Kafe aleak 67
k&g
 Jon Eskisabel
Tindersticks   -   The first Tindersticks Album I
This Way Up / Rough Trade  - 1993
bo





Gaur egun ia ezinezkoa da disko bat erostea egileari buruz apenas ezer ja-
kin gabe, are gutxiago haren kanturik aurretik entzun gabe. Munduko talde
ezezagun guztiak eskura ditugu Interneten, eta disko bat erostea erabakitzen
dugunerako hamaika aldiz entzun dugu ordenagailuan. Geure buruari harridura,
onean eta txarrean, eragiteko plazera -zer dela eta erosi dut hau?- desagertu
da. Diskoak erostea ekintza aspergarri bilakatu da. Baina garai batean arriska-
tu beharra zegoen. Aldizkariek edota irratiko esatariek esaten zutenaz fidatu
beharra zegoen. Meloiak bezala, ireki arte ezin jakin. Ona ateratzen zenean,
satisfazioa bikoitza zen. Horregatik, xarma berezia dute niretzat garai batean
katalogo bidez eskuratutako hainbat diskok. D/scop/ay-rekin hazitako eta hezi-
tako belaunaldikoa naiz, baina une bat iritsi zen hura ez zela nahikoa, bilatzen
nituen diskoak ez nituela bertan topatzen, eta Madrilgo Discos del Sur denda
bihurtu zen nire eta ni bezalako beste askoren salbatzaile. Discos del Surren
dena zegoelako. Nahi nituen diskoak eros nitzakeen bertan, inguruko dende-
tara inoiz iritsiko ziren kezkatu behar izan gabe. Gero Amazon heldu zen, eta
akabo katalogoa, akabo Discos del Sur, eta akabo xarma.

Hamazazpi urte igaro dira postariak Tindersticksen lehen diskoa etxera ekarri
zidanetik, eta oraindik gogoan dut biniloa jogailuan estreinakoz jarri nuenean
eragin zizkidan zirrara, urduritasuna, zure inguruko beste inork ezagutzen ez
duen zerbait deskubritu izanak sortzen duen harrotasun gordea, kalera atera
eta mundu guztiari kontatzeko gogo bizia... 1994ko urriaren 15ean amaitu zen
itxaronaldi luzea. Hilabete batzuk, urte erdi bat, tartean uda oso bat igaro zen
aldizkari batean diskoari buruzko kritika kartsu bat irakurri nuenetik Discos del
Surren katalogoan aurkitu nuen arte. Ez dut prezioa gogoratzen baina ez zen
merkea izango, izenburuaren alboan import jartzen zuelako. Kartoizko bildu-
kia hautsi eta karpeta haztatzen hasi orduko sumatu nuen esku artean nuena
handia zela. Suzanne Osborneren azalaren ederretik hasita: flamenko dantzari
bat ageri da kobazuloa izan litekeen inguru ilun batean, bi besoekin soineko go-
rriaren parpailak zabaltzen ari den unean, eta atzean ijito familia bat du txaloka.

Ez ditut disko luzeak gustuko. 40 minututik gorakoari irizten diot luzea.
Tindersticksen estreinaldia hogeita bi kantuk osatu zuten -CDan Fruitless falta
da- 77 minutu. Gehiegikeria bat edozein talderentzat, are gehiago hasiberri
batentzat. Aurretik Asphalt Ribbonsen ibilitakoak ziren taldekideetako batzuk,
Nothingham jaioterrian, baina apenas zeramaten urtebete elkarrekin kantuok
grabatu zituztenean. Besterik grabatuko ez dutelakoan lehen diskoan material
guztia sartzea askok egiten duten akatsa da, baina ez da kasua. Betelanik ez
dago disko honetan, eta segundo bakoitza justifikatua dago. Kantuetatik bakar
bat ere ez da baztergarria, eta aldiz, asko dira Tindersticksen onenetakoen
artean daudenak: Marbles, City Sickness, Raindrops, whiskey & Water,
Blood, Her, Jism, Patchwork, Paco de Ronaldo's... 17 urte geroago oraindik
harrigarriak egiten zaizkidan kantu anbiziosoak, ausartak, zaratatsuak,
apasionatuak, pertsonalak, hunkigarriak, arriskuzaleak, erromantikoak,
seduktoreak... Oraindik ez dut esan Tindersticksen diskorik onena dela?

Brit-pop taldeak (Blur, Oasis, Pulp, Suede...) ezagun egiten hasi ziren
momentuan azaldu zen Tindersticks Londresko bihotzean, anomalia zoragarri
bat bezala. Ez baitzen ohiko talde ingeles harroputz eta sasiglamourosoa.
Galtzailearen estetika dekadente eta bazterrekoari lotzen zitzaion seikotea,
Stuart Staples abeslariaren ahots sakon eta nagiak gidaturik. Logikoa zen beraz,
lehen aipamenetan Nick Caverekin lotzea taldea -disko hau kaleratu ostean
Bad Seedsen Europako biran lagundu zion australiarrari- baina harenak baino
agerikoagoak eta esanguratsuagoak diren eraginak daude Tindersticksen
musikan: zinemako musika konpositoreena, John Barry eta Midnight Cowboy-
rena esaterako (Claire Denis zuzendariaren hainbat filmetarako musika sortu du
taldeak); Lee Hazlewood & Nancy Sinatra bikotearena (lehen singleetako batean
A Marriage Made in Heaven grabatu zuten Isabella Rossellinirekin, eta geroztik
ia disko guztietan, honetan izan ezik, egin dute kanturen bat emakumezkoren
batekin), soul musikarena (urteak pasa ahala are pisu handiagoa hartu zuen)
edota Townes van Zandt kantautorearena (garai hartan Kathleen jotzen zuten
zuzenekoetan, baina Texaskoaren St. John the Gambler entzutea nahikoa da
haren eraginaz jabetzeko).

Hain liluratuta nengoen, Discos del Surren hurrengo katalogo batean izenburu-
rik gabeko Tindersticksen beste erreferentzia bat ikusi nuenean hura ere erosi
egin nuen bitan pentsatu gabe. Paketea irekitzean, hura zaputza! Disko bera
zen! (eskerrak gutxienez CDa eskatu nuela. . .). Diskoak katalogo bidez erostea-
ren xarmak hori ere bazuen.





JON ESKISABEL. LASARTE, 1969
Kultur kazetaria





Creative Commons-en baimena