Kafe aleak 83
k&g
 Victor Iriarte
Will Oldham - Western Music
Acuarela
, 1997


bo


Etorkizuna

1.

Orduan zigiludun gutunak idazten genituen oraindik eta kaseteak bidaltzen genizkion elkarri eta zuri-beltzeko argazkiak egiten genituen eta kontzertuetara joaten ginen ea behingoz gure bizitzetan zerbait gertatzen zen ikusteko. 1997az ari naiz. Hamabost urte joan dira ordutik eta garai hartako oroitzapenak gordetzen ditudan zapata-kutxak bilatu behar izan ditut orain idazten ari naizenari buruzko hau guztia aurkitzeko. Eta hortxe zeuden: argazkiak, gutunak, kontzertuetako sarrerak eta oraindik dena egiteke zegoeneko egunak. Orduan geure buruari galdetzen genion ea nolakoa izango zen gure bizitza, ea non egongo ginen hamar urte barru, ea atzerrian edo betiko lekuan biziko baginen, ea, behingoz, noizbait, bakarrik egoteari utziko bagenion.

Horixe zen etorkizuna. Duela hamalau urteko gure etorkizuna.


1

2.

Argazkietako batek data eta lekua ditu idatzita atzeko aldean tinta gorriarekin: 1997ko urriaren 18a, Purgatorio aretoa, Berango.

Gogoan dut haize handiko gaua zela eta aretoko leihoetatik palmondo bat zegoen baso bat ikus zitekeela eta ekaitzak gogor astintzen zituela adarrak eta une batez kontzertua eta zuhaitzak aldi berean jotzen egongo balira bezala izan zela eta hori hunkigarria izan zela.

Orduan Will Oldham oraindik ez zen Will Oldham, edo guretzat ez behintzat, Palace Songs izenarekin sinatutako Hope (Domino, 1994) disko hargatik soilik ezagutzen baikenuen. Ziurrenik Carlos izan zen kontzertuaren berri izan eta deitu zidana eta Will Oldham delako batek hurbil joko zuela esan zidana eta Will Oldham delako hori Palacekoa zela eta orduan bai, Palacekoa zela jakinik, Agnes, queen of sorrow kanta abesten zuena, joango ginela jakin genuen eta agian gau hartan, behingoz, zerbait gertatuko zela, edozer, baina zerbait, gure bizitzetan.


2

3.

Luisi deitu diot Purgatorioa oraindik baden galdetzeko. Urteak dira kontzertu aretoak itxi zuela, baina oraindik eraikina baden jakin nahi dut eta non dagoen zehazki, Berango eta Sopelana inguruan errepide eta saihesbide berriak egin baitituzte eta ez naiz ziur tokia aurkitzeko gai izango naizen. Luisek ez du erantzun. Berangorako bidea hartu dut; konfiantza dut memoriarengan eta halako intuizio batean, eta hasieran despistatu eta irteerarik gabeko bide batean bukatu dudan arren, areto ohia izan daitekeen eraikin bat ezagutu dut laster. Urte asko pasatu dira, fatxada berde turkesa dago margotuta eta ez dago lekua ni bilatzen ari naizen lekua dela adierazten duen ezer. Atearen aurrean, espaloian, gaizki aparkatutako auto bat dago eta autora sartzekotan den tipo batek begiratu eta nonbaitetik ezagutzen nauela esaten dit. Bai, elkar ezagutzen dugu. Javi Leta da, El inquilino comunistako bateria-jotzailea izan zena. Purgatorioa bilatzen ari naizela kontatzen diot eta aretoaren aurrean nagoela berresten dit. Gero Will Oldhamek egin zuen kontzertuari buruzko zerbait idazten ari naizela esaten diot eta Letak gogoratzen du haiek ere jo zutela aretoan El inquilinorekin eta behin Kike Turmixen kontzertu bat ikusi zuela, zeinetan The pleasure fuckersen liderrak eszenatokia apurtu baitzuen. “Imajinatu Kike oholtza belaunen parean zuela eta zulo batez inguratuta, baina abesteari utzi gabe”, esaten dit. Gero areto ohiaren ondoan dagoen estanko batera pasatzera gonbidatzen dit eta Fernando Ansoleaga aurkezten dit, estankoaren jabea. “Tipo honek aretoan gertatu zen guztia daki”, esaten dit. Eta Fernandok goieneko urteez, lekuaren abandonuaz eta inguruaren geroagoko birmoldaketaz kontatzen dit. Orain, eraikinaren beheko aldean, “La Palmera” izeneko garagardotegia dago. Eta “El cielo del Purgatorio” izan zen lokalean, bere sasoian aretoaren bigarren taberna zena, ogitartekoetan espezializatutako taberna jarri dute.

