz hornitua. Halaber, ihesbide gutxiko diskoa da. Estilistikoki oso aberatsa, taldeak bizitzen, miresten eta bereganatzen zituen esperientzia guztiak nahasten zituen bere crossover-ean, eremu original eta propio batera eramanez, eszena eta garai hartara. Ikusi eta ikasi kontzeptuaren ikasle aurreratuak ziren eta, aldi berean, irakasle umil eta zuhurrak.

Gogoan daukat sentitzen nuen lilura binilo bikoitzaren edizio dotoreak zekartzan Asisko Urmenetaren irudiei begira eta hitzak behin eta berriro irakurriz. Disko hau emozioen bilduma da, sentimendu ilunek zeharkatua, tristura, etsipena, larritasuna, heriotza, gorrotoa, mina, hutsunea edo itxarotea. Iris zorroztuak mass mediei, rock and rollaren jukutriari, torturari, itxaropenari (tantaka, baina), gure bizimodu ereduari edo arrazakeriari ere erreparatzen die. Musika eta hitzen egileak taldekideak zein kanpokoak dira (Mikel Laboa, M-ak eta Delirium Tremensen bertsioak biltzen dituzte), baina hitzen ardura nagusia Fermin Muguruzak hartzen du bere gain, erreferentzia eta izen propioen zerrenda luzea utziz, beste hainbatetan bezala. Nire adinean, erabat arrotzak eta ezezagunak zitzaizkidan erreferentzia horiek, eta ezagutzea oso prozesu harrigarria izan zen. Hitzetatik ibiltzea altxor batera zihoan mapan ibiltzea bezalakoa zen.

Musikari dagokionez iturri agorrezina da: hardcorea, tenpo erdiak, haizeak, sanplerrak, abestiak janzten dituzten gitarren geruzak, baxuaren pultsua -oso presente-, erritmo-kutxa eta bateriaren arteko nahasketak, rapa, saltsa!...

Gogoan daukat, era berean, elkarrizketetako argazkietan janzten zituzten kamisetak: John Coltraneren Blue Train-ena, Mano Negra, Ice Cube, Mudhoney, John Lee Hooker eta, jakina, Public Enemy. Une haietan, musika-bidaia erraldoia izan zen, eragin izugarrikoa eta aurkikuntza atseginak ekarri zituena. Diskurtso musikal aurreratua zen hura, eta beste (gutxi) batzuekin herriko eszena berri baten lehenengo harria ezarri zuen. Hortxe zeuden, edo heltzen ari ziren, Ama Say, Dut, Kashbad, Lisabö, Anari edo Xabier Montoia.
Ia kanta guztiak izan dira nire gogokoenak uneren batean. Noizean behin
Bi doberman beltz zanpatzailean gelditu izan naiz, beste batzuetan Hemen izango bazina-ren edertasun arraroan, Borreroak baditu milaka aurpegi-ren kadentzian, Kaixo-ren bertsio erabatekoan, Chaquito-ren etxerako itzulerako festan dantzatzen, beste inoiz Bertolt Brechten bertsoak daramatzan Hiltzeko era ugari dago kantuan itota, edo Erori abestiko autoan txilinbueltaka.

Musikatik kanpokoak ere zentzu handia hartzen zuen hemen. Esan eta egiten zutenak erakarpen bitxia sortzen zidan, garai hartan ez bainuen ulertzen edo ez bainentorren guztiz bat beren jarrera batzuekin. Oso talde polemikoa zen batzuentzat. Uste dut niretzat oso txundigarria izan zela konturatzea hura ez zela edozein talde. 1993an Ferminek, OTH taldearen aipua eginez, honakoa zioen: “Rocka mundu zibilizatuaren azken abentura da. Eta horixe da bizitzen ari garena”. Eta pasadizo horiek oso iradokitzaileak ziren niretzat. Espainiako Herrera de la Manchako espetxearen harresiak gitarrez eta erritmo-kutxaz kolpatzen zituen taldea zen, 1991n blokeoa hautsi eta Kuban jo zuena, El Salvadorrera abiatu zena FMLNren lehenengo hauteskundeetan parte hartzera, Washington DCn Fugazi eta Chumbawambarekin batera jotzen zuena eta ustekabean Larrabetzuko Gaztetxean. Intsumiso izateagatik bi kide epaitu behar zituztenean epaitegiaren aurrean kamioi batera igota kontzertua jotzen zuen taldea, eta Galindo beldurgarriari aurre egiten ziona.

Bai, musika talde bat baino gehiago zen hura, eta hau nire bizitzako diskoetako bat.

Aitor Suarez

Barakaldo, 1976

Musikazalea

negugorriak.net



Aitor Suarez

Barakaldo, 1976

Musikazalea

www.negugorriak.net