Kafe aleak 73
k&g
 Marta Villota
Stereolab  -  Refried Ectoplasm (Switched on Volume 2)
Duophonic eta Drag City - 1995
bo


“The immutable system engenders rot
The world is exciting
Is the triumph as the new nation
But the tensions have to be creative with some time
I don’t care if the fascists have to win
I don’t care democracy’s being fucked
I don’t care socialism’s full of sin
The immutable system is so corrupt
We got to keep the lift, hope, and struggle
Where is the lift, the hope, and the struggle
Give me the strength, the lift, hope, and struggle.”



Esaldiok ezin zuzenagoak izan. Stereolaben Jenny Ondioline singlean azaltzen dira, baita Transient Random-Noise Bursts With Announcements (Duophonic/ Elektra, 1993) izeneko LP bikoitzaren bigarren diskoa zabaltzen duen kantuan ere: minimalismo krautrockaren burrunba eta behin eta berriz errepikaturiko oszilazioa ahots goxo eta aldagaitz baten pean. Kantu hori da, duela ia hogei urte Stereolab aurkitu nuenetik, nirekin luzeen jarraitu dutenetako bat; gaur bertan ere berriro entzun eta neure barrena inarrosten segitzen du. Hiru aldiz trukatu eta eskuratu nuen diskoa, oraindik gogoan dut, Golden Ball-en bilbaturiko jauzi txikia kantuan bertan txertaturiko intentzio bat dela jakin gabe.

Musika, istorioak eta pertsonak jasoko zituen liburu (kolektibo) baterako album baten inguruan lerro batzuk idazteko gonbitea jaso nuenean, gehien erakarri ninduena ikuspuntua izan zen: disko bat hizpide hartzea beste topaketa batez mintzatzeko, harekiko harremanaz eta haren entzunaldietan ibilitako bide pertsonalaz, alegia. Horrek ia esplikatuko luke zergatik hautatu dudan, diskoaren estiloa, jarrera eta kantuak alde batera utzi gabe. Lehenago hamaika klasiko, mito eta aitzindari bururatu zitzaizkidan, baina argi zegoen Stereolab izango zela hautatua, kronika objektibo batetik urruntzea saihestezina izango zaidan –beste arrazoi bat, agian, hemen txoko bat izateko– eta, 90etakoa izan arren, bi hamarkada geroago bazter utzi ezinik segitzen dudan talde hura.

Mintzagai dudan diskoa ez da hertsiki estudio-album bat, konpilazio bat baizik; bildumak talde baten soinuan sartzen hasteko oso abiapuntu kartsua izaten ez diren arren –bakan batzuek baino ez dute merezi–, single eta neurri txikiko bilduma honek disko erabat organiko, ilun eta nortasunez betea armatzen du. Tindersticks taldeko Stuart A. Staplesek ondo esan zuenez, “album bat arte modu bat da eta nola hasi, nola jarraitu eta nola amaitu harremanean izan behar dute. Ez da kantu bilduma hutsa”. Bada, horixe sumatzen da Refried Ectoplasm (Switched On Volume 2) (Duophonic, 1995) bilduma kilikagarrian.

1996an, The Wire aldizkarirako Tim Ganeri egindako elkarrizketa batean, musikari eta konpositoreak, Stereolaben lanean erabilitako prozesu sortzaileaz hizketan ari zela, esaldi hau bota zuen: “Izugarri maite ditut kontradikzioak musikan, zerbait kontradiktorioa izan behar lukeela uste dut. (...) Musikak, niretzat, transmititu beharko luke hori transmititzeko hitzik ez dagoen zerbait”.

Hamabost urte geroago, idazten ari den honek berdin pentsatzen du soinu hark bakar eta deskriba ezinetik zerbait duela eta egun ere harritu barik oraindik hunkitzen gaituela: minimalismoaren barrokoa, low-fi soinua high-tech labirintoen lexikoaren azpian. Elebitasunaren eklektikoak. Jolasaren eta erresonantzia batean kodeturiko berbazko paradoxaren maisuak. Alboratzearen egileak dira (kontua soinuak nahasten joatean datza, nire ideiak ordenatzen joateko eta konposatzen hasteko), hain konplexua den zerbait zeharo eder eta esferikoa bihurtzearren.

Menturatuz eta musikari atipiko horren iruzkina profitatuz, Laetitia Sadier bere lagunarekin batera gidatzen duen taldearen disko bat hautatu dut, eraikitzen duten musikaz eta ondorioz musika horrek dakarrenaz mintzatzeko, agian, hausnarrean egiteko, eta argudio hariaz baliatuko naiz aitzakia gisa garai bateko denbora bitartean sartzeko, giltzarri autobiografikoan, erreferente ilunago eta gutxiago aipatu batetik beren beste edozein estudio albumetan baino; hau da, singleen eta B aldeen diskoa, haien hasierako lau urteetako bitxikeriak biltzen dituena: Refried Ectoplasm (Switched On Volume 2), Erresuma Batuan Duophonicek eta Estatu Batuetan Drag Cityk editatua eta 1995ean argitaratua.

