Kafe aleak 86
k&g
Juanra Prado
Sparklehorse - Good Morning Spider
Capitol, 1988


bo





Mark Linkousek 2010ean utzi gintuen, beti bigarren maila lasai batean pasatu zuen ibilbide labur baina bikaina egin ostean, izen handietatik urrun, baina kritikak nahiz Tom Waits, Daniel Johnston, PJ Harvey eta beste artista askok miretsia, ez baitzuten zalantzarik izan Sparklehorse izenarekin izenpetzen zituen diskoak osatzen zituzten sehaska kantu inperfektu baina zoragarrietan aterpe hartzeko.

Good Morning Spider bere bigarren lana da; Linkousek bere beldur, ikara eta egonezin guztiak irauli zituen anomalia zoragarri honetan, hainbat gogo-aldartetatik pasatu ondoren lortutako txatalak diruditenetatik sortutako diskoa eratu baitzuen. Hain zuzen ere, diskoaren baliorik handiena txatal izate horretan datza, jatorri ezberdineko ebakin izate horretan, horrek dakarren inperfekzio eta irregulartasunean.

Play tekla sakatzen dugunetik, argi geratzen da ez dela izango entzule guztiei gustatuko zaien lana. Diskoa bere kanturik onenetakoa izango zenarekin hasi beharrean, Painbirds itzela, bigarren lerroan jartzen du eta entzuten dugun lehena Pig da, ostiko bat hankartean Sparklehorsen munduan sartzeko Good Morning Spider-era kuriositatez hurbiltzen den edozeinentzat.

goo





Lehenengo hartu-eman hau nahasgarria bada ere, Linkousek nolanahi ere utzitako ondarerik onena belusez dotore bilduta dator, eta bere kantarik zakarrenetan iraultzen dituen amorrua eta frustrazioa alde batera uzten dituenean eskaintzen digu Linkousek bere alderik onena. Kantu ederrak, esaterako, Saint Mary hunkigarria, ingresatuta egon zen ospitaleari eskainitakoa (bere buruaz beste egiteko saiakera baten ondoren egon zen bertan –denboraldi batez gurpil-aulki bati lotuta utzi zuen saiakerak–); Daniel Johnston beste outsider horren bertsio ederra (Hey, Joe), Sunshine hildako Vic Chesnuttek lagunduta... edo azken finean Good Morning Spider-eko nire kantu gogokoenak eta bere ibilbideko kantu delikatu eta politenetako bi direnak (polita guztiz nokeatuta uzten zaituen hori izanik, esku artean duzuna uztera behartzen zaituena zure zentzumen guztiak kantari eskaintzeko), Maria ́s Little Elbows, eta Hundreds of Sparrows hunkigarria, Sparklehorseren musikan hain presente dagoen dikotomiaren adibide ezin hobeak eta Mark Linkousen burutik pasatzen zenaren isla ere badela uste dut, kantarik zirraragarriena sortu eta oparitzeko gai zen tipo bat, baina baita “mundu triste eta eder” –hala zioen bere debutean– honi agur esateko gai ere bazena, bularrean tiro bat eginda.

Funtsean, Sparklehorseren musika atentzioa deitzeko modu bat izan da beti, nire ustez, edo, zergatik ez, laguntza eskaera larri bat, mundu honetan bere lekua aurkitzen ez zuen pertsona batena. Lehen diskoaren aurreneko kantuan batailan hiltzear den Rikardo III.a aipatzea nahikoa esanguratsua iruditzen zait zentzu  orretan (“Zaldi bat, nire erreinua zaldi baten truke” da Linkousen ahotsean entzuten dugun lehena bere aurreneko lanaren – Vivadixiesubmarinetransmissionplot– hasieran). Baina kuriosoena da agonia horri modu latz edo eskuraezinagoan ihesbidea eman beharrean, Sparklehorse taldearen kantuek urrumatu eta beroa ematen dizutela, beren unerik delikatuenek transmititzen duten berotasunarekin eta Linkousen ahots xuxurlariarekin biltzen zaituztela. Saint Mary, Come on In, Junebug edo Good Morning Spider osatzen duten gainerako kanta zoragarriak entzutea baltsamo sendagarri bat bezalakoa da, inguratzen gaituen mundutik desintoxikatzeko terapia, tamalez, guk nahi genukeena baino pertsona gehiagok, Linkousek bezala, uzteko ezin eutsizko beharra sentitzen duten mundu hori.


Juanra Prado

Beasain-Donostia, 1976

Editor de discos


*Argazkia: DJ Jones




Creative Commons-en baimena