Kafe aleak 93
k&g
 Julen Azpitarte
Lookey Dookey   -   bilduma
Crypt Records - 2000
bo




Tim Warren rock’n’roll arkeologo eta Crypt Records diskoetxe zantarraren
jabeak 50eko hamarkadako rhythm and blues artista ezkutuekin onduriko
bilduma da Lookey Dookey. Aipaturiko zigiluak etxera bidali zidan katalogoan
aurkitu nuen. Egunkarietako paper finarekin eginiko izendegi mardul bezain
taliban hura 50’s R&B, 60s early 70’s soul/funk, 60s Punk, Instrumentals &
Surf, eta antzeko ataletan atonduta zegoen. Hain zuzen ere, 50’s R&B horretan
agertzen ziren diskoen iruzkinetako adjektiboei erreparatzen nien zur eta lur,
hala nola, cheesy (kalitate txarrekoa, baina xarmaduna), greasy (grasatsua),
frenzy (frenetikoa), edo stomping (gogor zanpatzen duena). Grabazio horietako
artisten izenek ere nire jakin-mina piztu zuten ziztuan, tartean, Esquerita,
Richard Berry, Young Jessie edo Screamin’ Joe Neal. Hala, musika beltzaren
esparru koipetsu horretan murgiltzen hasi nintzen, The Gories hirukotearen
diskoek eragindako estreinako zirrara tarteko.

Unibertso horretan sartu eta berehala bilduma hau eskuratu nuen. Bertan, ge-
rora niretzat askoz ere ezagunagoak egingo ziren musikariak entzun nituen le-
hendabizikoz: King Coleman soul eta r&b kantariaren ahots baxu eta oihularia
(bildumak bere kantutik hartzen du titulua); Jerry McCainen aho-soinua; Big
Maybelle andre drogazalearen ahots urratua; Detroiteko Fortune diskoetxearen
labelarekin zetorren Andre Williams lizuna; Bunker Hillen garrasi lunatikoak...
eta horrela 20 kantu bildu arte, tartean, Bobby Long & His Satellitesek jasotzen
duten Mojo Workout, nire ustez diskoko doinurik onena.

Bildumak oraindik biziki maite dudan beltz ezezagun mundrunezko zingira
deskubritu zidan. Gerora rock’n’roll izenarekin ezagutuko genuen estilo zuriaren
betunez blaituriko jatorria. Kantu motzak; erritmo bizi eta basatiak; musika
tresnak, batez ere, bateria, gitarra, saxo eta pianoak, eta ahotsak mugara
eramanez, alegia, soinu-adierazgailuetako orratzak gorrian jarri arte; gehienetan
ordu gutxi batzuetan grabaturikoak, eta sosik eragin ez zutenak. Testu hau
amaitzen dudan artean, Xabier Montoiaren azken liburuari izenburua ematen
dion kontakizuna datorkit burura, alegia, Fucking Artists narrazioa. Kontatzen
dena irakurri beharra dago Artista Puta horiek sorrarazten duten miresmen
irrazionala ulertzeko. Hortaz, totally smokin’ 50s R&B hoot!


Julen Azpitarte. Bermeo, 1971
Musika kazetaria
nazioanfibio.wordpress.com





Creative Commons-en baimena