Kafe aleak 88
k&g
 Isabel Etxeberria
Hefner   -   The Fidelity wars
Too Pure, 1999
bo




Nire maitalea ote zen galdetu ohi zenidan barrez. Lanetik bueltan etxera heltzen
zinenean harekin topatzen ninduzula askotan. Nik ere barre egiten nuen zurekin
batera, a ze tontoa, edo antzekoren bat esanda. Eta musika aparatuaren bo-
lumena jaisten nuen, apur bat lotsatuta. Egia esan, zuk uste baino gehiagotan
entzuten nuen Hefner. Gehienetan, zu itzuli baino lehentxeago bueltatu ohi nuen
CDaren kaxa armairura, urduri, lapurren erara, aztarna oro desagerrarazi nahian.
Are deserosoagoa zitzaidan gogoratzea zeuk aurkeztu zenidala haien musika.
Zeuri esker iritsia nintzen Darren Haymanengana, eta horrek larriagotu egiten
zuen traizioa. Aitortu dezadan egia: autoan ere entzuten nuen, ikastarotik buel-
tan. Bolumena askotxo igo behar izaten nuen azalpenezko intro xuabeak entzu-
teko —zorionekoak motor zaratatsuko auto zaharrak!—, eta klimax erabatekoan
amaitzen nuen, ahots betean aldarrikatuz neuk ere maite nuela neskak nire ohean
erretzen ikustea. Zure aurrean itxurak egiten saiatzen nintzen. Nola azaldu bihotza
gelditu egiten zitzaidala “I don’t want to stay in love” esaldiaren osteko bat-bateko
isiltasunean? Nola ulertarazi Darren Haymanen eta bion arteko kidetasun kos-
mikoa? Are gehiago, nola aditzera eman, nire zintzotasuna zure aurrean txiki-
txiki eginda utzi gabe, arnasa estutu egiten zitzaidala diskoaren hasierako “one...
two...one, two, three, four” entzun bitartean? Desleialtasun zitalagorik!

Zarautzera ere joan ginen, Hefnerkideak ordurako banatuak zirela, Darren
Hayman beste bi musikarirekin jotzen ikustera, eta han ere adar-jotze bera egin
zenuen. Isabelen maitalea ikustera etorri gara. Eta Forkiren ulertezintasunari
erantzunez: etxera itzultzen naizen guztietan harekin harrapatzen dut. Barre
txikia egin genuen hirurok. Eta gero, kontzertua entzun bitartean, neu izan
nintzen, itxurazko axolagabekeriaz eta zirtolari, ahoa zure belarrira hurbildu
eta txantxa egin behar izan zuena. Jesus, gizon hau institutu garaian ez zen
ba gelako popularrena izango. Udalekuetan nahikotxotan ipiniko zioten honi
hortzetako pasta begietan, lo zegoela. Une horretan “I love no one else, I love
only you”-ka ari zen Darren, eta bihotza zikin sentitu nuen.

Duela aste batzuk, autoan gindoazela, Kafe aleak libururako zer disko aukeratuko
nuen galdetu zenidan. Eskua abiadura-palankara hurbildu nuen, eta bolantera
itzuli nuen berehala, martxa aldatu ere gabe. Ez dakit ba. Eta isiltasun baten
ostean: Hefnerren bat igual. Darren guapoaren taldea?, galdetu zenidan. Barre
txikia egin nuen. Beste behin. Ze disko? Ez nago ziur. Atzerako ispilura eraman
nuen begirada. The Fidelity Wars igual. Eta gero, neure baitarako: jakina.

Isabel Etxeberria Ramírez
Donostia, 1975
Musikazalea





Creative Commons-en baimena