Kafe aleak 65
k&g
Juan González Andrés
Tom Waits  -  The Black Rider
Island - 1993
bo


Julio, Tom eta azaroa

Julio zen bere izena, filosofia zuen gustuko eta morroi hezigaitz eta bakarti ospea zuen. Nik gogoko nuen, berarekin askotan tratatu ez arren; ikasgela ezberdinetara gindoazen, eta bera Bidebietako institutura UBI ikastera baino ez zen etorri. Lantzean behin topo egiten genuen atsedenaldian edo txoritokian -horrelaxe deitzen genion ikasgelak zeuden ondoko eraikinari-, solastatzen ginen eta diskoak, liburuak eta bestelako kultur-artefaktuak trukatzen genituen. Haietatik, ordea, bakarrik dut gogoan 1994ko azaroko zorioneko egun batean utzi zidan zinta. Beren anaiarena omen zen eta astebetez baino ezin zidan utzi. “Tom Waits izeneko batena da. Ea gustukoa duzun” esan zidan Juliok irritxo arraroa eginez.


Etxera heldu, kasetea pletinan jarri A aldetik eta aho bete hortz utzi ninduen megafono baten bitartez orroaka aritzen zen tipoa entzuteak: “Jaun-andreok, Harry’s Harbour Bizarrek harrotasun handiz aurkeztu nahi dizue gau honetan, pista nagusiaren karpapean...’Gizaki bitxiak’. Bai horixe, hiru buruko umea ikusiko duzue, Hitlerren burmuina (...) Sealo ere ikusiko duzue, besoen ordez hegalak dituen foka-umea, Johnny Eck ikusiko duzue, gorputzik gabe jaio zen gizona, eta eskuekin ibiltzen dena...” Tod Browningen Freaks filmari keinu egiten dion hasiera horrek erabat katigatu ninduen, baina baita gainontzeko 19 konposizioek ere, batzuk kakofoniatik hurbil daudenak, haien artean polka basatiak, balada dislokatuak eta infernuko kabaret moduko batetik aterata ziruditen melodiak. Nire gogokoenak ziren, eta oraindik dira, November, The Briar And The Rose, I’ll Shoot The Moon, Lucky Day eta, bereziki, Russian Dance instrumental liluragarria.


Jakina, geroago ezagutuko nituen izenburu horiek, The Black Rider-en CDa eskuratu nuenean, Julioren zintak ez baitzekarren inolako informaziorik. Orduan jakin nuen hainbeste hunkitu ninduen hura antzezlan baten soinu banda zela, 1991n Robert Wilsonek zuzendutako antzezlana, Tom Waitsen musika eta hitzak zeramatzana. Liburuxka William Burroughs deskribaezinak egin zuen, XIX. mendeko ipuin aleman batean oinarrituta. Amorantearen maitasuna lortzeko deabruari arima saldu dion gizon baten -tituluko zaldizko beltzaren- istorio mefistotelikoa kontatzen du. Azkenean ustekabean bala magiko batez hilko du: Burroughsi berari gertatu zitzaionaren moduko zerbait, mozkorraldi batean emaztea buruan tiro batez hil baitzuen Gilen Tell-ena egiten jolasten ari zirela.


Blue Valentine, Heartattack And Vine, Swordfishtrombones, Franks Wild Years edota Bone Machine bezalako album apartak ezagutzera eraman ninduen zinta ilun hark. Ostean, unean unean eta zintzoki eskuratu izan ditut kaliforniarraren ondorengo diskoak (Mule Variations, Blood Money, Alice, Real Gone eta Orphans), eta liburu eta grabaketa piraten bilduma mardula osatu dut. Baina Black Rider - melomanorik zailduenek ere Waitsen lanik onenen artean aipatu ohi ez duten diskoa- izan zen espartzuzko ahotsaren mendeko bihurtu ninduena, eta ahots horrek hamabost urte baino gehiago daramatza nire une zoriontsuenak eta garratzenak soinuz ilustratzen.


Beti nahi izan diot eskertu Juliori aurkikuntza hura, baina ez dugu hitz egin kasetea eman zidan egunetik: astebete geroago eskolara etortzeari utzi zion. Horregatik ezin izan nion aitortu maileguak iraun zuen zazpi egunetan zinta pletinan hainbeste aldiz jarri nuenez engantxatu egin zela eta ezingo zela berriro erabili.


tw



1995etik aurrera, kazetaritza ikasketak hasi nituenean, haren bila hasi nintzen hainbat bidetatik, ikaskideei eta irakasleei galdetuz, baina ez zuten gogoratzen edo galdua zioten arrastoa. Ez orlan, ez institutuko urtekarietan, haren arrastorik ez, eta bera bizi omen zen auzoko kideek ere ez dute berririk. Lurrak irentsi izan balu bezala...


Juliorekin akordatu nintzen berriro 2008ko arratsalde hartan, egunkarira heldu zenean nire bizitza osoan ilusiorik handiena piztu izan didan albistea: “Tom Waitsek Kursaal aukeratu du Espainiako bere debut desiratua egiteko, uztailaren 12an”. Izoztuta geratu nintzen, ezin erreakzionaturik. Lasaitzen ahalegindu nintzen eta ordu eta erdi geroago, nire onera etorrita, informazioa idazteari ekin nion. Gogoan daukat hodei batean bezala eman nituela aurretiko asteak, baina halako batean Donostiako aretoan nengoen eserita, nire bizitzako kontzertuaz gozatzen. Ez dakit Waits berriro ikusteko aukera izango dudan, baina ondo dakit etorkizunean nekez biziko dudala antzeko ezer, bai zuzeneko musikak eragin zidan emozio amaiezinagatik, bai detaile arduragarri batengatik, oraindik ezin dudana zehaztu erreala izan zen ala urduritasunaren ondorio: Tom zaharrak November kantatzeari ekin zionean iruditu zitzaidan ez zela bera, baizik eta Julio laguntza eskatzen zuena bertso hauen bidez: “Azaroak zuhaitz hil bati lotuta nauka; ohartarazi apirila aska nazan”. Oraindik orain, irudi ilun hura datorkit burura The Black Rider entzuten dudan bakoitzean, denari hasiera eman zion diskoa.



Ilustrazioa: Guillermo Ganuza, Tom Waits Donostian. www.guillermoganuza.com


Juan G. Andrés

Donostia, 1977

Kazetaria eta argazkilaria


Creative Commons-en baimena