Hasierako agur moduan, irrati-distortsio baten osteko Harmonium-en kolpe latzak herrestan zaramatza kiribil kraut baterantz, velvetarra bainoago Neu!; laban horizontalak bezalako gitarrek mozten dute oinarria, eta atzean Laetitia Sadierren ahots zolia ageri da, dentsitate itzelezko disonantzia batekiko kontrapuntua. Amaigabe errepikaturiko akordeek Steve Reich dakarte gogora, bukaera antzematen denean ere sekula finitzen ez den tema hipnotiko batean.

Indartsua da diskoa horrela abiatzea, bigarren kortean egiten duen koska bat estuago horretan bezain. Lo Boob Oscillator izenekoan ertzik gabeko jaitsiera batean amiltzen da Laetitiaren ahots leundu eta biluzia, Farfisas lagun. Dei baten moduko bi nota dira harrapatzen nautenak, toki horretan, estreinakoz kantu hau ustekabean entzun nuen kafetegi berean, sartu orduko.


la

Errealitatea orain topaketa haren fikzio bilakatu balitz bezala; nik eszena hura, lau urte geroago Stephen Frearsek High Fidelity (2000) bere filmean birsortuko zuena, antzeztu izan banu bezala, Caroline kazetari musikalak Rob Gordonen (John Cusack) Championship Vinyl disko dendan sartu eta galdetzen dionean:

–Barkatu, Stereolab al da hau?

–Bai, hala da –erantzuten du.

–Hau ez nuen ezagutzen. Izugarrizko soinua du.

Niri tabernako zerbitzari itxura oneko eta melomanoak azaldu zidan disko bitxia zela, tema bat single, B alde eta kantu editatu gabeek osatu bilduma baten barruan, ez izaki estudio album bat, ezta usadiozko konpilazio bat ere.

Berdin zuen, hara aurrenekoa iritsi nintzen narratzaile bezala oholtzara igo eta ipuin bat kontatzeko, baina, hura baino lehen eta sartu bezain laster, musikak gainezka bete zuen aretoa eta inoiz ez bukatzea desiratu nuen space age pop kutsuko kapsula batean inguratu ninduen (une honetantxe, hitzok irakurtzen ari zaren bitartean, entzuten ari zarela imajinatzen dut). Txalo eta koloreen kitsch estiloko soinuak bultza egiten zidan zuhaitz eta zelaien, maitale eta igerilekuen paisaia baterantz: denbora tarte bat zorionaldi baten erdian. Lipar asmatu batek sorturiko bitartea. Pasarte bat zen, errealitate bihurtu zena ikuskizunik permititu eta desiratuenaren barruan. Oroimena barnebiltzen duen soinuzko argi infinitua, baterian hautsia. Eta nire bizitzan garai bateko une zoragarri eta hedonista baten historia horrek oihartzun egiten du diskoko pieza hark bezala lokalean: zirku girokoa eta zorioneko gailur bat bezala, ziurgabetasun ilun, are dinamiko eta saihestezin, baten erdian.

Ordura arte inoiz entzungabea nuen Lo Boob Oscillator (aka Sub Pop) -singlea zigilu horretan editatu zen eta haiek izengoiti hori jartzen diote-, eta halere melodia hori beti nire oroimenean egona zela sentitu nuen, nire gurasoen exotic edo lounge estiloko disko zahar haietakoak bezala. Ez da lehen-mina, bihotzari eragindako zirrara muturreko eta zuzena da, hain klasiko (vintage) bihurtu diren Moog, Farfisas eta Vox sintetizadore horiek sortutakoa bezalakoa. Soinuaren berehalako saturazioa, aldian emaniko hiru notetarik harantzago.

Eta horrela eskuratu nituen CD arraro hori eta are arraroagoa den anbar-koloreko LP bikoitzaren edizio mugatua ere; orduan beste kantu batzuk, argitaragabeak edo aurkitzen zailak, deskubritu nituen, hala nola, Tone Burst (Country) (aka Captain Beefheart), niretzat, beste fabula bat, astotxo kaleidoskopikoen entzumenerako ezkutukoa: inoiz argitaratu ez zen split baterako proiektua Spectrumekin.

