Kafe aleak 68
k&g
 Xabier Gantzarain
Family   -   Un soplo en el corazón
Elefant Records - 1993
bo



Bihozkirria

Umetako ipuinak bezala hasten da hau ere: lehengo batean, duela hamasei bat
urte edo, mendira joan ginen Sutsu, Pui, Jota eta ni, pare bat gau pasatzera.

Izarraitz atzean bada Ixkiturri izeneko iturri bat, eta haren azpian, zuloan bezala,
borda bat, garai batean ardiak gordetzeko erabilitakoa, gaur mendizaleen
aterpe bilakatua, haurrek marrazten dituztenak bezalako teilatu batekin, beheko
sua beste erosotasunik gabe, porlanezko zorua, leiho ñimiño batzuk, eserleku
eta etzaleku izan daitekeen aulki luze bat hormari atxikia. Parajea bera ere ez da
beste mundukoa, baina badu zerbait bere arruntean, gurutzez betetako gainak
baino erakargarriagoa egiten duena. Borda luzea eta zapala da, alboan zuhaitz
sendo eta luze bat nabarmentzen da, harrizko bordaren ondoan plastidecor
marroiz eta berdez margotua ematen duena, porlanezko mahaia eta aulkiak ere
baditu kanpoan, mendizaleak atseden hartu eta mokadu bat egitera esertzeko,
eta putzu bat, gizakirik ageri ez denean basabereek ura edateko baliatzen
dutena. Borda zokoan dago, zuloan bezala, iturrian behera hartu eta, zaldi
gorrien putzurako joan-etorriek egindako bideari jarraituz, hamar minutu behar
dira, garo artean barrena, bertara iristeko. Ez nuke esango paisaia ederra denik
handik ikusten dena, baina gu ez ginen joan paisaiari so egotera. Zertara joan
ginen? Egon lasai, oraintxe kontatuko dizut.

Gure ikasle pisuko sofa urdina zen. Lehen urtea nuen etxetik kanpo. Bost mu-
til ginen. Presio-eltzean prestatzen zuten pasta bikiek, eltzea jiratu eta pieza
bakarra erortzen zen azpilera, bost zati egin, tomate potea hustu gainera, eta
kito, horra afaria. Ez geneukan denborarik sukaldean galtzeko. Beste edozertan
bai, ordea. Sutsuren bitartez ezagututako Rockdelux aldizkaria erosten nuen nik
hilero, eta diskoen kritikak irakurtzen nituen, musikariei egindako elkarrizketak,
zernahi, baina batzuetan, txori kantuak entzun beharrean ornitologia liburuak
irakurtzen ari nintzela iruditzen zitzaidan, eta haserretu egiten nintzen neure
buruarekin, baita aldizkariarekin ere, eta azkenean, neure buruari agindu nion
ezetz, ez nuela gehiago erosiko, baina ezin izan nion tentazioari eutsi, eta au-
rreko urteko diskorik onenen zerrendak zetozen alea erosi nuen, han, Leioako
kiosko galdu batean, euripean, haize hotza hezurretaraino sartzen zitzaidala.

Buruz ari naiz, baina oker ez banago, Portishead taldearen Dummy izan zen
nazioarteko (munduko) diskorik onena, eta estatuko (Espainiako) disko one-
naren saria, ex-aequo, Cancer Moon taldearen Moor Room lanarentzat eta
Family taldearen Un soplo en el corazón diskoarentzat. Hirurak erosi nituen.
Harrezkero, nire disko kuttunen artean daude. Batzuetan ondo etortzen dira
ornitologia liburuak.

Txori kantuei asko erreparatu gabe egin genuen gorako bidea; Sutsu eta Pui
gehiago, baina Jota eta ni ez ginen batere mendizaleak, amorrua ematen zigun
euskaltasunaren eredu horrek, ez genuen ulertzen kristautasunaren gailurra
nola maite zuen hainbeste jendek (tartean ezker abertzaleko asko eta askok):
aldapan gora izerdia eta gibela bota ondoren dator gailurra, arnasa, bakea:
sufritu gabe ez dago gozatzerik. Bidea da helburua eta gisako lerdokeriei
barre egiten genien. Helikopteroan bertaraino eramango bagintuzte, gu pozak
zoratzen. Baina ez gintuzten eraman, eta bide osoan “asko falta al da?” eginez
lagunak aspertu ostean, azkenerako eurak gehiago nekatu ziren gu baino.
Iritsi ginen halako batean, eta hotelik dotoreena bezain ederra iruditu zitzaigun
harrizko borda. Hasia zen iluntzen.

Txotxak bildu genituen, adar lodiren bat edo beste bilatu, aurrekoek utzitako
enbor zati bat zegoen beheko suaren ondoan. Udara gainean zen, baina ez
zuen batere berorik egiten, hoztu egingo zuen gauean, goizean ihintza. Sua
piztu genuen. Isilik zegoen mundua. Lau pila handi behar zituen irrati-kasetea
zorrotik atera, Familyren diskoa eta La Buena Vidaren kantu batzuk (tartean En
bicicleta) zeuzkan zinta hartu, eta suaren inguruan eseri ginen. Gaua gainera
noiz eroriko geunden. Bertan geneuzkan izarrak eta limoiak.

Zilarrezko paperean bilduta eraman genuen, kartoi zati txiki bat zen, bizikleta
baten irudia zeukan, lehen aldia zen, beldurtuta geunden, eta irrikak jota, elkarri
begiratu genion hitzik egin gabe, laurdenaren erdia jan genuen bakoitzak. Jotak
ez zuen jan, aingeru bat behar genuen, badaezpada. Begira-begira geneukan:
kezka, maitasuna eta jakin mina erakusten zuten bere begi urdinek. Isilik geun-
den; ahosabaiaren kontra eduki behar zela esan ziguten. Bidaia hastera zihoan.
Jotak play botoiari sakatu zion.

Gaua begietan lehertu zitzaigun, puztu egin ginen, izarrak sartu zitzaizkigun
barrura, kabitu ezinda geunden, maitasuna ginen, dantzan egin genuen, barre
etengabea ginen, baso ilunen gainetik egin genuen hegan, zaldi gorrien gainean
ibili ginen, Portugaleko bihotzera egin genuen joan-etorria, musker bilakatu gi-
nen, Familyren zinta jira eta bira ibili zen bitartean. Sutondoan hartu gintuen loak.
Gau hura oroitzen dudan bakoitzean, bihozkirria egiten zait.


Xabier Gantzarain
Azkoitia, 1975
Idazlea





Creative Commons-en baimena