Kafe aleak 74
k&g
 Ismael Manterola
Seu Jorge - Creu
Wrasse Records - 2004
bo
cru by bobbybou on Grooveshark


A favela é um problema social

Inauteriak, Samba eta futbol jokalari batzuekin batera, favela Brasilgo gauzarik ospetsuenetakoa da. Hitza bera mundu guztiko hizkuntzetara pasa da txabolez gainezka dagoen auzo txiroa izendatzeko.

Beste herrialde askorekin gertatzen zaigun antzera, topikoz beteta dago Brasili buruz Europan ezagutzen duguna. Herrialde tropikalek eskaintzen dizkiguten epeltasuna, musika eta dantza dira bertan jasotzea espero duguna, txirotasunari begirada tristea eta urruna eskaintzen diogun bitartean. Horregatik ez dugu gehiegi ezagutzen garai batean hirugarren munduko herrialde moduan sailkatutako toki horietan burutu eta burutzen ari diren beste adierazpen kulturalak.

Europara eta AEBtara Brasilgo musika asko iritsi bada eta bertako musikan eragin izugarria izan badu ere; azken garaian Brasilgo filmak ikusteko aukera izan badugu ere (favelak gaitzat hartuta gainera), zer dakigu Brasilgo kultur produkzioari buruz? Zehatzago, nire esparrura etorrita, zein dira ezagutzen ditudan artista brasildarrak? Pixka bat urrutirago joanda, irakurri al dut brasildar idazle baten libururik?

Artearen gaira mugatuta, urteak pasa dira Brasilgo artista batzuek harritu eta txunditu nindutenetik. Alde batetik ezusteko ederra izan zen, eta bestetik, haserrea eragin zidan 1997ko Kasseleko Documentan lehendabiziko aldiz bi artista historiko brasildarren lanak ikusi nituenean. Muturreko emozioak, lehenik eta behin bi artisten lanak ikusgarriak eta interesgarriak zirelako deskubritzearen poza; eta gero, ezagutzen ez nituelako haserrea, nahiz eta aspaldiko artistak izan (biak hilda zeuden ordurako); batez ere konturatu nintzelako zein eurozentrikoak garen gure historia eta artearen historiaren ezagupenean.


Una Mujer

Lygia Clark 1920an Belo Horizonten jaiotako eta 1988an Rion hildako artista izan zen. 50ko hamarkadako lehenbiziko lanak azterketa geometrikoen eta analitikoen emaitza izan ziren, baina pixkanaka gorputzaren erabilera eta intuizioaren gaineko hausnarketara zabaldu ziren. Lygia Clarkek Brasilgo kultura nahasiek lagatako geruzak ondo uztartu zituen ordutik aurrerako lanetan.

Kasselen erakutsitako mozorroek txunditu ninduten. Inauterietako mozorroen antzera, erabiltzeko edo janzteko artelanak ziren, ispiluak zituzten maskaren begien zuloen aurrean eta beraz, gure begia ikusiko genukeen jantzi izan bagenitu. Itsutasunak dakarren hobeto ikusteko aukera mitikoari lotuta, Lygia Clark-ek askotan erabili zituen begiak estaltzeko mozorroak, begiradari nagusitasuna kentzeko; baina batez ere, beste zentzuen bidez hautematea zabaltzeko, garai hartako nazioarteko hainbat eta hainbat artisten antzera. Bestalde, norberaren buruaren ezagupenak oinarrizko erlijioetan edo Afrikatik Ameriketara eramandako sinismen nahasien artean oso zabalduta dagoen iniziazio errituak dira. Clarkek material herrikoi horrekin arte garaikidearen analisi joerak gainditu zituen, artearen dimentsio antropologikoari zabaltzeko. Artea ez zen gehiago izango kontenplazio ez-mugikorraren aurrean azaltzen zen objektu eder salgarria; horren ordez gizakiaren askatasunaren zerbitzura dagoen erabiltzeko eta botatzeko tresna izan daiteke, material galkorrez egindakoa eta ekintzarako pentsatutakoa.

Agian, horregatik 1968an atzerrira irten behar izan zuen militarrek Brasilen errepresioa gogortu zutenean, artearen ahalmen askatzailea arriskutsua bihurtu zelako alegia; edo goi eta behe mailako kulturen arteko muga ezabaketak eragin kutsagarria zabal zezakeelako.


Eu Sou Favela

Gauza bera gertatu zitzaidan 1937. urtean Rion jaiotako eta 1980an hildako Hélio Oiticica izeneko artistaren lanarekin. Nahiz eta gazteago izan, Lygia Clarken laguna izan zen arte joera noekonkretoetan ezagutu zirenean. Kolorearen eta formaren gaineko analisian oinarritu zituen hasierako lanak eta betirako hausnarketa gai bihurtu ziren Oiticicaren arte ibilbide laburrean.

Kasselen erakutsitako lanen artean hirurogeiko hamarkadan hasitako Parangolé izeneko serieak harritu ninduen. Forma eta kolorea ikertzeari utzi gabe, faveletako materialak erabiltzen hasi zen jantzita eramateko soinekoetan. Dantza-desfiletan jendeak erabil zezakeen koloretako plastiko eta oihalekin, giza eskultura bilakatzen ziren eta ikerketa analitikoak bizitzaz betetzen ziren testuinguru herrikoi baten barruan.

Horren bidez, Oiticica Osvaldo Andradek sortu zuen Antropofagia izeneko kontzeptura hurbiltzen zen, Lygia Clarkekin batera. Antropofagiaren arabera, kolonizatutako herri batek kultura dominatzailearen alderdi batzuek irensten ditu, digestioa egin ondoren, eta beste elikagai batzuekin elkartu ondoren, beste modura botatzeko edo erabiltzeko.

Kolorez betetako eskultura bizi haiek pozik dantzatzen zuten jaietako desfiletan, artelan bizidunak zirela jakin gabe. Horretan oinarritzen ziren garai hartako artista askoren asmoak, artea eta bizitza elkartzearen alde edo artea bizitzan disolbatzearen aldeko abangoardiako ideia zaharra berritzean. Bizitzan integratutako arte batek ez du artearen kontzientziarik eta horren bidez hasierara bueltatuko ginateke, artearen kontzepturik gabeko garai batera; beraz, hainbeste urte iraun zuen arte mota baten zikloa itxi egingo litzateke.



Ismael Manterola
Zumaia, 1966
Arte kritikaria





Creative Commons-en baimena