Kafe aleak 69
k&g
Teresa Fernández Ulloa
Dave Alvin - King of California
Hightone, 1994


bo




80ko hamarkadako uneren batean entzun nuen Dave Alvin lehenbiziko aldiz, The Blasters taldeko kide zela. Nabarmenak ziren bere gitarra eta bere hitzak, betiko moduan. Beste talde batzuetan ere ibilia zen, X eta Knitters kasu, baina oharkabean pasatu ziren; alabaina, kantuak idazteko duen gaitasun guztia Dave Alvin and The Guilty Men taldeko buru zela garatu zuen bereziki (baita The Guilty Womenekin ere, azken diskoetako batean). Suposatzen dut garai hartan harritu ninduela, beste zaletu asko bezala, The Blasters bezalako talde rockanrollero eta arrakastatsua utzi eta, gainera, abesteari ekin izanak, bere ahotsa ez baitzen abeslari handienen parekoa; are gutxiago bere anaia Philen ahotsarekin alderatuz gero. Bere hitzetan, rocker asko joaten ziren bere kontzertuetara lehengo rockabilly ganberroa (baina mamitsua) egiten jarraituko zuelakoan, baina txistu egiten zioten hartutako bide intimista (americana, roots, rocka, folka) entzutean. Romeo´s Scape (1987) eta Blue Blvd’. (1991) dira bakarlari jaioberriaren lehenengo zezeldurak, baina King of California lanak (1994), akonpainamendu akustiko txiki batekin, erakusten du Dave musikagile eta gitarra-jotzaile bikaina izateaz gain, abeslari handia dela. Blackjack David (1998) da, honekin batera, gomendatuko nukeen beste diskoa.

King Of California honetan erretzaile porrokatu baten ahotsa entzuten dugu (mentoidun tabakoa erretzen du, ahoan omen duen kiratsa mozorrotzeko), ahots gogortua eta laztua, kaleko pertsonen istorioak kontatzeko ezin hobea, amets amerikarraren edo maitasunaren bila joateko, samurtasuna, malenkonia, desengainua, bakardadea eta nekea nahastuz. Etxea eta maitalea utzi eta urre edo zilarraren bila Kaliforniarantz abiatzen denaren istorioa (King Of California), su emailearena (Barn Burning), apartamentura itzultzean ume mexikarrak uztailaren 4a pozarren ospatzen ari direla ikusten duen langilearena, berarekin bizi den emakumea galdu izanagatik penatuta (Fourth Of July). Egia esan, ia denak aritzen dira arima bakartuez, amodioez eta desamodioez (Every Night About This Time, Goodbye Again, Bus Station, East Texas Blues, Little Honey, I Won´t Be Leaving, Border Radio). Ama lurrari ere omenaldi egiten dio, Amerikako zenbait lurralderen basatasuna goraipatuz, Alaskarena, kasu, preso baten ahotik (Mother Earth, Blue Wing).

Beren artean oso abesti ezberdinak dira: George Jonesen What Am I Worth klasikoa, The Blasters taldeak oso bestelako modu batean eginak zituzten kantuak (Border Radio, Bus Station), herrikoiak (East Texas Blues) edo lagunen eta konposatzaile handien kantuak (Tom Russellen Blue Wing edo Memphis Slimen Mother Earth). Harribitxi-sorta eder horri itxura berria eman zien Dave Alvinek, sinpleagoa dirudiena, baina kalitate handiz, Grez Leisz ekoizle, musikari eta slide gitarra-jotzailearen jenioari esker.

Storyteller-a da Dave Alvin, Woody Guthrieren irakaspenei asko zor dion ipuin kontalaria, baina baita Chuck Berry, Buck Owens, Ray Charles eta abarrei ere. Folk akustikoko diskoa da hau, baina rocker baten indarra du. Eta uler dezaket The Blastersen tankerako zerbaiten zain zeuden askoren atsekabea (neuk ere maite ditut blasterrak). Baina hau beste kontu bat da.

