Kafe aleak 78
k&g
 Asier Leoz
Tindersticks   -   Tindersticks II
Island Records - 1995
bo



MALKO TXIKIEN OZEANOA

Kiskalitako paisaiari aurre egiteko modu desberdinak. Bertan eserita berriz landare berri bat irten arte zenbat denbora
pasako den penatzea edo behin izan zenaren edertasun galkorra gogoratzea, istant bakarra izan bazen ere. Tindersticks
taldearen bigarren diskoan azken hau da aukera, nahiz eta berea ez den edertasun goxoa, ezta eguzkitsua ere.

Nola azaldu disko jakin batekin harreman pertsonala daukazula? Zein dira hitz egokiak kantu horiek eta sekuentzia
horretan uneoro gertu izan beharra duzula esplikatzeko? Musika, beste zenbait gauza bezala, ulermenari ihes egiten
dion zerbait da. Woody Allenek Manhattan filmean esaten zuen garuna neurriz kanpo baloratzen dugula, gauza
inportanteek beste sarbide batzuk aurkitzen dituztela gure barrura iristeko.

Jakina. Tindersticks taldearen bigarren lan honi buruz aritzerakoan azpimarratzea daukat, adibidez, nola disonantzia
errekurtso dramatiko bikaina zen hasieratik, El diablo en el ojo kantuan. Konta dezaket bestela nola Stuart Staples
abesten hasi orduko, norbaiti despedida hitzak esanez -"Ez ditut zure begiak itxiko oraindik, ez dut argia itzaliko /
hemen badago ikusi behar duzun zerbait"- haren inguruan halako flamenko tankerako akordeak amiltzen ziren bitartean,
garondoa kizkurtu zitzaidan aurreneko aldian. Eta hurrengo guztietan. Stuart Ashton Staples, erreberberazioa berezkoa
duen abeslaria, taldearen lehenengo diskoak aurreratutako gauza guztiak anplifikatu zituen disko honen oinarria zela
baieztatzea daukat konbentzituta. Ahots horrek eta hari sekzioak, tronpeta zertzeladak tartean eta organoa lagun,
Tindersticks soinua definitu zutela, aurrerantzean Nottinghameko taldearen identitatea. Eta azaltzen saia naiteke A
Night In
kantuan abeslariak hunkituta ematen duela baina ez artifiziala. Eta Staples amildegitik gertu ibiltzen dela beti
baina ez duela zeharkatzen inoiz emozioaren eta afektazioaren arteko marra fin hura. Gizonak haragizkoa izaten jarraitzen
duela Tiny Tears abestian. Malko txikiei buruz ari da kantu horretan, guk eragindakoak seguru asko. Alboan izan dugunaren
aurpegian ikusi ere ez ditugunak negar gehiegi egin duen arte.

Erreferente bila, lagungarri izan daiteke aipatzea My Sister delakoak The Velvet Underground gogora ekartzen didala.
Zehazki, The Gift ipuin iluna, zeinaren protagonistak bere burua bidaltzen zion postaz maite duen pertsonari eta honek,
ezin paketea ireki, zerra hartu eta txikitzen zuen, barruko amorantea eta guzti. My Sister ere umore beltzean dago
beratua, baina instrumentazio atsegin eta ia naif bat duenez, narratzailearen hoztasunarekin egundoko kontrastea
sortzen du, diskoaren ezaugarri nagusietako bat da hori. Kontrastea ere, bi ahotsen artekoa kasu honetan, The
Walkabouts taldeko Carla Torgerson lagun egindako Travelling Light-en zirrararen klabea da.

Hori dena badaukat nola edo hala kontatzea. Baina azaltzea Tindersticks II, desolazioan pareko gutxi daukan disko horrek,
ttristura eragin ordez kontrako efektua zergatik sortzen didan, istorio ilun triste horiek eguna nolatan alaitzen didaten,
alferrik da. Besarka ezin den disko honek txiki sentiarazten nau. Txiki eta zoriontsu.



ASIER LEOZ AIZPURU
DONOSTIA, 1970
www.blogseitb.net/portobello/








Creative Commons-en baimena