Kafe aleak 90
k&g
Ima Paralux
Nine Inch Nails   -   The Fragile
Interscope Records - 1999
bo



The Fragile | Nine Inch Nails
Interscope Records, 1999
Ez naiz sekula izan izenak, zigiluak, diskoak edota edizio urteak buruz ikasiz
gozatzen duten horietako bat. Gauza bera esan dezaket 1981eko Realeko
jokalarien zerrendaz. Biek ala biek garrantzi berbera dute niretzat. Hala ere,
futbolari buruzko daturik gogoan gordeko ez dudala ondo dakidan arren, ez
zait hala gertatzen musikarekin. Oharkabean izen bat, hitz bat edo melodia bat
ezagutzen dudanean, memorian grabatuta geratu ohi zait ezinbestean.
Ez dut gogoan noiz entzun nuen NIN lehenengoz, baina ordutik palindromo txiki
horrek lekutxoa du nire lehentasun musikalen artean.

Bost urteko isilunearen ondoren, Trent Reznorrek 1999an The Fragile argitaratu
zuenean, kritikariak eta jarraitzaileak bat zetozen itxarotea merezi izan zuela.
The Downward Spiral diskoak langa goi-goian utzi zuen arren, laugarren lan
honek ez zuen kale egin. 23 kantu, bi CDtan banatuta, Left eta Right, hasiera-
tik bukaerara entzunez gero infernu gorriaren mugetara eramaten zaituztenak,
erabateko barealdietatik pasatuz, azkenean egoera ilun-ilunetara heltzeko, kon-
posizio osoari edertasun bitxia emanez.

Reznorren beraren hitzetan, konposizioa, konponketak, ekoizpena eta soinuaren
diseinua gauza bat eta bakarra balitz bezala hartuz sortu zen The Fragile. Eta oso
nabarmena da hori. Koherentzia ikaragarria du lan osoak. Konposizio bikain hau
osatzeko, teknikak, estiloak, oihuak, marmarrak, distortsioa, zarata, harmoniak,
disonantziak, erritmoak, progresioa, errepikapenak eta ehundurak maisuki kohe-
sionatzen dira gitarra, baxu, bateria, biolin, kontrabaxu, txelo, piano, bibrafono,
ukelele, slide-gitarraren notez eta nabardura elektronikoz jositako hainbat eta
hainbat geruzatan, gainera, Trent Reznorren ahots bereziaz hornituta.

nin

Bartzelonan hasi zen The Fragile diskoaren bira, 1999ko azaroaren 14an, eta
ni bertan nengoen. Egia esatera, lehenengo minutuak nahasgarriak izan ziren.
Rockeroegi entzuten zen dena eta nik bilatzen nituen soinuak ez ziren inondik
agertzen. Bigarren abestirako, ordea, ez nuen ezer sumatzen faltan. Noski, en-
tzuten ari nintzena ez zen diskoa, baina bost axola. Berriro ere NINek harrituta
nindukan. Eszenaratzeak nire aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Reznorrek
kanta bat bestearen atzetik jaurtitzen zigun, eta aurrez aurre geundenok ez
genuen detaile bat bera ere pasatzen utzi nahi. Ikus-entzunezko muntaiak
hainbat planotan hartzen zuen eszena, eta horrek, musikarien kalitatearekin eta
argiztapen zehatzarekin batera, ikuskizun bikaina eraiki zuen. 565 kilometrok
eta 3.800 pezetak eraman ninduten haraino, eta bueltan memorian gordetzen
dudan kontzerturik onenetako bat ekarri nuen.

Zalantzarik gabe, Trent Reznorrek dena izan du esku-eskura industriaren
produktu huts bat gehiago izateko. Eszenaren divo bihurtu nahi zuten: gaztea,
bihurria eta famatua, depresioa, drogak eta heriotzaz inguratutako iragan zaila
bizkarrean. Baina berriro ere, Reznorrek gehiagotan erakutsi duen koherentziaz
eta zuzentasunaz, ateaz aurpegian eman zion mainstream osoari. Bere
kontzertuetan bere musika lapur dezatela eskatzen du, oparitzeko eta lapurtzen
jarraitzeko, bere azken bi diskoak Creative Commons lizentziapean argitaratu
ditu eta modu independentean lan egiten du, diskoetxerik gabe.

Berari buruz esan izan da bere garaiari aurrea hartu ziola eta inoizko 100 artistarik
onenetako bat dela. Nik bakarrik esango dut jenio hutsa dela eta The Fragile
NINek oparitzen digun jenialtasuna dela. Bizitzan inork gal ezin dezakeen bidaia.
Eser zaitez, igo bolumena eta itxi begiak. Horixe da oraintxe bertan behar duzuna.


Oharra: 1981ean Realak Liga irabazi omen zuen lehenengo aldiz bere historian.



Ima Paralux. Caracas, 1965
Bideogilea
seriesnegras.org




Creative Commons-en baimena