- Eta Purgatorioa, galdetzen diot.

- Eliza ebanjelikoa da.


3

4.

Will maitea,


Uste dut gustura entzungo duzula 1997. urteko bira hartan jo zenuen tokietako bat leku sakratua dela orain. Zure kantetako baten zati ere izan zitekeen. Aretoa igandeetan soilik zabaltzen dute eta estankoaren jabeak kontatu dit ebanjelistek arazo batzuk izan dituztela auzoekin, haien salmo, kanta eta txaloak zalaparta gehiegi baitira igande goizetarako. Ikusten duzunez, dena da zu hona etorri zinenean zenaren nahiko antzekoa: kantatzea da kontua oraindik ere, Jaunari (Oh, Lord!) edo Agnes tristeziaren erreginari. Purgatorioko arima herratuek salbamen bila jarraitzen dute.


Ezin izan dut aretora sartu, itxita dago, baina argazkia egin dut kristalen bidez eta egiaztatu dut xake taula formako zoruak berdin jarraitzen duela. Atzealdeko basoa ikusten uzten duten leihoek ere.

Palmondoak dirdira egiten du eguzkitan. Gustatuko litzaidake unez batez ekaitza eta haizea itzuli izan balira, baina ez da hala gertatu. Apirileko goiz eguzkitsu bat da.



4

5.

Migala zuzenean ikusi genituen lehen aldia ere izan zen, haien aurreneko diskoa (Diciembre 3.a.m, Acuarela) argitaratu berri zuten eta ez genekien haiei buruzko ezer. Jesús Llorentek CDak saltzen zituen zutabe baten ondoan eta Acuarela deitzen zen diskoetxe bat zuela esan zigun eta laster itzuliko zela kontzertu gehiagorekin.

Orain irakurri dut Western songsen grabazioan Will Oldhamek The Dirty Three talde australiarreko kideekin kolaboratu zuela eta birako kontzerturen bat bertan behera utzi behar izan zuela DTko biolinistak arazoren bat izan zuelako bisarekin.

Purgatorioan, Migalako musikariez lagunduta igo zen eszenatokira Oldham. Hope kantatu zuen, Palace kantatu zuen, Agnes, queen of sorrow kantatu zuen, mendebaldeko bere kantak kantatu zituen, gero bakarrik geratu zen gitarrarekin eta kantatzen jarraitu zuen. Gogoan ditut haizea, ekaitza, basoa eta adarrak mugitzen. Eta behingoz zerbait gertatzen ari zitzaigula. Eta hunkigarria izan zela. Eta esaten zuen ia ezer ez genuela ulertzen, baina berdin zitzaigula. Gero kanten hitzak irakurri genituen eta itzuli eta igerilekuak, jauziak, agurrak, begiradak, hiru argazki, auto bidaia bat, beste agur bat… aurkitu genituen. Baina garrantzitsua zena gertatua zen dagoeneko eta ez geunden ez zeruen ez infernuan, baizik eta beste leku batean, askoz urrunagokoa eta misteriotsuagoa, justu Berango amaieran eta Sopelanara iritsi baino lehen, metro geltokiaren aurrean, orain eliza ebanjelikoa dela diote, oso barrutik kantatzen duen eta eliztarrak hunkitzen dituen artzain bizardun bat dagoela diote, laster lekuz aldatu eta haien bidearekin jarraituko dutela diote, mendebalderantz, beti mendebalderantz, zaldi basatiek egiten duten moduan.

5



6.

Hamalau urte igaro dira dagoeneko. Carlos aita izan berri dira, txikia Maia deitzen da eta orain mugatik oso hurbil bizi dira, Irunen. Luis ere aita izan da eta laster Martina bere aurreneko kontzertura eramango duela dio. Ni atzerriko hirietan bizi izan naiz, hainbat aldiz joan eta itzuli naiz. Egunotan beste etxe-aldaketa baterako prestatzen ari naiz. Duela asko ez gara kontzertu berean elkartu.

Will Oldham azkenaldian Kelly Reichardten filmetan ikusi dugu, noraezean dabilen lagun tristearena egiten Old joyen (2006) eta eskalearena Wendy and Lucyn (2008). Bere diskoak erosten eta entzuten jarraitzen dugu. Zenbait urte geroago Ońatin ikusi genuen berriz, orduko hartan Anarik lagundu zion eszenatokian.

Uste dut Luisek egin zuela argazkia: Carlos ezkerrean, Will erdian, ni beste aldean, hirurak kamerari begira. Orduan ez genekien geroago gertatuko zitzaigunetik ezer. Oraindik ez dakigu. Horixe da etorkizuna.


6

Victor Iriarte

Bilbo, 1976

Zinemagilea