Kafe aleak9
k&g
Bego Montorio
Barbara - Barbara
Impact - 1968

bo

Audioa ez da zehazki testukoa


Barbara, iragan minik gabe

–Arrastorik ere ez daukan hire bizitzako soinu banda osatzen duten doinu gehienak nork sortu ote zituen, askoren izenekin ere, antzera habil, zer demontre idatziko dun hik disko batez?

–Bo, bo, barruan zeuzkanat musika horien oihartzunak, nire izatearen parte ditun… –Halaxe nire burua eta nire beste burua, alferreko demandan.


Gogora etorriko zitzaizkidan melodiak kokatzen jakingo ote nuen zalantzak ez zuen luzaroan iraun, aspaldiko lagun ditudan soinuen artean argi nabarmentzen hasi baitzen Barbararen ahotsa.


–Ikusten? –nire buru harroxkoenak zuhurrenari– LParen azala ere gogoratzen dinat, hortxe egongo dun, egongelako armairuan, Barbara bera agertzen dun, Barbararen potreta, zuri-beltzean. Hoa bila, eta ikusiko dun.


Barbara agertzen da diskoaren azalean, bai, eta diskoaren izena ere horixe da,
Barbara, horrela, biluzik. Bilduma bat izan arren –1964-1968 bitartean grabatu zituen diskoetako kanten aukera bat–, Impact etxekoek le meilleur de…, greatest hits… edo tankera horretakorik ez jartzeko sentiberatasuna izan zuten. Barbara aurrez aurre, haren soako sakona azalean, haren ahots zirraragarria biniloan.


Noiz entzun nuen lehen aldiz? Ideiarik ere ez. Dakidana da hogeita gutxi nituen garaitik datozkidala haren aurreneko oihartzunak, gerora Barbararen kantuek hainbatetan sorrarazi didaten zirrara –fisikoa– horrekin batera. Eta badakit, baita ere, ahotsak baduela horretan zeresanik, jakina, baina ez da Barbararen ahotsa gehien erakartzen nauena (maiz laztandu edo aztoratu banau ere). Ez eta haren kantatzeko modua (hain gustukoa dudana), ez eta kantuek diotena ere. Horren guztiaren batuketa da liluratzen nauena, dosi egokitan nahastutako elementu askoren emaitza.


–Gogoan dun
Mes hommes kantua? “…Ils marchent le regard fier, mes hommes, Moi devant, et eux derrière, mes hommes…”.


–Eta hik, gogoratzen al dun nola kantatzen zuen? Ahots gozoaz, probokazio eta harrotasun neurtuaz… Ez, garai haietan, gure musika erreferentzia gertuenetan, emakumeek ez zitiztenan taula gainean horrelakoak horrela kantatzen –behingoagatik, adostasuna erabatekoa da nire buru barruan–. Guretzat berria zunan Barbara, iradokitzailea, erakargarria, oso.


Harrezkeroztik, ez dugu harremana galdu, nire soinu bandaren parte bilakatu da Barbara. Ez da egunerokoa, baina lantzean-lantzean entzun ohi dut, eta beti zait erakargarri, egun ere lagun ditudan adiskide zaharrekin egotea gustagarri zaidan bezalaxe.


Gure harreman horretan badaude iraganeko oihartzunak –hark ere maite zinan Juliette Greco,
Deshabillez-moi beti iruditu zaidan zoragarria, hiri ez?–, baita gertuagoko kezkak ere –”Le mal de vivre / Qu'il faut bien vivre / Vaille que vivre…”, lehengoan horren bideoa ikusten egon nindunan ordenagailuan, eta larrua laztu zitzaidanan!–. Eta badaude bestelako gozamenak ere: entzutea, besterik gabe, hitzei gehiegi erreparatu gabe, hitzei ere erreparatuta…; txinparta sortzen da beti, non edo non.


Monique Andrée Serf Neuilly-sur-Seinen hil zen 1997an, baina Barbara gurera etortzen ohi da, noizik eta behin. Adiskidea dut-eta. Zelan ez, entzuten dudanero halako zirrara –baita fisikoa ere– sorrarazten badit!

Bego Montorio

Bilbo, 1959

Musikazalea