Bakarkako ibilbidearen hastapena ez zen samurra izan. Romeo´s Escape diskoak (1987) ez zuen arrakastarik izan merkatuan, eta Columbia Records diskoetxeak ez zion jaramon gehiagorik egin. Osasun arazoek pitin bat urrundu zuten zirkuitutik, baina Mojo Nixon eta Country Dick Montanarekin (Pleasure Barons) egin zuen birak salbatu egin zuen. 1989an Dwight Yoakamek ospetsu bihurtu zuen Daven kantu bat, Long White Cadillac, eta royalty-ekin bigarren diskoa atera ahal izan zuen Hightone zigiluarekin. Ordutik sustraidun rockean, folkean, americanan eta soinu akustiko introspektiboagoetan murgildu izan da. Folk eta blues kantu herrikoien bilduma bati esker, Public Domain: ‘Songs From The Wild Land’ (2000), folk garaikideko albumik onenaren Grammya eskuratu zuen. Egun, Yep Rock zigiluarekin dago eta urte luzez Chris Gaffney lagun handiak, berriki hil denak, akordeoiaz lagundu zuen. Faseen banaketa bat irudikatzeko asmoz-edo, San Franciscoko Hardly Strictly Bluegrass Jaialdian banda bat egitea erabaki zuen, berarekin aritu izan ziren emakumeekin. Duela zenbait urte gau bat igaro nuen ardoa edaten Chris Gaffney eta Dave Alvinekin, kontzertu baten ostean, eta beren adiskidetasunari erreparatuta (bere izaeragatik ez omen da erraza Dave Alvinekin ondo konpontzea, rocker dibertigarri baina egozentrikoa baita, osti txarrekoa) ez nau harritzen beste egitasmo bat behar izanak.

Arestian aipatu dut estilo eklektikoa duela, baina uste dut introspekzioa dela bere ezaugarririk behinena, bere kantuen leitmotiv-a. Eta bi gauzok, eklektizismoa eta estilo pertsonala, ziren berak Ray Charlesengandik miresten zituenak. Berak kontatzen du 14 urte zituela, Ray Charles bera aurkitu zuela merkantzia-igogailu batean garagardo-konpainia bateko konbentzioan jotzera zihoala. Ez zen ausartu ezer esatera, baina gustu handiz esango ziokeen miresten zuela nola apurtu zituen blues, gospel, country, jazz, r&b eta abarren arteko mugak. Ray Charlesek diskoak eginak zituen Betty Carter jazz musikariarekin, Guitar Slim bluesmanarekin, Aretha Franklin souleko erreginarekin, edo George Jones country crooner-arekin, bizkarra eman gabe abesteko estilo bereziari, elizan zein tabernazulotan oinarritua zegoena. Davek dio ez zela ausartu esatera kantuak idazteko era Rayren filosofia eklektikoan zuela abiapuntu, eta harengan pentsatzea oso lagungarria zitzaiola jendeak bultzatzen zuenean estilo bakar batean aritzera.

da


Pertsonalki, asko pozten naiz Dave hainbeste entzun izanaz Estatu Batuetara bizitzera joan aurretik. Eta gogoan daukat Cadillac zahar bat erosi eta lehenengo aldiz gidatu nuenean, ez Kalifornian (nire bizitzaren zati handiena igaro dudan lekua), baizik eta Ipar Karolinan, Dave Alvinen CD bat izan zela entzun nuen lehenengoa (ez dut gogoratzen zein, baina ziur aski King Of California bera). Hopi indioekin egon naiz, greyhoundeko autobusen zain egon naiz...eta egia esatera, ezer ez zait berria iruditu. Baina rockzale gisa, Sam Cooke, Elvis, Ray Charles, Dwight Yoakam edo Tom Russellen soinuen bidez Amerikako hainbat errealitate sentitu izan nituen arren, Dave Alvinek iraganeko Amerikaren irudi erreflexiboa eman zidan, gaur egungo Amerikarekin nahastua. Eta ikuspegi hori berriro aurkitu nuen bere liburuan, bertan bizi izan naizen 9 urteetan nire alboan izan dudana.

Teresa Fernandez Ulloa

Bilbo, 1970

Gamuza Azul argitaletxeko editorea






Creative Commons-en baimena