Kafe aleak 85
k&g
 Aritz Galarraga
Beti Mugan   -   Batzen
GOR diskak - 1991
bo



 

Futbolsofi aldaketak

Hankapilotaz baino ez dakienak ez daki deus ere hankapilotaz ere.
                                        SOKRATES BRASILEIRO

Gola sartu zuen Joseba Llorentek. Horraino dena normal. Normal edo. Arrazoi duzue, ez da beste jokalari batzuk bezain, nola esan, estetikoa, baina logikaren baitan sartzen da Joseba Llorentek gola egitea, Hiesaren aurkako txertoa asmatzearen aldean behintzat. Bide batez, elkarrekin jokatzen genuenean gol gehiago sartzen nituela esatea ez litzateke justua, gezur borobila izateaz gain. Baina ez pentsa, nik ere izan dut idilio labur bat golarekin. Beste batean kontatuko dizuet. Edo, itxaron, akaso ez da izango beste batik eta horra: Real Unionen jokatzen nuen urte hartan, aurrelari. Golik sartzen ez eta pixkanaka postua atzeratzen joan nintzen, punta erdi, atzeko erdilari, erdiko defentsa. Azken jardunaldian sartu nuen gol bakarra, zelai erditik. Irakaspena zein den? Auskalo, gure aurrelari segaila baloia hanketan bezala sentitzen naiz horrelakoetan.

Gola sartu zuen, beraz, Joseba Llorentek. Inguruko katalanak aldiz lasai antzean, bi goleko aldea zuen oraindik Barsak, hogei minutu baino ez ziren falta partida amaitzeko. Gola sartu, bat eta hiru, elastiko horia altxa eta, urteak betetzen dituen izeba zoriontzeko mezua espero nuenean, harrapazank, olagarro bat, edo begi bat, edo begi bakarreko olagarro bat. Eta bi hitz: Beti Mugan.

Hara, musikaz hitz egin nahi eta futbolarekin hasi. Zaila da garaiari izkin egitea, denok ez gara Messi bezain abilak. Ez dut esango ahaztua nuenik, ez dut esango memoria selektiboaren albo-kalte zenik, baina momentu hartantxe ez nuen presente Beti Mugan. Gaztaroa bezala, agian, seme bat ohean, alaba bat bidean, zera prosaikoagoak nituen buru estu honetan. Beti Mugan eta gaztaroa, inkontzienteki elkartu dira hemen ere, ez alferrik gaztaroko soinu izan nuelako banda. Ez bakarra, noski, baziren talde gehiago. Gogoan dut hamalau urterekin Dut deskubritu genuenekoa, eszena ezin rural-kitschagoan: lagunaren baserrian, petak erretzen sagardoa edaten, eta nola isilik, zupadak gorabehera, irentsi genuen Duten estreinako hura, hasi eta buka. Baina Dut esperientzia sano luzeagoa izan da nire bizitzan, hartu ditu, eta markatu, aro bat baino gehiago.

Beti Muganez ari ginen, musikaz edo. 98an atera zen Batzen, taldearen ia abesti guztiak biltzen dituen lana. Esango nuke erosi nien lehen diskoa izan zela eta bakarra. Ordurako ordea buruz nekizkien kanta guztiak, ez galdetu nola, ez dut gogoratzen kontzerturik, ez dut gogoratzen kaseterik, baina guzti guztiak ezagutzen nituen. Pentsatzen dut, nahi gabe ere, idorreko haizea sartzen zitzaigun bezala sartu zitzaizkigula kanta horiek ere, tontamentean.

Azken batean ez da hain aldrebesa, geografia bat partekatzen genuen, kanta haiek eta guk, guk eta banda hark. Belaun bat zaharrago ziren taldekideak, baina oso gertuko jendea, lagun minaren anaia zen gitarra bat, zenbat ordu pasako nituen haien etxean, Mario Bros kontsolatzen, zenbat aldiz ikusi nuen hirugarren anaia bat, gaur futbol talde garrantzitsu bateko entrenatzaile (hankapilota forever), garai hartan jokalari, lesioak konpontzeko maxinekin. Kantantea bera, bizilagun, nola ahaztu etxe azpiko zelaitxoan, berak jakin gabe, eskaintzen zizkidan topless saioak, paradisua lurrean ere existitzen denaren frogarik behinenak. Bagenekien aita ETAk hil ziola, gauza jakina zen, baina inork inoiz ez digu ezer gehiago esan, guk ezer galdetu ere ez, noski, nola bada, eta murmurio antzeko batzuk baino ez zaizkit geratu, haren ogibideez, bozaren jaiduraz. Auskalo. Semeak behintzat, alaba ez dut gogoan, ikastolara joaten ziren, edo etortzen. Eta ez dakit datu horrek zerbait esan nahi duen. Geografia bat partekatu arren ez baita beti dena partekatzen.

98an atera zen Batzen. Ez dakit zenbat aldiz entzungo nuen diskoa, entzuna nuen dagoeneko, ez galdetu non, ez dut gogoratzen eta. Gainera zerbait bukatu zen urte hartan, herria uzteko ordua iritsi zen, futbol aktiboa, unibertsitatera joatekoa, hiri berri bat, jende berri bat, soinu banda berri bat. Futbolsofi aldaketak, hitz gutxitan: handik aurrera Jack Kerouack irakurri genuen, mugak gugan daudela egiaztatu, zalditik jaitsi ginen, pentsa, gizarte honen hiztegia onartzera ere iritsi gara. Eta zure odola edatearena, tira, nahiago kokakola light.

Barsak laugarren gol bat sartu zuen gau hartan, eta garaipen argiarekin bukatu zen partida. Berehala jakin nuen zergatik luzatu zuen kamiseta hura Llorentek, Beti Mugan berriz bueltatzekoa zen, eszenatokietara, Irunen, azken aukera apika. Eta, katalanez inguratuta aspaldian, ezin izan nuen kontzertura joan, ez nuen modua aurkitu, nola azaldu izan nintzenarekin atzera elkartzeko aukera nuela. Orain berotan ez dakit nahiko nukeen ere, gauza ugari mugituko ziren, ez dakit muturren aurrean ikusi nahiko nukeen jada garai hura joana dela. Agian hobe horiek denak dauden lekuan, oroitzapenentzako errausterik
ezean, futbol zelai polit baten lur azpian.

Aritz Galarraga
Hondarribia, 1980
Musikazalea







Creative Commons-en baimena