Kafe aleak 87
k&g
 Asier Gogortza
Laddio Bolocko   -   As if by Remote
Hungarian Records - 1999
bo




Ostatua ixteko musika

Ba omen dira zenbait musika tabernak ixteko egokiak direnak. Zeinek ez dio
noizbait erran tabernariari “ostatua itxi nahi duk edo?” musika ustez lasaiegia
jarri duelarik. Taberna batzuetan, gainera, ageri da nahita egiten dutela hori,
jendea bidaltzeko. Mikel Laboaren Izarren hautsa jartzea jendea eskobarekin
jotzea baino eraginkorragoa izan daiteke goizeko hiruretan. Ez beti, ordea. Aski
da norbaitek letra ezagutu eta emozionatzea, guztiz kontrako efektua egiteko.
Orduan, akabo!

Bertze zenbait kasutan, berriz, abesti zehatz bat jartzea ostatua itxi behar duten
seinale izaten da, Iruņeko Txukindenen jartzen zuten abesti xelebre hura bezala,
lehen notak entzun bezain laster jendea ostatua husten hasten baitzen, eta
abestia burutik ezin kendurik, hurrengo tabernarako bidea txistuka egiten zuten
denek batera, sinfonia ibiltarian.

Baina zer gertatzen da tabernak itxi eta gero? Musika kendu eta ixiltasunaz
gozatzen gelditzen ote dira kamareroak?

Bertzeek eztakit zer eginen duten, nik nirea kontatuko dut:

Demagun ostiral gaua dela, goizaldeko 4ak. Gau osoan zerbezak ateratzen ari on-
dotik, azkenean bidali ditut azkeneko bezero mozkorrak. Ederki kostata bidali ere.
Ateak eta leihoak itxi ditut. Ezker-eskuin begiratu eta ostatua hutsik. Azkenean...
Atorraren maukak bildu eta hondarreko lanak egiteko prestatu naiz; kafetera garbitu, edalontzi hutsak bildu, dirua kontatu, eskoba pasatu, makinak itzali... gaueroko lanak.
Orain dela minutu eskasa oihuak eta begiak zeuden tokian, ixiltasuna eta hutsa.
Ederra bakea. Lan egunaren bukaerako nekea, kea, betiko jendea eta betiko solasak buruan burrunbaka, taka, taka, taka... eta hori guzia lehenbailehen erantzi eta etxera joateko gogoa.

Gaueko azken zigarroa bildu bitartean pantailaren parean jarri naiz, musika
karpetak bilatu ditut; reggae, folk, pop, munduko musikak, rock... gau osoan
karpeta horietan bilaka aritu naiz jendearen gustuko musika jartzeko. Baita nere
gustukoak ere, noski. Baina bada disko bat denek alde egiten dutenerako gor-
detzen dudana. Momentu honetarako, alegia. Ttikitan goxoki bat ematen zigu-
tenean eta denen aurren jan beharrean, sakelan geroko gordetzen genuenean
bezala, bakardadean dastatzeko.

Rock... Laddio Bolocko... As If By Remote... play!... eta piztu dut zigarroa.
Soinu-mahaiaren gurpiltxoa hartu dut bi behatzen artean eta pixkanaka bo-
lumena igotzen hasi naiz. Kun-kukun, kun-ku-kun... hasi dira lehen bateria
kolpeak xuabe-xuabe... Kun-ku-kun, kun-ku-kun... ozenago... Kun-kukun,
kun-ku-kun... oraindik ozenago... kun-ku-kun, tukun-ku-kun... se-
gundo batez begiak itxi ditut, arnasa sakon hartu eta hasperena eginez atera
naiz mostradoretik. Ezinegon puntu bat ematen du horrelako bolumenarekin
ostatua hutsik ikusteak.

Aulkiak igo ditut mahaietara
kun-ku-kun, kun-ku-kun
eskoba hartu dut
kun-ku-kun, tukun-ku-kun
zigarrokinak, paperezko serbilletak, palilloak, hautsa... egun guztiko bezeroen
arrastoak multzo batean pilatzen joan naiz... eta bitartean belarrietatik
kun-ku-kun, kun-ku-kun
baltsamo bat bezala
kun-ku-kun, tukun-ku-kun
eta bat-batean saxo uholdea
poroboroboroboroboooooooooooooo
bizkarraldean hotzikara eragin dit
poroboroboroboroboooooooooooooo
irri ttikia ezpainetan, azkarrago eragin diot eskobari
kun-ku-kun, kun-ku-kun, kun-ku-kun, tukun-ku-kun

Asier Gogortza. Bera, 1976
Musikazalea
asiergogortza.net





Creative Commons-en baimena