Kafe aleak 94
k&g
 Idoia Breñas González de Zarate
Yo La Tengo - And then Nothing turned Itself Inside-Out
matador - 2000
bo




Behin, lagunekin musikari buruz ari ginela, bat-batean batek ea zein izango litzatekeen gure diskoa galdetu zuen, hau da, gure bizitzan ezinbestekoa zen diskoa aukeratu behar genuen. Eztabaidan hasi ginen, azpimarratuz ezinezkoa
zela disko bakarra aukeratzea, uneak agintzen baitu zein musika aukeratu. Hainbat disko genituen buruan. Dena den, nire lagunekin hizketan nengoela burura etortzen zitzaidan uneoro disko eta talde berbera; ez nuen inolako zalantzarik nire diskoa Yo La Tengo taldearen And Then Nothing Turned Itself Inside-Out zela. Nolakoa den bizitza, ezta? Urteak eta urteak musika entzuten, kontzertuez disfrutatzen, eta hainbeste eskaintzaren artean beti dago talde bat,
edo disko bat. Nire kasuan oso erraza izan zen... eta hau ez da oso normala nire bizitzan beti zalantzan nabilelako edozein gauza erabakitzeko... baina tira, musikarekin behintzat ez da horrela izan.

90eko hamarkadatik ditut Yo La Tengo taldearen erreferentziak eta, ez nago ziur, baina nire lehenengo aukera zuzenean ikusteko 1995 inguruan izan zen, Electr-O-Pura diskoaren biraren barne. Gogoan dut iraileko ostiral aspergarri batean izan zela. Ikaslea nintzen eta oraindik oporretan nengoen, horregatik kontzertu batera joatea beti erakargarria iruditu zait. Hortaz, pozik heldu nintzen hara baina erreferentzia gutxirekin, taldea ez nuen asko ezagutzen eta. Kontzertua hasi eta berehala hunkigarria iruditu zitzaidan. Oso ondo gogoratzen dut kontzertu hura, oso berezia iruditu zitzaidalako Irak teklatua jotzeko zeukan modu hori, edo Georgiaren ahots suabe hori, hari bat bezala eta, nola ez, gitarra jotzeko modu hori. Dena ezberdina iruditu zitzaidan. Nola esan? Aldrebes eraikitzen den musika iruditu zitzaidan eta berehala lotu nuen nire dantzatzeko modu aldrebesarekin. Egia esan, erabat hunkitu ninduen eta erreferentzia musikal bihurtu zitzaidan.

YLT

Hortik aurrera saiatu nintzen taldea jarraitzen, baina dakizuen moduan bidean hainbat proiektu interesgarrirekin egiten dugu topo eta galduta ibili nintzen urte batzuetan. Horregatik ez nion ondo erreparatu I Can Hear the Heart Beating
as One diskoari. Dena dela, 2000. urtean nire eskuetara berriro heldu zen Ira, Georgia eta Jamesen disko berria, And Then Nothing Turned Itself Inside-Out, eta modu magiko batean berehala diskoaren barruan sartu nintzen hortik irteteko aukerarik gabe. Hamahiru opariz osatutako disko hau nire bizitzan sartu zen inoiz ez ateratzeko. Everyday kantarekin hasten da diskoa eta honekin berehala sartzen zara Yo La Tengok sortzen duen atmosfera berezi horretan. Everyday-ren kutsua erabat iluna da... baina Our Way to Fall-en itxaropena eta alaitasuna aurkitzen dugu. Hurrengo kantuan, Georgiaren ahots berezia entzun dezakegu inolako apaindurarik gabe. Laugarrenean mugimendua eta alaitasuna leku guztietatik aurkitzen dugu. Last Days of Disco eta The Crying of Lot G kantuetan Ira Kaplanek berriro lasaitasunera hurbiltzen gaitu. Hurrengoan zurrunbilo batean sartzen gara ahots ezberdinen nahasketari esker. Orduan Tears Are in Your Eyes heltzen da tristura sorrarazteko prest eta, katarsi bat bezala, Cherry Chapstick agertzen da haien gitarrak desegiten. Bat-batean katarsia mozten da From Black to Blue eta Madeline abestiekin. Bukatzeko, Yo La Tengoren atmosfera berezi horretan sartzen gara berriro Tired Hippo-rekin eta, batez ere, 18 minutuko Night Falls on Hoboken amaiezinarekin.

Nik esaten dudan moduan, diskoa biribila da eta paisaia, emozio eta leku ezberdinetatik pasatzeko aukera ematen du, gorputz eta ariman sartuz.
Idoia Breñas Glz. de Zarate “Uhina”
Gasteiz, 1972
Musikazalea






Creative Commons-en baimena