Kafe aleak 75
k&g
Ana Cabezas
Scott Walker   -   Tilt
Fontana - 1995
bo



Lan nekeza da Tilt-i buruz idaztea.

Posible al da Tilt-i buruz idaztea?

Margotu liteke, filmatu ere bai –beste hizkuntza batzuetara itzuli–, baina Tilt des-
kribatzea lan nekeza eta mingarria da. Osorik entzutea samingarria da, ziztakaria,
eta areago sarritan entzutea. Nork eskegiko luke Francis Baconen margolan bat
etxeko egongelan? Nork zabaldu nahiko lituzke erraiak modu horretan?
Scott Walkerren musikak, beste edozeinek baino gehiago, muturreko irudi
eta sentsazioak eragiten ditu nigan. Beti amildegiaren, zeruaren ertzean.

Kuartzoaren doitasunak, izotzaren fintasun ukiezinak eta burdinaren
sendotasunak inguratua. Suaren min kartsua.

Farmer in the City kantuak ematen dio hasiera diskoari. Ederra da. Bere sono-
ritateagatik ematen du eliza batean dagoela grabatuta. Sakona eta espirituala
da, eta Andrei Tarkovskyren filmak dakartza gogora, Nostalgia edo Ispilua, bes-
teak beste. IRAGANA.

Farmer in the City, ordea, hasiera engainagarria da. Hortik aurrera hasten da
ORAINA, FISIKOA dena, HARAGIA. Diskoaren gainontzekoa halako bloke
piktoriko bat da, ehundurez eta erritmo-aldaketez josia. Batzuetan melodia
dago, beste batzuetan ez. Batzuetan bihotz taupadak diruditen perkusioak
daude eta, ondoren garrasi itzel batekin apurtzen dira. Giroak inguratu eta ito-
tzen zaitu, espiral baten barrua bezalakoa da. Eta isilune ederrak ere badira,
ondoren datorren soinua are basatiago bihurtzen dutenak.

Eta bere ahotsa, AHOTS HORI. Lehenengo planoan BETI. Bere ahotsa da
agintzen duena, eta interpretazioa, hitz bakoitzaren ahoskera, da abesti bakoitza
xedatzen duena. Melodia ekartzen duena, edo melodiaren gabezia zehazten
duena. Tilt hain da indartsua non inposizioa dirudien. Ez du iradokitzen. Dena
dago lehenengo planoan. Sekretuz beteta dago, baina lehengo begiratuan
atzeman daitezke, eta aldi berean asmaezinak dira.

Ematen du Scottek birrindu egin dituela aurreko erreferente musikal guztiak eta
ondoren suntsitutako zati guztiak bildu eta itsatsi dituela, bere senak agindu dionari
jarraituz. Tilt-en melodiek eta ehundurek muturreko konplexutasuna dute, eta bere
abstrakzio-maila hain handia denez, azkenean arras mehatxagarria suertatzen da.

Eta bere ahotsa, AHOTS HORI.

Ana Cabezas
Ordizia, 1974
Artista plastikoa
www.anacabezas-foto.blogspot.com





Creative Commons-en baimena