Edota Crumb Duck (Clawfist, 1993), Stereolaben EP xelebrea Nurse With Wound industrialekin, jada Jenny Ondioline gogora zekarrena. Izan ere, Exploding Head Movie da abesti haren zatirik onenaren erremix bat (lehenengo aldearen bukaera albumaren jatorrizko bertsio luzean): berriz ere testu honen idazpuruan azaltzen den ahapaldi txiki itzelera bueltan!

Eta Animal Or Vegetable (A Wonderful Wooden Reason...), konpilazioan C alde osoa hartzen duena, izugarrizko esperimentua da alderantzizko ahotsekin eta okitu arteko gitarra-geruza eta geruzekin distortsioan. Laetitiaren xuxurla, soinu-gangek herrestan eramana, geratu egiten da malgukien eta bateriaren errepika batean, puskatu, berriz altxatu eta tutu instrumental batean injektatzen da, argi atomo bat bezala jaurtia.

Diskoaren azkeneko tramu liluragarria, D aldea, zabaltzeko eta John Cage abangoardiako konpositore ospetsuarenganako ordainetan, John Cage Bubblegum iristen da. John-en ondoren Sadistic dator, ezezagun eta ezinbestekoa –bilduma honegatik izan ez balitz sekula edango ez genuena!–, pilula supersonikoa, beti atzera eramango nauena gure madrildar Sala Maravillas kutuneko dantza haien hedonismo indie eta malasaņero gautarreraino. Hori bera dakarkit gogora French Disko-k, bizitasunez betea, txantxa moduko kontsonante-trukea eta guzti.

Refried Ectoplasm (Switched On Volume 2), edo besterik gabe Refried Ectoplasm, 1992ko Switch On (Too Pure) lehen bildumaren segidakoa da. Stereolaben diskoen eta kantuen izenburuak inoiz ez dira halabeharrezkoak, ezta haien portadak ere. Poema bat, musika tresna bat, peli bat, artista bat, musikari bat edo emakume ekintzaile bat izan, hitz joko bakoitzean irakurketa edo omenaldi bat dago. 1968ko Switched On Bach da Wendy Carlosen debut-albuma, musika elektronikoan sintetizadoreak erabiltzen aitzindaria eta mintzatzen ari garen diskoaren izena inspiratu zuena.

Azalak pertsonaia arraro hori erakusten du berriro. Irudi bat, The Deadly Finger, destatu, agiraka eta tiro egiten duen hatz hilgarria. Ezizenez Cliff esaten zioten eta haien lehen diskoen portadetan agertzen da (“iruditu arren ez dira doi-doi irudi bera”). 70etako Hotcha! komiki suitzar-aleman baten erreprodukzio batetik bilduta, manifestu situazionistak gogorarazten ditu. Destatzen duen hatza eraldatuz doa arma baten kanoi bihurtu arte, tiro egiten baitu Peng!, bandaren Peng! (Too Pure, 1992) izeneko album debutean.

Konpilazio, sasiko, ezezagun, erreferentziatzat hartua edo bazter utzia, diskoa, Tim Ganek esango lukeen bezala, “ideia bilduma” da, eta isil gordean ibili da, ez dagoelako haien aurreko soinuarekin hautsi zuten disko goraipatuen artean, esate baterako, Mars Audiac Quintet (1994), Cobra And Phases Group Play Voltage in the Milky Night (1999) eta Sound-Dust (2001) –nik Dots and Loops (1997) gaineratuko nuke–, aipatu musikariak disko definitibotzat hartzen dituena.

Ez diot utzi horiek eta beste disko haiek entzuteari, horrexegatik harrezkero gogorapen eta esperientziez zamaturik egon litezke, areago, gertakariak gero eta azkarrago eta sarriagoak direlarik. Hala ere, istant horretan geratzen naiz, orain begiratzen eta begiesten dudana nire bizitzako unerik zoriontsuenetako bat izan ahal zuena bezala. Airean da Tempter kantuaren soinua, apal eta isilzale baina dramarik gabe ixten, eta Nico miragarri baten gisa urruntzen... Ez dut gogorapena izozten, gorde bai, baina nire zoriaz elikatzen dut segituan... Volumen 2 misteriotsu hori berriro ere entzun-adituz.


OHARRA

Nire biniloaren oharrak:

Label: Duophonic

Catalog#: D-UHF-D09

Format: 2 x Vinyl, LP, Compilation, Limited Edition, Amber

Country: UK

Released: 1995


AUKERAN BESTE IZENBURU BATZUK:

STEREOLAB edo kantu situazionistaren oraindino-a

STEREOLAB edo manifestudun musikaren oraindino-a

STEREOLAB eta amaiera irekiak


Marta Villota

Madrid, 1975

Kontzertu antolatzailea, musikari buruzko idazlea

navegandoenlatalante.blogspot.com

*Argazkia: Monophonic.grrrl