Kafe aleak 66
k&g
Carolina Martinez
PJ Harvey -  4 Track Demos
  Island - 1993
bo



Kafea eta galletakekoek proiektu honetan parte hartzera gonbidatu ninduenean, automatikoki pentsatu nuen PJ Harveyri buruz idatzi nahi nuela. Kuriosoa da, orain ia entzuten ez dudan musika delako, nahiz eta, zalantzarik gabe, nirekin oso lotuta dagoen musika izan. PJ Harvey nire bizitzaren parte da eta nire artista gogokoenetako bat dela pentsatzen dut oraindik ere.

Bilbon ikasten nuenean ezagutu nuen PJ Harveyren musika, 95. urte inguruan. Eta Iñaki izan zen, espiritu errebelde eta libreko jakintsu handi bat, Polly Jean aurreneko aldiz entzutera bultzatu ninduena*.

Beharbada unibertsitateko lau urte haiek nire bizitzan izan zuten eraginagatik pentsatzen dut soinu hauek hainbeste markatu nautela. PJ Harveyren musikaren etengabeko oihartzunaren pean hazi, borrokatu, ikasi, maitatu, deskubritu eta batez ere sentitu nuen. Nire bizitza Bilbori eta PJri lotuta geratu zen betiko.

Erraza izan zen zein artistari buruz hitz egingo nuen erabakitzea, baina ez zen hain erraza izan zein diskotan zentratuko nintzen erabakitzea. Jende guztia gonbidatu nahiko nuke PJ Harveyren diskografia osoa entzutera eta bere soinu artegagarria deskubritzera: rock sofistikatua eta latza, disonantea eta preziosista, xuxurlaren eta uluaren artean mugitzen dena. Eta bere lan guztien artean hirugarrena gomendatu nahiko nuke bereziki: 4-Track Demos. Disko horren hautaketa disko horrek sortzen dizkidan emozio eta sentsazioen analisiaren emaitza da, zuekin partekatu nahiko nukeena. Onena da entzuten dudan bakoitzean ikusten dudala orduan transmititzen zizkidan indarra, energia eta amorruak bizirik dirautela, eta PJk giza arimaren sentimendu ezkutuak aztertzeko sortzen dituen pertsonaiek bere balioa erakusten jarraitzen dutela musikaren bitartez.

PJ Harvey ezagutzen ez dutenentzat: abeslari ingelesa da, landan hezitakoa, Dorseten. Dylan, Beatles eta, batez ere, Captain Beefhearten mireslea. 1992an argitaratu zuen Dry izeneko lehen diskoa Island Recordsekin. Rid Of Me izan zen etxe berarekin kaleratu zuen bigarren diskoa, baina oraingo honetan Steve Albinik ekoitzi zuen AEBetan (1993). Zenbait hilabete geroago, 1993an ere, Polly Jeanek autoekoitzitako lehen lana argitaratu zuen diskoetxe berean, 4-Track Demos diskoa.

Jende askok pentsa dezake 4-Track Demos diskokoak Rid Of Me-n agertutako kantuen maketak baino ez direla, baina ez da hala. Izenak adierazten duen bezala, Polly Jeanek etxean 4 pistako batekin grabatutako maketen diskoa da, bai, baina, besteak beste, harribitxi hauek ditu: Reeling (lehenago 50th Queenie singlean azaldu zena) eta Driving, Hardly Wait (Kathryn Bigelowen 1995eko Strange Days filmaren eszena batean Juliette Lewisek bertsionatzen zuena), Easy, M-Bike, eta Goodnight berriak. Aurreko diskoan agertutako Missed, Man-Size, Highway 61 Revisited, Dry eta Me-Jane ordezkatzen zituzten kantu horiek. Gainerako zortzi kantuak PJ Harveyk Rid Of Me-rako Albinirentzat eraikitako piezen maketak dira, eta horien artean daude: Rid of me, Legs, Snake, Hook, 50th Queenie, Ecstasy, Rub It 'Till Bleeds eta Yuri-G, oraingoan soinu ikaragarri energiko eta irmoarekin, baina ez Albiniren bertsioan bezain urratzaile.

pj


4-Track Demos entzutean, ikus dezakegu nola edo hala PJ Harveyk Rid Of Me-ren ekoizleak inposatu zuen ukitu zaratatsua eta are latzari uko egiten diola, maketetako soinu gordin eta basatiagora itzultzeko (aurreko diskoa igaro eta sei hilabetera baino ez zirenak argitaratu). Batzuek diote Albini izan zela proiektu honen bultzatzailea, baina beste batzuen arabera PJ bera izan zen bere talentua erakutsi nahi izan zuena, Rid Of Me-ren arrakasta eta balio guztia ekoizlearen lanari egozten zioten kritikak alde batera utzita.

Rid Of Me lan zoragarria dela pentsatzen jarraitzen dut, baina 4-Track Demos entzutea esperientzia ahaztezina iruditzen zait. Energia, indarra, errebeldia, soiltasuna, autogestioa, independentziaren bilaketa, printzipio eta idealen defentsa, etab. disko honetan inplizitu dauden balioak dira. Giza harremanen eta gauzen alde iluna aztertzen duen diskoa da, eta soinua, bikaina bada ere, deserosoegia gerta daiteke. Baina horrelaxe sortzen ditu kantari ingeles honek muturreko edertasuneko uneak, gure barruko paraje basati eta ezezagunetara eramaten gaituztenak. Disko honetako pertsonaiek beat belaunaldiko testuetatik ateratakoak dirudite (gizartean aitorrezin diren sentimenduz beteak), baina bluesik hutsena gogoratzen didan hizkuntza narkotikoa erabiltzen dute. Azken buruan, ia 20 urte geroago bizirik jarraitzen duen diskoa, ia zahartzen ez dena.



*Iña, ezingo dizut inoiz eskertu hainbeste une eder eta aholku bikain eman izana. Eskerrik asko urte hauetan guztietan irakatsi dizkidazun gauzengatik.


Carolina Martínez Urbina

Logroño, 1976

Musikazalea








Irudia: Nadav Tobias, PJ Harvey, Albert Hall, London, 2011-10-31. www.flickr.com/photos/8147534@N06/




Creative Commons-en baimena