Kafe aleak 92
k&g
 Irene Ormazabal Fernandez
Vainica Doble   -   En familia
Elefant Records - 2000
bo




Vainica Dobleren jarraitzaileak ez gara ugari, baina bai, ordea, oso sutsuak.
Oparia da, zorte handia guretzat, Carmen Santonja eta Gloria Van Aerssenen
kantuek ukitu eta hunkitu izana. Askok, lehenbizikoz entzutean, hori zer arraio
ote den esaten dute. Zaharkitua, aflamenkatua, arraroa eta nik dakita zenbat
gauza iruditzen zaie.

Asko dago esateko Vainicari buruz, ihes egiten didan hainbat gauza. Eta musika
eta kultura popularrari buruzko ikasketak serioago hartuko balira, haiei buruzko
doktore-tesia egin lezake baten batek. Nik taldearen meritu nagusitzat hartzen
ditudanak aipatuko ditut soilik: joera eta talde garaikideekiko independentzia
erradikala; hitzetan pop eta rockean ordura arte jorratu gabeko gaiak (adibi-
dez, amatasuna, haurrak, animaliak, eguneroko bizitza); femenino antzeman
daitekeen ikuspuntua, baina estereotipoetatik lekutara dagoena; eta, batez ere,
unibertso propio, berezi, original-originala sortu izana, amaraun baten moduan
harrapatzen zaituena, eta bertatik irteteko gogoa kenduko dizuna.

Doktore-tesirik ez egon arren, egon badago Vainica Dobleri buruzko liburu bat,
Fernando Márquezek idatzia 1982an. Liburuko atal batean bikotearen zaleek
idatzitako testu laburrak biltzen dira, eta bertan Vainicaren musikarekiko ha-
rremanari buruz aritzen direnean gehien errepikatzen diren ideiak “bat-bateko
maitemina” edo “maitasun istorioa” dira. Azken hori definitzen saiatzen dire-
nean, “samurtasun kritikoaz” aritzen dira, xalotasun eta maltzurkeriaren arteko
nahasketaz, hitzen poetikaz, abestien egituren originaltasunaz eta ahotsen har-
moniaz, eta azkenik, Carmen eta Gloriaz ari direnean “sorgin” eta “maitagarri”
hitzak dira errepikatuenak, baina ez pentsa zentzu peioratiboan diotenik, gogo-
ratu zaleak direla.

Hori guztia zen eta da Vainica, eta kontuan izan laudorio horiek idatzi zirela
azken hiru diskoak argitaratu aurretik: Taquicardia, Carbono 14 eta En fami-
lia. Ez dira beren diskorik onenak, baina Vainicaren diskoak dira. Carbono 14
(1997), zehazki, diskografia osoko eskasena dela esan ohi da, bereziki ekoizpen
kaskarragatik, baina hala ere, nabarmenduko nuke txarrena izanda ere, abesti
bikainak biltzen dituela. Pot eginda geratu ziren disko horrekin, diskoetxeak ziria
sartu zielako sentipena zuten, eta hiru urte geroago, berriro grabatu zuten baina
kantuak nahierara egiteko askatasun osoa eman zien diskoetxe batekin: Elefant
Records. 2000. urtean ikusi zuen argia En familia diskoak, Carmen gaixorik
zela. Eta agur usaina dario, heriotza inguratzen duen memoriaren intentsitatea,
bizitza osoari gainbegiratua.

En familia du izena: ekoizpena eta konponketak Gloriaren seme Álvaro de Cár-
denasek eginak dira. Laura de Cárdenasek abesti bat idatzi zuen, seme-alabek
eta bilobek koruak egiten dituzte eta tresnak jotzen dituzte. Azken abesti bildu-
ma hau aurreko kantuekin lotzen jolas gaitezke: Chiribitas de limón eta Carame-
lo de limón; Don Marcial eta Fulgencio Pimentel; El rey de la selva eta El oso po-
deroso; El chalé eta Un metro cuadrado, eta Vainica amonak sentituko ditugu,
denbora abestien gainean pausatua, abestiei eskarmentu handiagoz helduz. El
ruido kantua baliteke aurreko diskoaren zoritxarreko ekoizpenari erantzuna iza-
tea, isiltasunaren aldarrikapena. El museo kantuan Laura de Cárdenasek ezin
hobeto islatu zuen gure heroien asaldura: “No quiero ir a otro museo / que me
entran ganas / de tirarlo todo por el suelo” (Ez dut beste museo batera joan
nahi, dena lurretik botatzeko gogoa ematen dit eta). Carbono 14-n ordenaga-
iluaren birusari abesti bat egin zioten era berean, Página en blanco izenekoan
telezaborra agertzen da, baretasunari aurre egiteko. Nana en Re delakoan
haurren fantasiara itzultzen dira beren bilobekin: “Vamos a cazar todos juntos
gamusinos” (Goazen denok batera gamusinoak ehizatzera), maitasun horrek
eraman ditzala uzten dute, ironiarik ez da; La flor de la canalla-k, ordea, amona
rockzaleen azken kartutxoak erretzen ditu, beste biloba nagusiago baten bila
abiatzen direnean Madrileko tabernazuloetan barna. Eta Vainicak betiko joan
zitzaizkigun El Paisaje kantuarekin: “Mira / ven aquí / todo lo pinté / pensando
en ti / solo / para hacerte soñar / y reir” (Begiratu, zatoz hona, zugan pentsa-
tuz margotu nuen dena, amets eginarazteko, barre eginarazteko) eta orduan
konturatzen gara masailetan behera irristatu zaizkigun malkoak lurreraino erori
direla. Ipuina, a ze pena, amaitu egin da.


Irene Ormazabal Fernandez. Elgoibar, 1978
Musika jartzailea
placidayeye.blogspot.com






Creative Commons-en baimena