Kafe aleak 91
k&g
Luis Arrospide
Gorky's Zygotic Mynci - Spanish Dance Troupe
Mantra Records - 1999

bo



Hantxe bertan nengoen ni, argazki lauso bat, Cortazarren testu bat eta Gorky’s Zigotic Mynciren diskoa aldean nituela.

Aurrean, jendetza sarrerako atean pilatuta, eta ikara sortzen zuen isiltasuna. Emakume bakartiak kapela arraroak jantzita, gizonak propio dotoretuta. Ehunka bikote zeuden, aurpegia hainbat gauk eta malkok zimurtutakoak. Batzuek elkarri heltzen zioten eskutik, arinki, begirada galduta. Beste batzuk, elkar saihestuz, besterik gabe. Pertsona izandako mamuak zeuden, eta mamu baino ez ziren pertsonak.

Nola eraman ez zen kontu hutsala. Askok paper marruskatutan zeramatzaten idatzita, denborak eta oinazeak zimurtuta. Beste batzuek kartoizko kutxa kokorroilduak zamatzen zituzten, ondo itxita zinta isolatzailez, ez zedin bat ere galdu bidetik. Guztien erdian, agure konkor bat, musika-kutxa zahar bati arreta handiz eusten, noizbehinka erdi irekiz eta begiratuz, neguko ilunabarretan hark jartzen zion tango hura marmarrean kantatuz. Gero pixkanaka ixten zuen, zaratarik egin gabe eta enegarren aldiz agurtzen saiatzen zen. Oroitzapen batzuek sua bailiran erretzen dute.


Cortazarren testuak, argazki lausoak edo Gorky´s Zigotic Mynciren diskoak bezala: Mexikon bizi izandako 6 hilabete haiek. Hegoalde zaharrak, izan baziren argiak. Gainetik betiko atera nahi nituen oroitzapenak.

Disko hura, Spanish Dance Troupe, Hallway-ren samurtasun psikodelikoarekin hasten zen, Chapultepecetik paseo amaiezinak egiteko eta beti garaiz heltzen ziren gutunetarako soinu banda. Handik desfilatzen ziren She Llves on aMountain-eko tronpeta dirdiratsuak edota Over and Out-eko minimalismo magikoa ere, Zapata Metroko kabina zahartuan alegiazko itxaron-gela izan ziren kantuak. Telefonoaren bestaldean, ia munduaren bestaldean, zoriontasun-balak jaurtitzen zituzten promesak. Desolation Blues-eko erotasun pesimista taupakariak, eta lumaz egindako konponketa nahaspilak ere, unigorputz garaiak eta bizitza zoriontsuak besterik ez zuten iragartzen.

Faraway Eyes-eko kutsu countrya bere begi urrunak ziren Xochimilcoko argazki lauso hartan, eta Murder Ballad-en erdi aroko malenkonia Cortazarren ipuin hura musikaz hornitzen zuen memoria atzaparkada bat. Ahots dardartiz egunsenti batez irakurri zidan huraxe. Biok nahi genuen Axoltl izan. Eta musikari galestar haien karabana berean sartu gnomo eta druidaz mozorrotuta, euriaz nazka eginda dena uzten zuten horiek Espainian barrena ibiltzeko Spanish Dance Troupe-arekin. Bilbotik Madrileraino. Ardoa edan eta Maria ederra ezagutzeko, harekin dantza egiteko. Zoriontsu izateko.

---------------------

Disko hau sei hilabete izan ziren Mexikon, argazki lauso bat, Cortazarren testu bat... Baina oroitzapenak ezabatzea ez da lan makala. Esan diezaiotela Joel eta Clementinari, kapela arraroak zeramatzaten emakumeak, gizon dotoretuei, aurpegia negarrak zimurtutako bikote horiei. Oroitzapenak isilean ematen dira, listua irentsiaz. Eta behin utzi dituzula, buelta ematen duzu, nahasia oraindik, ilunpetik ateratzen, berriro hasten zara amets egiten.

Usaina burko laranja batean, hortzetako eskuila bat, Sr. Chinarroren disko bat.


Hegoalde berriak, izan badiren argiak.



Luis Arrospide

Donostia, 1977

Musikazalea, blogaria

ezlekuek.wordpress.com




Creative Commons-en baimena